Pilotari bizimodua bukatu du Garikoitz Arrietak (Olaberria, 1975). Afizionatutan jokatzen 27 urte igaro ondoren, aldaka gastatuak behartu du uztera. Olaberriarekin Herriarteko sei txapel eta banaka nahiz binaka 30etik gora irabazi ditu. Ekainaren 25ean jokatuko du azkena. Gero, pilotak biraka segi dezan, gazteekin eta herrian lanean jarraituko du.
Pilotaritza uztera zoaz. Zuriz jantzita zenbat urte?
Berandu hasi nintzen, 20 urterekin, Jesus Mari Albisuk zirikatuta. 47 dauzkat; beraz, 27 urte. Urte asko dira, eta asko ibilita. Ordura arte ere kirola egiten nuen, palaz gomazko pilotarekin. Arkupe elkarteak txapelketa herrikoia antolatzen zuen, nahiko indartsua,eta jendeak parte hartzen zuen. Hor hasi nintzen. Albisuk larruzko pilota probatzeko esan zidan. Andoni Berasategi ere ezagutzen nuen, nire kintoa, ordiziarra, eta probatzen hasi nintzen, Ordizian. Beti Oiangu klubean jokatu dugu.
Garai hartan gomaz asko egiten zen.
Baliteke. Gaztetan gauzak errazago egiten dira. Gomaz bastante jokatuta iritsi nintzen larruzko modalitatera. Gomak erakusten dizu tanto luzeak jokatzen, tantoa mimatzen. Larruz hasieratik hasten direnek tantoa segituan bukatzeko joera dute. Goma eskola ona da. Gero, bestetik, urte bat osorik entrenatzen bakarrik pasatu nuen. Gaur egun zaila da gazte bat entrenatzen bakarrik ikustea, edozein kiroletan. Lehiatu nahi dugu. Orain ere, 10-11 urtekoek txapelketa eskatzen dute.
Nire helburua ikastea zen; Oiangun talde polita tokatu zen, adin beretsuko 8-10 bat lagun, maila politekoak eta gogotsu, eta gora egin genuen. Nahiko azkar hartu genituen Oianguko ardurak. Zuzendaritza osatu genuen. Ordura arte dena Albisuk egiten zuen, baita Idiazabalgo Atxurbiden ere: izen-emateak, materiala, entrenamendu taulak…
Beti Euskal Herri mailan aritu zara?
Bai. Hasiera samarretik jende onarekin borrokatzen genuen, eta denbora gutxian goian sartu ginen, emaitzak etorri ziren, eta horrek animatu egiten zaitu. Nik lesio handirik ez dut eduki. 2019tik pistoia jaitsita daukat, aldakan desgastea diagnostikatu zidaten, eta jada nahikoa da. Baina 2019ra arte txapelketa ofizial guztiak jokatu ditut. Gonbidapeneko torneoetatik ere deitu digute, eta asko jokatu ditugu. Urte bukaerarako, kilometro asko. Beti afizionatu mailan, baina dedikazio handiarekin.
Profesionaletatik tentatu zintuzten?
Profesionalek pala luzean jokatzen dute, eta afizionatuek orokorrean paleta larruz eta pala motzean. Motzean destakatzen duenak probatzen du pala profesionalean. Berandu haste horrekin, agian, eta goi-goiko emaitzak jada 30 urteren bueltan etortzeak, pala profesionalaren olatua pasatuta harrapatu ninduen. Niri ez didate deitu, eta ez nuen inoiz ikusi aukera bezala. Orain ere erdi-profesionalak dira, ezin dute hortik bizi, oso diru gutxi irabazten dute eta beste lanen bat behar dute.
Etxean zenbat txapel dauzkazu?
Asko, 30etik gora. Kaxa batean dauzkat. Denak asko kostatzen dira. Zorionez, afizionatu mailan, nire pareko ia txapelketa guztiak edo gehienak irabazi ditut. Espainiako eta Euskal Herriko federazioak beti gaizki moldatu izan dira, eta orain ere ez dira ondo konpontzen. Gure garaian ez zegoen batere harremanik, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pilotariek Espainiakoa ez zuten jokatzen; justu-justu Donostiako Realak. Euskal Herrikoan zentratuta geunden, eta kluben apustua ere hori zen. Azken sei-zazpi urteetan dena aldatu da. Federazioak ez dira ondo konpontzen, baina maila gehiago nola Espainiakoan dagoen, pilotariak eta hemengo klubak ere hura jokatzen ari dira, batzuk hango klubetan sartuta. Ni goren mailan aritu nintzen garaian, Espainian jokatzea planteatu ere ez genuen egiten.
Oraingo egoerak mina ematen dizu? Euskal klubak eta pilotariak Espainiakora joatea, bertakoa ahulduta.
