Gorka Lariz • Aktorea eta Urrup taldeko kidea
Aktore lanak ez du film, telesail edo antzezlan bati lotuta egon beharrik. Ezin ditugu ahaztu parke tematikoetan lan egiten duten aktoreak. Orain adibidez, Halloween denboraldian, irailetik Nafarroako Sendaviva parkearen Halloween proiektuan murgilduta nago. Bisitarientzat esperientzia hau irailaren 24tik azaroaren 13ra izango da, baina aktoreontzat aste batzuk lehenago hasi zen. Izan ere, parkea irekitzen denetik itxi arte, gure burua desagertu egiten da, eta 8-9 orduz beste pertsona batean bilakatzen gara. Kasu honetan, ez dira oso pertsonaia maitakorrak. Hori dela eta, aktore batek bere burua non dagoen eta ondo dagoen ziurtatu behar du momentu oro. Hemen Stanislavski metodoa ez da batere gomendagarria, pertsona arrunt batek burua gal dezakeelako. Horrez gain, parkeetan bisitariekin lanean dabilena, ezin da telebistan edo antzokian bezala gidoi batera mugatu. Ez! Parkeetan inprobisazioa da garaile, hau da, bisitariak ematen dizunarekin moldatu behar duzu zure pertsonaiaren erreakzioa. Burua argi eta bizkor izan behar duzu momentu oro, duda izpitxo batek zure pertsonaia zapuztu baitezake. Eta ziur egon zaitezkete mota guztietako gauzak esaten dizkigutela, eskertzekoak eta baita mingarriak ere.
Bestalde, eta hau arlo guztietara zuzendu daiteke; antzokira, telebistara, parkeetara… Aktore batek egun txarra badu, ez du axola, hor egon behar du ikuslearen aurrean, gaztelerazko al pie del cañon esamoldeak dioen moduan. Momentu horretan ez zara bizitzan edozein arazo izan dezakeen pertsona arrunta. Ez! Pertsonaia bat zara, eta horrek ez ditu ulertzen zuk izan ditzakezun arazoak. Horregatik, aktorea izatea askotan lanbide bakarti bat dela esan daiteke, nahiz eta batzuek interpretazioaren munduan murgiltzen garenok ondoegi bizi garela pentsatu. Hori diotenek azalekoa bakarrik ikusten dute.