Gipuzkoako Aspace 50. urteurrena ospatzen ari da aurten. Bidean kaleak hartu eta hainbat aurrerapauso lortu dituzten arren, elkarteko eragile ezberdinak bat datoz oraindik zer egina dagoela esatean.
Gipuzkoako Aspace sortu zenetik garun paralisia pairatzen duten herritarrak gizartearen erdigunetik gertuago daude. 1971. urtean eratu zuten garun paralisia zuten seme-alaba talde baten gurasoak elkartu ziren elkarri laguntza eskaini, guztien bizi maila hobetu eta bazterkeriari aurre egiteko. Elkartea azkar hazi zen, eta geroz eta zerbitzu gehiago eskaintzen hasi ziren: garun paralisiaren inguruko ikerketak ahalik eta azkarren identifikatzeko eta kalteak txikitzeko, aisialdi eta kirol taldeak sortu zituzten, eguneko zentroak elkartzeko, eskolak garapenerako… Urretxun eta Beasainen, hurrenez hurren, halako bana dago. Bien artean, 30 erabiltzaile baino gehiago dira.
1978. urtean hasi ziren eskolak ematen Dolarea parkearen alboko egoitzan, garapen pertsonal egokia ahalbideratzeko. Horretarako, ikasle bakoitzak banakako programa bat du, bakoitzaren beharretara egokituta. 2021/2022 ikasturtean hamahiru ikasle aritu ziren. Zerbitzu hau 20 urte bitarteko ikasleentzat da.
«Nik Bigarren Hezkuntzako ikasleekin egiten dut lan eta gure egunerokotasunean askotariko ekimenak burutzen ditugu: besteak beste, erosketak egitera joaten gara, liburutegira, kiroldegira…», azaldu du Dorleta Narbaiza irakasleak. Eskolako ateak zeharkatzea garrantzitsua dela dio. «Gizartean begirada aldaketa bat behar da eta, horretarako, oso garrantzitsua da ingurune naturalean euren presentzia bermatzea».
Ekaitz Txintxurreta boluntarioa da. Berak ere bat egin du Narbaizarekin. Alta, bere zeregin nagusiak kalean izaten direla azpimarratu du: «Aisialdiko eta denbora libreko ekintzaren bat antolatzen dutenean eta laguntzaileen beharra dutenean deitzen digute». Norbanako boluntarioez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko ikasleak, Nagusilaneko kideak, DYAko kideak… aritzen dira boluntario lanetan. Izan ere, Aspacek Hirugarren Sektore Sozialeko beste erakunde batzuekin lan-sareak eta lankidetza hitzarmenak ditu. 120 lagunetik gorako sarea dira, baina Goierrin eskasia dute: «Edonori gomendatuko nioke boluntario lana. Egokitutako kirolean aritutakoa naizenez, horrela hasi nintzen boluntario lanetan. Hasitakoan pentsatu gabe jarraitu nuen, asko asetzen zaituen jarduna delako eta gustura egiten dudalako», azpimarratu du.
Profesionalen eta boluntarioen lana goraipatzeaz gain, familien beharra ere azpimarratu dute Aspacekoek. Garun paralisia duen norbaitentzat hurbilekoen laguntza «ezinbestekoa» dela azpimarratu dute, eta gaineratu dute haiei dagokiela erakundearen erabaki estrategikoak hartzea. «Familiarik gabe ez dago elkarterik», laburbildu dute.
Lurdes Etxaniz Urretxun dagoen eguneko zentroko erabiltzaileetako baten ama da. Aspace erakundearen onurak goraipatu ditu: «Errehabilitazioa baino harago behar dute gure seme-alabek, eta Aspacen hori eskaintzen zaie».
Normalizazioa
Urretxun eguneko zentroa du Aspacek. Imanol Garro da bertako koordinatzailea. «Gure eguneko zentroa helduentzat dela kontuan hartuta, bertan egiten ditugun jarduera guztiak, edozein pertsona helduk egiten ditugun jarduerak dira». Zehaztu du, «oinarrizkoa» dela bi irizpide betetzea: «Normalizatzaileak izatea , eta esan bezala, helduak izatea». Hain zuzen ere, «dibertsitate funtzionala duten pertsonek duten zailtasunetik abiatzen gara, dibertsitate funtzional hori duten pertsonek normaltasunez eta heldu gisa tratatuak izateko duten zailtasunetik». Zentroko erabiltzaileek, beren egunerokoan egiten dituzte, erosketak, gestioak banketxeetan, telefono deiak jaso eta egin, edo edozein etxetan beharrezkoak diren oinarrizko gauzak egitea, hala nola, arropa garbitzea. Aipamen berezia egin diote, «saskigintzari». Lanbide hori «ezinbesteko erreminta bihurtu da gure egunerokoan, eta inklusiboaren bidean lagungarri zaigu».
