Marian Toledo Kortabarria • Urretxu-Beasain
Hemen duzuen argazkia 1992ko Euskal Jaiko karroza- desfilekoa da. Zergatik aukeratu dudan urte horretakoa? Ba urte horretan azkenean karrozen desfilean parte hartu nuelako lagunekin batera. Gazteak ginenean neska kuadrillek ez genuen karrozarik egiten, eta ondorioz ezin izaten genuen parte hartu karroza desfilean. Urteetan desfileari begira inbiditan egon ondoren guk ere azkenean Euskal Jaiko karroza-desfilean parte hartzeko aukera izan genuen urte hartan Iraultza kuadrillari esker. Urte hartan Iraultza kuadrillakoek garai bateko ezteiak gogoratu nahi izan zituzten. Argazkiaren erdian senargaia azaltzen da, Bittor Urbegain. Ondoan, erdi ezkutuan, emaztegaia, Miren Josu Aranburu. Eta inguruan parte hartu zuten hainbat herritar…
Izan ere, ehun lagunek baino gehiagok parte hartu genuen ezteietan. Gu gonbidatuak ginen eta jo ta fuego aritu ginela dantzan gogoratzen dut. Arropak Oreretako Ereintza taldeak eta Lurra dantza taldeak utzitakoak ziren, arreoa (kutxa bat, aulkiak, lihozko izarak…) bi gurditan ikus zitekeen, eta ezkontza batean janaria ezin denez falta karrozan arkumea burduntzian erretzen eta taloak egiten aritu ziren. Ez zuten ez, lan makala egin hori guztia lortzen eta antolatzen Iraultza kuadrillakoek!
Gure karroza lehenengoa zenez, hasi ginen desfilatzen, eta hasi eta laster, Isabeleko etxetik kea ateratzen ari zela ikusi genuen. Isabeleko etxeak su hartu zuen! Ondoko etxe bateko obratan zegoen andamio bat hartu eta etxean zegoen jendeari ateratzen laguntzen aritu ziren ¡ezkontzako senargaia, zenbait gonbidatu eta zenbait herritar….Udalak ordaindu omen zuen tindategiko faktura. Estualdiaren ondoren jarraitu zuen desfileak eta iritsi zen plazara. Urte hartan Iraultza kuadrillak irabazi zuen ondo merezita!
Gure garaian neska-kuadrillek, ez genuen karrozarik egiten, gu baino hamar bat urte gazteagoak direnak hasi ziren egiten. Gaur egun, berriz, neska-kuadrilla askok egiten dituzte karrozak. Karrozen desfilea horretan aldatu den bezala etorkizunean aldaketak izango dira Urretxuko Euskal Jaian eta karrozen desfilean. Gero eta globalizatuagoa den mundu honetan, aldaketak-aldaketa jarrai dezatela bai neskek (eta baita mutilek ere) euskaltasuna eta euskal kultura aldarrikatzen eta gure hizkuntzan bizitzen.
Eta jakina, jarrai dezagun Iparragirreren Gernikako Arbola abesten, eta abestiaren bukaeran beti bezala honakoa abesten: Gora Iparragirre eta urretxuarrak, Gora!