Anttoni Okariz Gorrotxategi • Itsaso
Aurten beteko dira 400 urte Kizkitza gainean lehen baseliza eraiki zela. Lau mendeko historian ezinezkoa da esatea zenbat jende inguratu den bertara, baina, arrazoi batengatik edo bestearengatik, itsasoar eta inguru zabaleko askorentzat esanahi aparta duen lekua da Kizkitzako tontorra.
I railaren 8a egun seinalatua da guztiontzat, bertako festa eguna izaki. Ahal duenak egun osoko egonaldia egiten badu ere, asko dira egun erdirako edo ordu pare baterako joaten direnak. Eguraldia lagun, baseliza aurreko plazan meza izan da goiz partean. Ondoren, nagusienak behintzat, aspaldi ikusi gabekoak agurtu, kontu zaharrak astindu eta bata-bestearekin berriketan egon ohi dira; haurrak eta gaztetxoak jolasean, hango ingurumaria arakatuz. Badago hamaiketakoa edo bazkari mokadua eserita jateko aukera ere, ermita inguruko eta pagadiko mahaiak erabilita.
Erromeriak eguerdi eta arratsalde parteak alaitzen ditu eta musika soinua entzun orduko, berriz, dantzariak ez dira inoiz falta izaten.
Arratsaldean, toka eta fardo jaurtiketak ere egin ohi dira azken urteotan.
Atzean gelditu direnak
Atzean gelditu dira letaniak errezatuz egiten ziren errogatibak, tripodedun argazki kamerarekin ateratzen ziren erretratuak (argazkilariak oihalpean burua sartu, klik labur bat egin eta berehala omen zuen argazkia eskuan), astoa hartu eta seme-alaba ugari ondoan zutela joaten ziren gurasoak (astoaren bala batean bazkaria, bestean seme edo alaba txikiena), etxeko frutarik hoberena saltzera eramaten zutenak (mahats, melokotoi,…) edo bazkaria eta kafea berotzeko pagadian egiten ziren suak.
Atzean gelditu dira ere, Osinalde eta Auntxa trikitilariak (aurreko tapa kenduta jotzen omen zuen, soinu handiagoa atera zedin) edo, mahaikideen gozagarri, pagadian aritzen zen danbor dultzaina jolearen doinuak.
Gogoan dut erroskila saltzailea, udal agintari eta apaizek elkarrekin bazkaltzera jartzen zirenekoa edo herritar bat, bere astoan garrafoiak hartuta eta se recogen utentisilios kartelarekin, pago itzalean ura saltzen eta jendearen trasteak zaintzen egoten zenekoa.
Baina festak duen garrantzia kendu gabe, bada Kizkitza beste ekimen batzuen erakusleiho ere: Pazko igandeko meza, herriko jaietan mendi bizikleta trabesia, Ehunmilak, MariMurumendi lasterketa, markatutako bi ibilbide zirkularrak, ondare naturalaren kontserbazio lanak eta ibilaldi didaktikoak… Hor dago herritarrok urtero burutzen dugun auzolana eta behar den bakoitzean egiten diren mantentze lanak leku kuttun honekiko dugun atxikimenduaren adierazgarri.
Argiak iraun duen bezala
Mantendu dezagun bizirik belaunaldiz belaunaldi jaso duguna, etenik gabe luzaroan iraun dezan, itsasargia jarri zuten haien argiak iraun duen bezalaxe.