Legazpin bizi den Melod El Boukili marokoarrak janari salmenta ibiltariaren negozio bat du. Festaz festa dabil, hanburgesak saltzen.
Nork ez du festetako parranda gau luze horietako batean indarrak hartzeko hanburgesa bat jan? Patata, kepchup eta mahonesa eta guzti, gainera. Herrietako jaietan aspaldikoak dira hanburgesak, saltxitxak edo ogitartekoak gau osoan zehar saltzen dituzten furgonetak. Goierri aldean ezagunak dira Melod El Boukili marokoarrak dituenak, hori bat eta bi gorri. Legazpin bizi da Melod, eta 2009tik dabil lanbide horretan. Pandemiako une gogorrak gaindituta, festarik festa dabil berriz ere, parranderoen gosea asetzeko prest.
Marokokoa da Melod El Boukili (1980), Fez ingurukoa. 2000. urtean iritsi zen Espainiara, eta Andaluziara jo zuen lehenik, 20 urte besterik ez zituenean. «Urte hartan migratzaileok dokumentuak legeztatzeko programa bat jarri zuen martxan gobernuak, eta nik neureak erregularizatu nituen».Tarte batean Andaluzian lanean ibili ondoren, Zumarragara etorri zen.
Hemen lana aurkitu zuen, metal arloko tailer batean, eta gutxira, 2003an, etxea erosi zuen Brinkolan, anaiarekin batera. Izan ere, «paperak eta lana banituen, baina etxebizitzarik ez». Immobiliaria batean hitz egin zioten Brinkolako etxeaz. «Zumarragan etxebizitza bat alokatzeko zailtasunak genituen, ez zeudelako, eta zeudenak garestiak zirelako. Brinkolakoa salgai zegoela esan ziguten, eta hasieran alokatzeko asmoa bagenuen ere, azkenik erosi egin genuen». Auzoa ez zuen ezagutzen, baina leku egokia iruditu zitzaion, bizitzeko lasaia. Baina herrigunetik urruti dago, eta familia osatu eta umeak izan zituenean, herrira joan zen. Han bizi da orain, emaztea eta sei seme-alabekin.
Bitartean, lantegian jarraitu zuen lanean, baina 2008ko krisiarekin, lanpostua galdu zuen, eta han eta hemen lan bila ibili ondoren, autonomo egin eta saltzaile ibiltari bezala hasi zen, gauetan hanburgesak eta beste salduz.
Pandemiaren ondoren, lanean
Melod 2009tik dabil festarik festa furgonetarekin, parranda gauetako gosetiak asetzen. Hanburgesak, saltxitxak, saltxipapak, sandwichak, patatak, ogitartekoak eta edariak saltzen ditu.
Poliki-poliki hasi zen mundu horretan, negozioa geroz eta hobeto zihoan, baina pandemia iritsi zen. Bi urte egon ziren geldirik, diru sarrerarik gabe, baina aurrera ateratzea lortu zuten. «Urte batzuk oso onak izan genituen, eta aurrezkiak genituen, gure kulturan ohikoa delako aurreragorako eta ustekabekoetarako gordetzea. Gastuak kendu, eta aurrezki horiekin, ondo antolatu, eta aurrera egin genuen. Gainera, Brinkolako etxea nirea da oraindik, eta alokatuta daukat. Familiakoei alokatzen diet beti, baina hori ere diru iturria da».