Niri min ematen didana da ez dudala erreakziorik ikusten Euskal Federazioan. Euskal pilotako modalitate pilo bat kudeatzen ditu, eta Espainiakoak lau-bost. Palan gertatzen ari den ihesarekin ez dute erreakzionatu. Euskal Herriko txapelketak orain oso maila gutxi dauka. Nafarrak beti izan dira erreferente, baina lehen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako onenek Euskal Herrikoa jokatzen zutenez, nafar on batzuk ere etortzen ziren. Orain,onenak Espainiakoan ari dira, eta Euskal Herrikoa debaluatuta dago. Horrek pena ematen dit, eta federazioak ez du erreakzionatzen.
Herri bezala ere, zer pentsatua eman beharko luke: euskal pilota, eta beste egitura baten menpe geratzen ari da.
Noski. Guk Olaberriko elite txapelketara munduko onenak ekartzen ditugu, eta Tolosa, Paue eta Frantzian iparreragoko tokietan, palan hemen baino hobeto ari dira lanean, teknifikazioarekin eta serio. Horregatik ateratzen dira munduko txapeldunak frantses-frantsesak; ez Iparraldekoak, frantsesak. Iparraldean ere ia gu bezala daude. Frantziako Federazioak diru gehiago inbertitzen du iparrerago.
Egoera honetara zergatik iritsi da, hemen arreta ia guztia eskuari eman zaiolako?
Alde batetik, bai. Beste modalitateak oso justu daude. Orain zestarekin eta erremontearekin sartu da ETB. Lagunduko die horrek, nahiz eta emaitzak segituan ez ikusi. Baina urte askoan esku pilota bakarrik izan da.
Etorkizunean zer beharko litzateke?
Ikusten ez den kirola gutxitua da, beti. Palak jarraitzaileak baditu. Facebooken-eta streaming bidez ematen ari gara partidak, eta Argentinatik, Mexikotik jendeak ikusten du. Guk hangoak ere ikusten ditugu. Espainiakoek euskaraz ematen ditugun partidak ikusten dituzte. Herriarteko txapelketako Ordizia-Olaberria Andaluziatik ere jarraitu eta ikusi dute. Badago afizioa, baina sakabanatuta. Bestetik, hemen bertan, jendeak ez du ezagutzen pala. Pala entzun, eta zuloak dauzkan pala eta gomazko pilota dela uste du. Nire kuadrillako askok ere ez dute inoiz ikusi. Eta ez baduzu ezagutzen, nola probatu?
Herriartekoa bukatu duzue. Zer izan da zuentzat txapelketa hori?
Guk oso serio hartzen dugu. Poz asko eman dizkigu. Besteak bakarka edo bikoteka dira; Herriartekoa taldeka, zure herria ordezkatuz. Guk asko bizi dugu. Emaitzak hor daude. Harro esaten dugu, oraintxe bertan, Donostiak zazpi txapel dauzkala eta Olaberriak sei. Lan asko egin dugu, eta emaitza eduki dugu.
«Etxean 30 txapel baino gehiago dauzkat. Denak asko kostatzen dira. Zorionez, nire pareko gehienak irabazi ditut»
«Palan gertatzen ari den pilotari ihesarekin ez du erreakzionatu euskal federazioak»
«Olaberria asko ari da irabazten herri bezala. Batez ere eskolak eta inguruko jarduerek lagundu diote»
Erakusleiho polita izango da herrirako, gazteak eta umeak zaletzeko, erakartzeko, herriaren izenean arituta?
Asko kostatzen ari zaigun erronka da gure kirola zabaltzea. Ez Olaberrian bakarrik, Goierrin ere bai. Urte asko daramagu, emaitzak lortu ditugu, klub mailan txapelketak irabazi ditugu, eliteko txapelketa antolatzen 7-8 urte daramagu Olaberrian, eta munduko onenak etortzen dira. Palako Messi eta Cristiano Ronaldo Olaberrian egoten dira. Onen-onenak. Eta debalde egoten dira. Udalak laguntzen digu, ekonomikoki esfortzu bat delako, eta guk lana egiten dugu. Eta, hala ere, jendearengana iristea kostatzen zaigu.
Baina egia da, baita ere, pixkanaka ari garela. Pandemia garaian hasi nintzen gazteak entrenatzen, eta lehenengo taldeko 12-13 gazte, neska-mutilak, jada berealdiko pilotariak dauzkagu. Gazteekin hasita gaudela, elitekoa, Herriartekoa… Herrian giro bat sortzen ari gara. Ea horretan sakontzen dugun eta aurrera egiten duen.
Herrirako ekarpenak egiteko zalea zara, arlo askotan.
