LGTBI+ pertsonen alde urratsak ematen jarraitzea, erreferenteen beharra eta legearen babesa ezinbestekoak direla nabarmendu du German Urteagak trans gizonak.
Ulerterraza da LGTBI+ kolektiboko kide ez diren pertsona batzuentzat (lesbianak, gayak, trans, bisexualak, intersexualak, eta arauz kanpoko beste edozein identitate edo orientazio sexual, hala nola asexualak), ekainaren 28a, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna, bezalako egun bat beharrezkoa ez izatea. Ikusten ez dena ez da existitzen. Hori da egun honen funtsezko oinarrietako bat. Normatiboa edo gehiengoa errealitate bakartzat kontzienteki edo inkontzienteki hartzen den mundu batean, LGTBI+ pertsonak bizitzako alderdi askotan desagertu egiten dira edo ikusezin egiten dituzte. Pertsona batek erabaki jakin batzuk hartu behar dituenean, eta ez duenean gogoratzen edo ezagutzen gure gizarteak errealitate desberdinak dituela, ohikoena da erabaki horiek alde batera uztea edo herritarren zati bat ikusezin bihurtzea. Horretarako heziak izan gara, kontzienteki edo inkontzienteki, nahiz eta horrek ez lukeen justifikatu beharko.
Ikusezina den hortaz hitz egitea eta normalizatzea asko kostatzen da, ez baita existitzen. Adibide soil batekin erraz uler daiteke: Zergatik da iraingarria pertsona batzuentzat saltoki handien kate batek, familiekin egindako iragarki batean, bere irudiren batean bi aita edo bi ama erabiltzea? Erantzuna sinplea da: oraindik ez dagoelako normalizatuta hori gizartearen irudi gisa, nahiz eta talde eta mugimendu kontserbadore eta sasi-progresistak saiatzen diren normaltasun faltsu honetan konbentzitzen. Errealitatea da oraindik ez dagoela normalizatuta, eta hori berdintasunezko ezkontza onartu zenetik 17 urte bete direla, adibidez. Are zailago pertsona trans-ak badira.
Hori saihesteko modua da ulertzea errealitate normatiboak bakarrik islatzeak ikuspegi partziala emango duela, eta kanpoan utziko duela normala ez den guztia. Eta hain zuzen ere, gizartea askotarikoa da, zentzu guztietan.
Gai horren bueltan, German Urteagarekin (Beasain, 1995) berriketan, azpimarratu du, «azken urteetan urrats handiak egin badira ere, oraindik egiteko asko dagoela», batez ere, «trans» munduari dagokionez. Urteagak berak ere, bide luzea egin behar izan du baina orain lasai esaten du, bera gizona dela. Bide luze horretan, galdera asko, eta erantzun gutxi izan ditu. «Saiatzen zara erreferenteak bilatzen, nire kasuan, sare sozialetan aurkitu nituen islatuta senti nintekeen pertsonak».
Erreferenteak, pertsonak, gure bizitzaren isla diren sinboloak ikustean, orduan konturatzen zara benetan zure bizitzak garrantzia duela. Uste duzunean inork ez duela bizi nerabezaroko prozesu bera, esperientzia traumatiko bat edo marjinalitatea, bitxikeria bat zarela uste duzu, horregatik, ikusaraztea garrantzitsua da.
Legea gizartea baino atzerago
Nahiz eta ekainaren 28a, Harrotasunaren Eguna, jai-ekitaldi bihurtu den, ez du galdu Stonewall-en (AEB, 1969) jatorrizko ikuspegia; kolore askoko gizarte batean bizi garela aldarrikatzeko eguna izaten jarraitzen du. Era berean, beste gizarte eta herrialde batzuetako LGTBI+ pertsonak gogorarazteko eguna ere bada, non zuzenean ez diren existitzen, edo heriotza zigorrera kondenatuta dauden normaltasunaren parametroetatik kanpo daudelako. Beraz, LGTBI+ Harrotasunaren Eguna, oraindik, «garrantzitsua da», bi oinarri nagusi islatzen saiatzen delako: ikusgarritasuna eta autoafirmazioa.
Urteagak dio «pertsonalki iraganean behar bada arreta gehiago» jartzen ziola egun horri, «egunerokotasuneko zerbait bihurtu delako niretzat LGTBI+ borroka, baina bai, data garrantzitsua da, fokoa jartzen zaiolako LGTBI+ kolektiboari». Dena den, azpimarratu du, «urteko gainontzeko egunetan ere jarri beharko litzaiokeela arreta, eta oraindik, askok, urteko beste egunetan ahaztu egiten gaituzte».
Izan ere, NAN-ean sexua eta izena aldatzea prozesu «luzea» eta momentu askotan «oso deserosoa» izan da Urteagarena; «hain juxtu, atzo, ekainak 23, lau urteko borrokaren ondoren, lortu dut nire NAN eta pasaportea nire izen eta sexuarekin».