Helburu gehiago ere baditu Aspacek; erabiltzaileen eskubideen ingurukoak adibidez. Horren bueltan ere mintzatu da Garro. «Erabiltzaileek eskubideak dituztela senti dezatela lortzea ere bada Aspaceren helburuetako bat; beren iritzia emateko eskubidea baitute, beren bizitzak nola bizi nahi dituzten esatekoa, erabakiak hartzekoa…». Zeren, «luzaroan sentitu ere ez duten zerbait da, eta bada garaia, hori ere aldatzeko», nabarmendu du zentroko koordinatzaileak. Horretara iristeko, «egoerak aztertzen ditugu, hausnarketak egiten ditugu, eta erabakiak hartzea lantzen dugu, eguneroko gauza errazekin hasita, hala nola, zentroko bizitzaren antolaketarekin, baina baita orain lantzen hasi garen bezalako gai konplexuagoekin ere; zahartzen direnean nahi duten erantzuna, nahiko luketen zahartze-ereduaren inguruan hitz-egiten dugu, alegia».
Garrok esandakoa berrestera dator Migel Angel Gomez. Urretxuko Aspace eguneko zentroko erabiltzailea da aspaldi-aspaldi, gurasoak hil zitzaizkionetik. Erakundeak Arrasaten duen etxe tutelatuan bizi da, 61 urte ditu, Aspaceren sorrera ezagutu duen pertsonetako bat da beraz. Jendearekin hitz egitea gustuko du, aitortzen du, haserretu egiten dela, hitz egiteko duen zailtasunaren aurrean jendeak arreta nahikoa jarri ez, eta nahiz eta ulertu ez, buruarekin baietz esaten diotenean. «Segituan konturatzen naiz baten batek ulertzen ez didanean, ni baina, prest nago errepikatu eta elkar ulertzen saiatzeko». Oso-oso interesgarria da gainera, berari entzutea. Aspace sortu aurreko denborak oroitu ditu, garai haietako lekuko baita.
Eztarrian korapiloa egiterainoko oroitzapenak askatu ditu, guztiok uler dezagun, nolakoak pasa behar izan dituzten, urteetan eta urteetan. Bere memorian, bere gorputzean iltzatuak daude oroitzapenok; ez ziren garai politenak izan, ez. Kontatu du, «umetan Gorlizen zegoen sanatorioan» egon zela urte dexente. «Han jasotzen genuen arreta ez zen batere egokia guretzat». Xehetasun gehiagotan ere sartu da. Besoetan dituen orbanak erakutsitu ditu; «Ebakuntza bidez nire besoak zuzentzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu!». Ez jakintasuna zegoen, eta enpatia falta ere bai, sarri, «esperientzia oso gogorra izan zen».
Aspaceren sorrera, poz handiarekin oroitzen du. «Egiteko zerbait dut egunero, balio dudala gogorarazten didate hemen egiten dudanak eta bertan aurkitzen ditudan pertsonek».
Kaleak hartzea
Momentu honetan Aspacek dituen erronkez ere hitz egin dute. Hitz bakarrean laburbil daiteke; inklusibitatea. Uste dute, «guztiz beharrezkoa dela indarrak batu eta gizarte benetan inklusibo baten alde lan egitea». Bide horretan eguneko zentroko erabiltzaileak «batera» daude, «norbere abileziak ditu eta aniztasun hori oso aberasgarria da, elkarri laguntzeko», esan du Garrok.
Kanpora begira, nahi baino oztopo gehiagorekin aurkitzen dira, baina garbi dute guztiz beharrezkoa dela espazio publikoan eta komunitatean aktibo izatea. Horregatik, foro desberdinetan parte hartu eta ekintza ugari garatzen dituzte, eskoletan, besteak beste.