Niri gurasoek esan zidaten herrian parte hartu behar dela, eta hori beti eduki dut. Aitak herriko gaztaina jana antolatzen zuen, eta zuhaitz igoera ere bai. Ama herriko talogileetan ibiltzen zen, soziedadean jatordu handiak prestatu behar zirenean beti hor zen. Herrirako oso parte-hartzaileak izan dira. Herri kirol talde bat ere egon zen, nik 20 bat urte nituela. Festarik festa ibili ginen, beste herri batzuen kontra: Zegama, Zerain, Seguraren kontra… Zeba aldizkarian kirol atala nik egiten nuen. Urte batzuetan parte hartu nuen han ere.
Olaberriko parte-hartzea eta herri giroa nolakoa ikusten duzu?
Beti falta izan da herrira jotzen duen jende asko batera bultzaka. Olaberria asko ari da irabazten herri bezala. Batez ere eskolak lagundu dio. Gure garaian, herrian giro askorik ez zegoen. Nik kuadrilla Lazkaokoa izan dut, eta han ibiltzen nintzen. Baina, hala ere, festetan eta, oso herrikoa izan naiz, Gabonetan abesten beti atera izan naiz. Nire kinto batzuek Beasainerako joera zuten, beste batzuek Lazkaorako, eta gaztetan ez zegoen halako elkartzeko motiborik.
Orain, eskola txikia dagoenetik, umeak herrian hazten dira, 12 urte arte bada ere. Lan asko egiten ari da Kuttun guraso elkartea, eta eskolaz kanpoko asko daude. Gaur da eguna San Joan suan, adibidez, herriko dantzariak, txalapartariak, txistulariak… ateratzen direna. Herriko umeekin egiten dira ekitaldiak. Prestatu dira, eta gazteekin herrian sortu da kultura-mugimendua, lehen ez zegoena. Hori eskolak egin du, eta inguruko jarduerek. Oso positiboki ikusten dut bilakaera.
Herriko kaskoa ere hazi egin da, eta hori ona da. Lehen lau etxe zeuden. Etxeak eraiki dira, eta kanpotik etorritakoetan ere denetik dago: batzuek lo egiten dute, baina beste batzuk integratu dira, umeak izan dituzte. Herrirako positiboa izan da.
San Joan festak datoz orain.
Olaberrikoak historikoki festa onak egunez izan dira. Gauez ez da ezer egon ohi, nahiz urte batzuetan kontzertu handiak jarri, Etsaiak, Exkixu, Anje Duhalde… Baina bukatu eta ordu erdirako ia inor ez zen geratzen, denak Segurara. Gabezia tabernena daukagu, festetako poteoko erronda bat egiteko falta dira. Aurten udalak eskatu digu, eta udaletxe azpian jarriko dugu. Badakigu beharra dagoela, eta taldetxo bat ari gara antolatzen. Festetako bileran ere jada gazte talde polita zegoen, eta lehen baino gogo gehiago ikusten dut.
Askorena ematen dutenetakoa
Tokitan geratu da esaera hura, ‘Denek eman behar dute zerbait…’. Olaberrian, beste leku askotan bezala, gutxi batzuek egiten dute asko. Horietakoa da Garikoitz Arrieta. Gurasoen esana zintzo bete du, herrian parte hartu behar zela esan ziotenetik. Pilotari, pilota erakusle, herrian diren pilota txapelketa ugariren bultzagile, eta makina bat saltsatan gehiagotan badabil.
Batetik, Arkupe elkartean. 80 bazkidetik gora izan ziren, baina 60tik behera doaz. Bi urteko zuzendaritza aldia tokatutakoan alde egiten du zenbaitek. Ez horrela Arrietak. Festetan taberna jartzekotan dira udaletxepean, gaueko giroa zerbait piztuko den itxaropenean. Horretan dabilen bat da bera.
Bestetik, jaietan pilota erakustaldiak, haurren krosa eta bestelakoak ere antolatzen ditu. Urtean behin, elkartean bertan, herriko sagardo txapelketa ere prestatzen du. Etxean ekoizten dutenen arteko juntadizoa izan ohi da. Berak ere egiten du, probatu dutenek diotenez «goxoa».
Mekanizazioko langilea, ikasketaz Goierri Eskolan eta lanez Lazkaon, tailer mekaniko batean bazkide da. Orduak, nahi adina. Kuadrilla ere Lazkaon du, han ibili baitzen ikastolan. Baina geratzen zaizkion ordu apurrak Olaberriarako dauzka. Datorren urteko udal hauteskundeek ez dutela limurtuko dio. Ezetz dio, ez duela bere burua hor ikusten. Izan ere, edozein udal agintarik estimatuko duen herri langile gisa jarraitu nahi du, eta jarraituko du.
Azken pilotakadak herriko festetan joko ditu, ekainaren 25ean. Herriarteko 9. finala azken unean zapuztu zaio taldeari, baina herriartekotasuna ez.