Saioa Etxezarreta Larrañaga (Gabiria, 2003) aktoreak txikitatik izan du gustuko antzerki mundua, baina duela hiruzpalau urte gogor ekin zion bere ibilbideari, eta gaur egun, ikaslea izateaz gain haurren antzerki irakaslea ere bada.
Antzerkiak zer eman dizu arlo pertsonalean?
Niretzako antzerkia terapia handi bat izan da, pertsona bezala hazteko ezinbestekoa, eta honi esker naiz egun naizena. Lehen nituen beldur eta segurtasun ezak alde batera uzteko terapia izan da, eta horri esker, nire buruari erabat asetzen nauen mundu bat jarri diot begien parean, hazten jarraitzeko aukera paregabea.
Duela gutxi ‘Manicom Place’ antzerkia egin zenuten Beasainen, eta joan den astean zu irakasle zaren haurren taldearen antzezlanaren txanda izan zen. Nolakoa izan da esperientzia?
Oso harrera ona izan du publikoaren eta zinemako lan taldearen artean. Manicom Place guk idatzitako obra da, eta gizarteari kritika handi bat egiten zaio bertan, garrantzia ematen ez diegun auziak mahaigaineratzen baititu. Haurren antzerkiari dagokionean, klaseetako desastrea kontuan izanda –entseguetan adarra jo zigutela ematen du–, Usurbe Antzokiko oholtzan bikain egin zuten. Oso harro nago haietaz.
Aurrera begira baduzue beste proiekturik esku artean?
Irailean ikastetxeetara zuzendutako antzezlan bat idazten hasi behar dugu. Oraindik erabat zehaztu ez dugun arren, menpekotasunen ingurukoa izateko ideia darabilkigu buruan. Gazteengana iristea izango du helburu lan honek, eta argi dugu antzerki baten bitartez hobe helaraziko zaiela mezua, eta askoz aberasgarriagoa izango dela esperientzia ohiko hitzaldi batekin alderatuz.
Zer esango zenuke dela antzerki mundutik zailena?
Hasieran lotsa kentzea eta ausardia hori lortzea zaila izaten da, eta irakasle bezala, hau da ikusten dudan zailtasun nabarmenena orokorrean. Horrez gain, nire ustez zailena pertsonaia benetan barneratzea da. Hasieran asko kostatzen zitzaidan, baina horri buelta ematea lortu dut eta orain ez dut sentitzen pertsonaia bat egiten ari den Saioa naizenik, pertsonaia bera naizela sentitzen dut.
Erlaxazio ariketak, isiltasuna, arnas ariketak… Musika lasaia jarri eta ibili egiten gara, pertsonaia barrutik sentitzen hasteko; nola ibiliko litzatekeen, nola jokatuko lukeen… Ondoren pertsonaia horrek nola hitz egingo lukeenaren arabera hasten gara hizketan, eta behin guztiok barneratu dugunean gure pertsonaia, elkarrekin hitz egiten dugu, pertsonaien arteko harremanak nolakoak izango liratekeen definituz.
Aurrera begira nora gustatuko litzaizuke heltzea? Zein helburu duzu?
Gustatu, gustatu… ahal den urrunen joan nahi dut. Horretara bidean hasi naiz casting-ak bidaltzen eta erantzunen bat ere jaso dut. Ezezkoa jasota ere aukera bezala ikusten dut casting bakoitza, izan ere, nahiz eta agian ez naizen egokia momentuan eskatzen duten pertsonaia antzezteko, behintzat bertan ezagutzen naute jada. Hiruzpalau ezezko jaso ditut pertsonaia zehatz baten bila zebiltzala eta, baina guztietan nire gaitasuna goraipatu dute eta zoriondu egin naute, beraz, pozik geratu naiz. Horrez gain, etxean beti esaten didate antzerkia afizio bat dela, ez ofizio bat, eta hori oso garbi dut. Hala ere, gustatuko litzaidake antzerkia ofizio izatea egunen batean.