Xegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea
Itziarrek orearen gainean jarri zituen eskuak. Bere indar guztiaz ari zen orea gobernatu nahian. Hala ere, masa zati hura Aizkorriko arrokak bezain gogor eta sendoa zen. «40 minutu falta dira!». Sukaldari-epailearen ahotsak ikaratu egin zuen Itziar. Sukaldeko erlojuari begiratu zion. Tik-tak, tik-tak… egiten zuten dantza orratzek plater zuriaren barruan. Itziarren ohorea ore haren eta erlojuaren menpe zegoen. Bere masa gogor mendera ezinean kontzentratzen saiatu zen, hura baino bihotz gogorragoak bigundu zituela pentsatzen zuen.
Laugarren astea zuen sukaldaritza lehiaketa ospetsuaren sukaldean. Itziarrek ez zuen jatetxerik, baina sukaldaritzat zuen bere burua. Telebistan lehiaketako deialdia zabaldu zenean, denek eskatu zioten Itziarri parte hartzeko. Derrepentean, Itziarren bizitzak helburu berri bat izan zuen, norabide bat. Mundu osoko sukaldaritzarekin borrokan aritu behar izan zuen: takoak, pastak, pastelak, barazkiak, arrainak, haragiak… Hala ere, aurrera jarraitzea lortu zuen.
Finalean, gozogintzari heldu behar izan zion. Banakako lehiaketa batean. 120 minututan egindako hutsegite bakar batek hankaz-gora bota zezakeen ordura arteko lan guztia. Aurkaria, Martin, tipo lotsatia, baina ona. Itziarrek Martinen mahaira begiratu zuen. Martinen oreak arina eta leuna zirudien. Itziarrek sumoko borrokalari bati masajea ematen ari balitzaio bezala ari zen izerdi patsetan bere orearekin jo eta su.
«15 minutu…» Ez zegoen gehiagorako astirik. Martinek berea labean sartua zuen ordurako. Itziarrek bere orea labean sartu behar zuen. Ondoko labera begiratu eta Martinen pastel ederra ikusi zuen. Deabrua bere izanaren jabe egin zen. Arnasa sakon hartu zuen.
«Hamar, bederatzi, zortzi…» Lan-mahaian azken ukituak eman eta kito. «…hiru, bi, bat… Dastatzeko ordua da! Eskuak gora».
Urduri ziren epaileek zein deituko beraien aurrera lehenengo. «Martin! Zatoz zure lanarekin!» Itziarrek begiak itxi zituen. Epaileen epaia entzun nahi ezta bezala. «Zure pastela trinkoa da, oso trinkoa esango nuke, baina zaporetsua». Itziarrek lehenengo begi bat eta gero bestea ireki zituen harriduraz Martini botatako epaia entzutean. «Hurrena, Itziar». Epaileek pastela dastatu zuten. «Zure pastela biguna eta kurruskaria da, ondo, baina… baina gaziegia dago. Ezin da jan». Epaile nagusiak zaborrontzira tu egin zuen ahoan zuena. «Martin, zure pastela trinkoa zen, oso trinkoa, baina jangarria. Itziar, zurea berriz biguna eta kurruskaria, ederki, baina gazia, oso gazia, eta horregatik zoaz etxera. Sentitzen dut». Itziar epaileen mahaitik urrundu zen, malkoei eta amorruari eutsiz. Martin bere lan-mahaiaren aurrean zegoen, irribarrea aurpegian zuela. Bera konturatu zen Itziarrek bere labetik aldatu ziola pastela, baina jakin bazekien ere bere orea gazia zegoela, oso gazia eta zoria jokoan jartzea erabaki zuen. Zorteak mesede egin zion. Karma kolpe bikaina izan zen.