Inklusioaren bidea «luzea» izango dela uste du Etxanizek, nahiz eta onartzen duen «urrats garrantzitsuak» eman direla. «Egiteko asko dago oraindik, baina bagoaz aurrera; alde batetik, kalean ikusi behar gaituzte, gure seme-alabak ere gizarte honetako herritarrak baitira, horregatik, herri mailan antolatzen diren ekintza desberdinetan parte hartzen dugu». Haien parte hartzea errazte aldera, agintariei zuzendu zaie, eskatzeko, «behar bereziak dituzten pertsonen eskubideak berma ditzatela», hala nola, «kultur ekitaldietan». Herritarrei dagokienez uste du, gizartea «prest» dagoela benetako gizarte inklusibo baterako, «baina hain presaka bizi gara, ez dugula denborarik hartzen ohartzeko zer daukagun ondoan, hurbiltzeko, lasai hitz egiteko…». Herritarrei zuzenduta esan du, «gerturatu gugana, elkar ezagutza baita gizarte inklusibo baterantz urrats garrantzitsu bat».
«Gauza asko egin behar izan dira urte luzetan gu hemen egoteko. Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei», esan zuen Alaitz Imaz eskualdeko arduradunak 50 urteurreneko ekitaldian. « Baina hau ez da hemen amaitzen», ohartarazi zuen. «Tamalez, etengabeko oztopoekin aurkitzen gara. Lanean jarraitu behar dugu ilusioarekin, izpiritu eraikitzailearekin, errespetuarekin, hurbiltasunarekin, arduratsu eta zintzo. Eta bide honetan ezinbestekoa dugu erakunde publikoen eta pribatuen laguntza, gizarte osoarena. Inklusioa gizarte justizia delako».
Urretxuko zentro berria
Urretxun, Pasiotarren eraikinean, Eguneko zentro berria eta etxebizitzak egingo dituzte Aspaceko erabiltzaileentzat eta apartamentu tutelatuak adineko pertsonentzat.
«Oso une pozgarria da guretzat», aitortu dute Urretxuko Aspacekoek. Gaur egungo lokalak ez die erabiltzaileen beharrei erantzuten, eta Aspacek Urretxun duen Eguneko zentro berria martxan jartzeko espazioen bilaketa luze baten ondoren, erakundeek Pagoetako lokalen aukera eskaini zieten, erabiltzaileen baldintzak eta bizi-kalitatea nabarmen hobetuko dituztenak.
Gainera, zentroaren proiektu hau bi aldiz «ilusionagarria» da, bizitegi-bizitokia izango dutelako, eta hori beharrezkoa zen inguruko erabiltzaileentzat eta familientzat, eta Aspaceren lehentasunezko helburua.
Urretxu Aspaceri oso lotuta dagoen herria da. Hemen ireki zuten lehen zentroa 1978an izan zen, San Martin auzoan, eta gero Labeaga kalera joan ziren. Orain beste aldaketa baten unea iristen ari da, eta hemendik gutxira, Pagoetara joango dira, eta han hasiko dute aro berri bat.
Aspacek 50 urte
Aspace garun paralisia zuten hainbat familik sortu zuten 1971. urtean, pairatzen zuten bazterkeriari eta beharrei aurre egiteko.
- Garun paralisia zer da? Garun paralisia jaiotza momentuan gertatzen den burmuin lesio bat da. Mugimenduan maila ezberdinetako gorabeherak sor ditzake eta adimen gaitasunean ere asaldurak eragin ditzake.
- 50 urte inklusioa bermatzen. Aspace Gipuzkoak 50 urte daramatza garun paralisia eta antzeko asaldurak dituzten pertsonen eta euren familien bizi kalitatea hobetzeko lanean. Konpromiso etiko batetik, beti ere, eskubide guztiak dituzten herritar bezala, beraien parte hartze aktiboa lagunduz eta sustatuz.
- Zerbitzuak. Aspacek garun paralisia duten ikasleen beharretara egokitutako eskola du Beasainen. Hamahiru ikasle aritu ziren 2021/2022 ikasturtean. Urretxun, berriz, Eguneko zentroa dute. 19 erabiltzaile ditu egun. Bertan, lan jarduerak egiten dituzte, bai eta helduarora egokitzeko eta eskuratutako ikaskuntzak sendotzeko jarduerak ere. Beste hainbat zerbitzu ere badituzte: arreta goiztiarra, familientzako laguntza, aisialdia eta kirola…