Iraia Mendia Arrieta (Lazkao, 2003) atleta gaztetatik dabil atletismoan, Txindoki A.T.-n. Normalean pistan lehiatzen den arren, aurtengo udan mendiko lasterketetan ere lehiatu da eta duela astebete Chamonixen garaipena lortu zuen Euskal Selekzioarekin.
Nolakoa izan zen hasiera atletismoan eta nolako bilakaera izan duzu gaur arte?
Hasieran beste kirol batzuekin uztartzen nuen, baina denborak aurrera egin ahala atletismoarekin egin nuen aurrera. Geroztik, gero eta modu intentsoagoan bizitzen joan naiz atletismoa; serioago entrenatzen hasi nintzen, lehiatzeko gogo gehiagorekin eta orduan hasi nintzen emaitzak lortzen. Gaur egun erabat betetzen nau atletismoak.
Euskal Selekzioarekin izan zara Chamonixen. Nola gogoratzen hara joateko proposamena?
Krosean ondo nenbilela ikusita, mendian ere lehiatzera animatu ninduten lagun batzuk. Esan nien pistako denboraldia amaitu bitartean ez nuela asmorik, baina udan agian animatuko nintzela. Azkenean, udan zein lasterketa zeuden begiratzen hasi ginen eta Andorrakoa eta Chamonixkoa ikusi nituen gustukoak. Chamonixek ilusio berezia egin zidan, sekulako lekua baita, eta prestatzen hasi nintzen.
Nolakoa izan da lasterketarako prestaketa?
Laburra eta espezifikoa. Pistako denboraldia uztailaren 17an amaitu nuen eta bi asteren buruan lehen lasterketara joan nintzen Andorrara. Chamonixko lasterketara hilabete entrenatu ondoren joan nintzen. Hala ere, urte osoa nahiko serio entrenatzen aritu ondoren lasai hartu nahi izan dut uda. Mendian eta pista uztartuz entrenatu dut, baina mendi bueltak, entrenamendua baino, plazera izan dira.
Horrez gain, honetan guztian bidelagun izan ditudan Iosu eta Maiteri eskerrak eman nahi dizkiet hau guztia gestionatzen laguntzeagatik. Baita Euskadiko Mendiko Selekziokoei ere, aukera hau emateagatik.
Nola joan zen lasterketa eta nolakoa izan zen garaipena?
Lasterketa baino lehen ez nintzen ondo sentitzen eta beldurrez hasi nintzen, hankak gaizki sentitzen bainituen. Lehen 10km-etan asko sufritu nuen fisikoagatik eta desnibela oso kontzentratua zelako. Ondoren, beherantz bizkor nindoala ikustean eta garaipena horren gertu izatean sekulako motibazioa sentitu nuen. Azkenean disfrutatu nuen lasterketa eta garaipena.
Aurrera begira beste lasterketarik prestatzen ari zara?
Orain pistako denboraldi berria prestatzen hasiko naiz jada eta mendiko lehia alde batera utziko dut bitarte horretan. Kros denboraldirako hasiko naiz entrenatzen. Lehena urriko Zornotzako krosa izango da, eta ondoren, Gipuzkoako txapelketa, Euskadikoa, Espainiakoa eta ea nora heltzen naizen aurten. Gogotsu nago entrenatzeko eta emaitzak lortzen jarraitzeko.