Urte hauetan mediku, psikologo eta epailearen aurretik pasa behar izan du, dokumentu horietan sexua aldatzeko. «Orduan konturatzen zara gizarteak egin duela aurrerapauso gehien, zeren legeari dagokionez, gizartea bera baino atzerago doa, transfobia gehiena legearen aldetik jaso dut», eta hori ez da «onargarria».
«2018an, operatu ahal izateko eta hormonekin hasi ahal izateko, behar zen psikologo edo psiquiatra baten txostena, beraz, psikologo pribatu batengana joan nintzen, osasun publikotik are luzeagoa delako oraindik, eta esan zidan berak egindako txostenarekin, legalki sexu aldaketa egin ahalko nuela, trans legea indarrean zegoela pentsatuta, eta sei hilabete zain egon eta gero, ezezkoa eman zidaten». 2019ra arte izena aldatzeko eta sexu aldaketa egiteko bi urte hormonetan egon behar zen. Trans legeari esker, prozesua «arintzea» lortuko litzateke, eta hain zuzen ere, asko hitz egin da trans legearen inguruan azken urteotan. «Kontua da PPk izoztuta zeukala, eta ondoren, PSOErekin berdin gertatu zela, beraz, urteak aurrera doaz, eta oraindik trans legerik ez da onartu, nahiz eta askok uste duten indarrean dagoela».
Ekainaren 28a, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da, kolore askoko gizartea aldarrikatzeko eguna
Gaur egun oraindik, ez dago normalizatuta LGTBI+ pertsonak gizartearen irudi gisa erabiltzea. Are zailago, pertsona trans-ak
Urteaga duela ia hiru urte hasi zen hormonak hartzen eta «behar» duen zerbait dela dio, «behar bat», alegia. Gaur egun sexua legalki aldatu ahal izateko bi urteko hormonazio prozesutik igaro behar da derrigor. Batetik, pertsona trans guztiek ez dituzte hormonak hartzen, eta bestetik, legalki sexua aldatu ahal izateko –eta duela gutxi arte izena ere bai– bi urtez zain egon beharra lotsagarria eta oso gogorra da».
Horrez gain, epailearen erantzuna izan zen «genero-identitatearen nahasterik ez nuela, seguraski hormonazio prozesua hasi gabe nuelako oraindik. Izan ere, NAN dokumentuan sexu aldaketa onartzeko, genero-identitatearen nahastea daukazula demostratu behar da. Urtegaren iritziz «lotsagarria da gaixotasunaren trataera ematea».
Ekainaren 28an, LGTBI+ kolektiboaren ikurra, ortzadarraren koloreak dituen bandera, erakunde publikoetako balkoietan zintzilik jarriko dute. «Ondo» dago ikusgarritasuna ematea, baina Urteagak nahiago luke, agintari politikoek «berehalako neurriak» hartzea, «haien erantzukizuna da bere herritarren eskubideak alde batera ez uztea».
Heziketa «funtsezkoa» da
Kontzientziazioa, prestakuntza eta sentsibilizazioa «funtsezkoak» dira esparru guztietan, eta horregatik, badira urte batzuk, hitzaldietan eta solasaldietan parte hartzen duela Urteagak, eskoletan, besteak beste, hain zuzen ere, eskola adina duten gazteek «erreferenteen beharra» izan dezaketelako. «Nire esperientzia kontatzen diet, uste dut, antzeko egoeran egon daitekeenarentzat oso lagungarri izan daitekeela», eta pozik dago, geroz eta ikastetxe gehiagotatik jasotzen duelako hitzaldiak emateko proposamena. Dena den, uste du hezkuntza sisteman ere «ausartagoak izan eta gehiago egitea posible» dela, adibidez, «irakasleei zuzenduta formakuntzak antolatuta».
Harrotasun Egunik behar ez den eguna iritsi arte, «esparru guztietan eragitea beharrezkoa izango da».
Kontzeptuak argitzen
Erreportajean zehar LGTBI nomenklatura erabiltzen da, hainbat subjektu kontuan hartuz. Jarraian, hainbat kontzepturen inguruko argibideak.
- Gay, lesbiana eta bisexualak. Pertsona ez-heterosexualak edota sexu bereko pertsonekiko erakarrita sentitzen direnak. Nahiz eta kategoria horretan erabat eroso ez sentitu, talde horretan sartuko ditugu, definizioarekin bat egiten dutenak (marika, bollera, queer homosexual…)
- Trans. Jaiotzerakoan esleitutako generoarekin bat ez datorren genero nortasuna duten pertsonak izendatzen ditu.
- Intersexualak. Beren anatomiak, edo, zehazki, sexu-organoak anbiguotzat klasifikatzen dituzten pertsonak, bi sexu hegemonikoekin bat egiten ez dutelako.