Urretxuko Eyak Jodiu kuadrillak hamar ediziotan hartu du parte Urretxuko Jaietako karroza desfilean, azken 12 urteetan egindako guztietan. 14 eta 15 urte bitarteko gaztetxoak ziren karrozak egiten hasi zirenean eta ohituratzat izan dute azken urte hauetan guztietan.
Ikastolatik irteera egin zuten urte hartan karrozak nola egiten ziren ikusteko eta horrek parte hartzera bultzatu zuen kuadrilla. Urtero, oporrak heltzean karroza egiteko gelditzen ziren, hau haien oporren parte bilakatuz azkenean eta nahiz eta beti azken momentuan egiten zuten karroza, «ohitura» bilakatu da.
Hamar karroza egin dituzten arren 12 urte hauetan badute tartean bereziki kuttuna duten bat, kuadrillan sortu zuten txarangaren erroa izan baitzen. Euskal musika kontsumitzearen eta sortzearen aldeko aldarria izan zen, Fermin Muguruzaren aurpegi erraldoi bat eta musika instrumentu erraldoi ugari jarri zizkieten karroza honi, kantatzen duen herria ez da inoiz hilko Muguruzaren esaldi ezaguna lematzat hartuz. «Karroza nahiko sinplea zen bere horretan, baina guk sortutako txaranga joan zen bizi pixka bat emanez karrozari eta giroari eta horrek egin zuen urte hura horren berezia. Txaranga bat sortuko genuela sartu zitzaigun buruan eta ideia horri tiraka atera zen karroza hau». Gainera, aipatzekoa da txaranga honek bizirik dirauela oraindik.
Giroa sortuz
Karrozak 12 urte hauetan «asko aldatu eta gaztetu egin direla» diote. Horrez gain, haiek gaztetxotan hasi zirenean orain baino jende helduagoak parte hartzen zuela adierazi dute, eta ondorioz, arlo profesionaletik jakintza zuen jende gehiago izaten zela. Hau hala izanik, karroza «landuagoak» egiten zituztela diote, izan material aldetik zein forma aldetik. Hala ere, argi utzi dute «ondo pasatzeko eta lagunekin elkartzeko» aitzakia bikaina dela karroza egitea, baita jaietan aktiboki parte hartzeko ere; «giroaz gozatzea ondo dago, baina giroa bera sortzea are hobea da». Hasi eta 12 urtera, kuadrilla ezaguna da Eyak Jodiu karrozetan eta belaunaldi berrientzako mezua ere utzi nahi izan dute orrialde honetan: «Aukera izanez gero, ez egin zalantzarik eta parte hartu».