Jexux Aizpurua Barandiaran • Ataun
Ataunen gerra aurreko udal-batza honelaxe zegoen osatuta: gehiengo nazionalista eta gutxiengo tradizionalista; gorri izenekoek, bestalde, hauteskunde orokorretan 10 bozka besterik ez zuten lortu. Norberto Arrigain Erregetxe (Donostia, 1899/Tolosa, 1976) Adunako zentralean elektrikari-lanetan ari zela, Bixente Agirre Tolosako aguazil ataundarraren bidez (Bixenteren emazte Fermina Arratibel Ataungo Dostollo baserrikoa zen), Benito Dorronsorok-eta Ataunen zentralean hasi zen lanean eta bertan bizitzen 1928. urte aldera. Atauna etortzerako, Tolosako Casa del Pueblo eta errepublikazaleekin bazuen harremanik.
Ataunen, kuanto, «gorri» fama zuen eta batzuek ez zuten begi onez ikusten, nahiz eta elizara joaten zena izan; komunista baina fededuna, bere seme Joxe Marik aitortzen duenez. Lagunak Agirre kamineroa, Azintzio Beltza, Krezentzio Imaz eta abar zituen.
Ataungo Indarretxe edo Zentrala
1936ko uztailaren 24an iritsi ziren nafar erreketeak Iruñetik Marumendi aldera. Biharamunean, eguerdi aurretik, 300en bat nafar errekete azaldu ziren, Bedamaburutik behera, Aietzio baserriko atarira. Ordurako, jakinaren gainean zeuden, bezperan Anton Arruabarrena familiartekoak ikusi baitzituen Agautz aldean zebilela, pagoa bezalaxe, jendea erruz zegoela eta zain zeuden beldurrez.
Norbertok, Aitzartetik behera zetozela nabariturik, etxearen atzeko leihotik ihes egin zuen, eta 15en bat egun mendian ibili ondoren, Bixente Agirre Ataun aguazil-serenoak ezkutatu zuen Tolosako Aguirre-enea etxean. Han harrapatu eta kamioian, Ataundik zehar, Ezkabara eraman zuten preso urtebetez.
Bitartean, Ataungo zentralean, emazte Karmenek seme-alabekin hilabete batzuk jarraitu zuen, Jexux seme zaharrenaren laguntzaz, amak bai baitzekien zentraleko eginbeharren berri. Baina familiari inguruan gero eta giro okerragoa suertatu zitzaionez: esnea ekartzen zieten baserrikoek ekartzeari uko egin beldurragatik, begirada gaiztoak, diosala ukatu e.a. Tolosara itzuli ziren. Hala ere, esnea ekartzeari utzi ziotenak barkamena eskatzera joan omen zitzaizkien Tolosaraino; gaitz erdi!
Norberto San Kristobalen kartzelan zela, Ramon Lizarralde Tolosako apaizak Ataungo Jose Goikoetxeaundia apaizari eman omen zion Zentral Txikiren berri eta honek, txosten-agiri baikorra egin ondoren, emazte Karmeni San Kristobalgo fuertera lagundu zion.
Emaztea kanpoan zela, apaiza bakarrik sartu omen zen, albisterik okerrena jasotzeko pronto, baina libre utzi zuten.
Zegokion zigorra Renfen Batallón de Trabajadores-en (Otsaurten eta El Escorial-en) jardunez kitatu zuen. Bitartean Nafarroatik estraperloan patata ekartzen-eta ateratzen omen zuen familiarentzat bizimodua.
Ondoren, Renfen jarraitu zuen elektrikari-lanetan.
Tolosan bertan hil zen zebra-bidean zihoala, karneta atera berri zuen auto-gidari batek harrapatuta.