Hamabost bat urte izango nituen Segurara txaranga bat etortzen hasi zenean. «Kuxkuxtu, kuxkuxtu» esaten zuten; makurtzeko, alegia. Ipar Euskal Herriko lagunek osaturiko txaranga bat zen, festa giroa sortzen zuen eta hantxe egoten ginen, baina giro hark bazuen zerbait berezia.
Ordura arte Iparraldea zein Hegoaldea askotan aipatu banituen ere, ederki nabaritu nuen ez genuela elkarren egoera soziokultural, linguistiko eta abarren berririk. Garai hartan, gurasoek eta beste zenbait lagunek mugaz bi aldeetakoek elkar ezagutzea ezinbestekoa zela ikusi zuten.
Harremanak sortzeko, gure herria osotasunean ezagutzeko eta inposaturiko mugari aurre egiteko zerbait egin behar zela, eta horrelaxe hasi ziren Iparra-Hegoa antolatzen.
Niretzat, festa giroaz gain, Ipar Euskal Herriko lagunak, bizipenak, arazoak, ohiturak, musika taldeak eta abar ezagutzeko bidea ireki zen eta ezezaguna nuen zerbait gertuago sentitzen hasi nintzen.
Gereziondoa
Hasieran, Seguran bertan hasi ginen Iparra-Hegoa ospatzen; orduan landatu zuten orduko (eta oraingo) kideek gereziondoa. Hasierako edizio haietan, Kuxkuxtu txarangarekin tabernaz taberna ibiltzen ginen elkartzen ginen berrogeiren bat lagunak. Elorripe zaharrean zenbat ordu sartu ote genituen! Ondorengo urte batean Iparraldean ere ospatu genuen Hegoa-Iparra eta esperientzia aberasgarria izan zen guztiontzat. Pixkanaka, ekimenean gehiago parte hartzen hasi nintzen, txandak egiten, antolaketan… Bertso afaria zen niretzat egunik berezienetako bat; Elorrin elkartu, afaldu eta liburuxkak hartuta mahaitik jaiki gabe egoten ginenekoa. Zazpiak oihal batetik abestia ere txarangarekin ikasi nuen eta orduz geroztik hamaika aldiz kantatu dugu urte hauetan guztietan.
Iparra-Hegoa, herria egitea da niretzat, Euskal Herri aske bat eraikitzea, non eta Segurako plazako karpan! Lagunak egin ditut, jende asko ezagutu dut, errealitate ezberdinetatik edan dut eta hogeita bost urte geroago, helburu dugun horretarako bidea elkarrekin eraikitzen jarraitzen dugu. Baina Iparra-Hegoa auzolana ere bada, herritarrek egindako lanari esker egiten den ekimena. «Sukalde komandorik» ez balego, paperak karpetan sartuta dena antolatzen ibili diren horiek egon ez balira (eta ez baleude), dastaketa, bazkari eta abar luzeetan lan egin (egiten) duten herritar gazte eta ez hain gazteen eskulanik egon ez balitz, ez zen Iparra-Hegoarik izanen.
Mila esker
Beraz, mila esker apustu zoragarri honen parte zareten guztioi eta jarrai dezagun beste 25 urtez Euskal Herria eraikitzen!