Pandemia amaitu denean eta festak ospatzen hasi direnean jarri da berriz martxan Melod, baita haren langileak ere. Izan ere, furgoneta bakarrarekin hasi zuen negozioa handitzea lortu du, eta orain furgoneta gehiago ditu, eta horietaz arduratzeko, baita langileak ere. Pandemiaren ondoren, apirilaren amaieran egin zuten lehen ateraldia, Zumaiara. Gero Legazpiko festak etorri ziren, Hegialde auzokoak…
Uda osorako lana
Urte batzuk igaro dira furgonetarekin lehen aldiz atera zenetik, baina Melodek ez du ahaztu. Lanbidea anaiarekin ikasi, eta Lesakara (Nafarroa) joan zen lehen aldian, neguan, abere feria batera. Gero, lagunei galdetuz, festak non ospatzen ziren jakin, eta aurrera. «Hasieran baimenik gabe joaten nintzen, ez nekielako oso ondo nola funtzionatzen zuen lan honek, baina ikasi nuen, eta gaur egun dena ondo egiten dut».
Gipuzkoan hamar enpresa daude salmenta ibiltari mota hau egiteko, eta denen artean banatzen dituzte festak. Herri gehienetan plazak ateratzen dituzte, eta eskaria egiten dutenen artean zozkatu «Dokumentu asko aurkeztu behar dira plaza bat lortzeko: Osasun baimenak, Elikagaien Manipulatzaile agiriak, autonomoak… Eta plaza ematen badizute, tasa ordaindu behar da». Udaletxe bakoitzak bere sistema propioa du plazen esleipenerako. Batzuk, urte osoko festetarako egiten dute, beste batzuk festa batzuetarako bakarrik…
Lanean hasi aurretik egin beharreko lanak dira horiek, elikagaiak, edariak eta bestelakoak erostea bezala. Furgonetan sartu eta festetara joan aurretik, beste prestaketa lan batuzk ere egin behar dira: «Erositako generoa prestatu behar duzu, parrilla ondo garbitu, ura hartu…». Eta dena ondo garbitu, noski.
Behin festak diren herrian furgoneta jarrita, «iluntzean hasi eta hurrengo eguneko goizera arteko lana» izaten dute. Aurtengo udan, ia astebururo izango dute lana, «alde horretatik ezin gara kexatu, lana badago».
Jendearen tratua
Furgonetako lan hau gogorra dela dio Melodek, baina gustukoa duela ere zehazten du. Goizeko ordu txikietan era askotako jendearekin tratatu behar izaten du, mozkor asko tartean, baina «jende on asko dago, eta jende gaizto gutxi, zorionez. Egia esan, pozik gaude, ez dugu arazo handiegirik izaten, gehienetan jendeak errespetatzen gaitu, eta ez dugu arrazakeria zantzurik sentitzen. Hala ere, badira beste batzuk, besterik gabe, gorroto zaituztenak, baina hori ez da furgonetan ordu berezi horietan gaudelako bakarrik, orokorrean baizik».
Furgonetarekin hanburgesak eta bestelakoak saltzen jarraitzeko asmoa du, etorkizunean gehiegi pentsatu gabe. «Egunean bizi naiz, ezin dut pentsatu hemendik urte batzuetara zer gertatuko den. Orain ondo nago, eta bihar ikusiko dugu».
Argi duen bakarra da aurrera egiteko lanean jarraituko duela orain arte bezala, eta iristen zaizkion aukera guztiak ondo aprobetxatu behar dituela.
Bi urtetik gora Marokora joan gabe
Aitona-amonak Rif eskualdekoak dira, eta Melod El Boukili Fez inguruan jaio eta bizi izan zen, 20 urte zituela Espainiara etorri aurretik. Ama eta beste senitarteko batzuk ditu han, eta bi urtetik gora dira ikusten ez dituela, pandemiaren erruz. Aurten Espainia eta Maroko arteko mugak irekita daude, baina ezin izango du bisitan joan, hemen festak berriz martxan jarri eta gero, lan handia izango duelako uda osoan zehar.
Hemengo familiaren berotasunarekin konformatu beharko da momentuz. Melod ezkonduta dago eta sei seme-alaba ditu (horietako bat da argazkian bere ondoan agertzen den Ilyas). Anaia batzuk eta haien familiak ere inguruan bizi dira, eta lagunak ere baditu. Denen artean familia handi bat osatzen dute.