Goierrin, udalerrien arteko mugak markatzen dituzten 1.500etik gora mugarri daude, eta Joseba Alonsok gehienak ditu kokatuta eta katalogatuta. Lemniskata elkarteari esker, horietako 225 bildu ditu Goierri mugarriz mugarri kaieran.
Mugarria bi edo lursail gehiagoren arteko muga adierazten duen harria da, eta lursail partikularren arteko banaketak zehazteaz gain, udalerrienak ere adierazten ditu, hau da, muga jurisdikzionalak. XIII. mendera arte atzera eginda, Joseba Alonso Arratibel ordiziar historialariak Goierriko mugarriei buruzko ikerketa egin du, eta Lemniskata zientzia elkartearen babesarekin, Goierri mugarriz mugarri izenburupean argitaratu du Lemniskata Kaierak bildumaren barruan. Elkarteko kide diren Jabier Elorza eta Martin Garciaren laguntza izan du Alonsok lan hori argitaratzeko orduan.
Goierriko mugarri horiek hizpide hartuta, bestalde, hitzaldia egingo du gaur, hilak 28, Alonsok Ordiziako Barrena jauregian, 19:00etan, Oihana Sarasola kazetariaren galderei erantzunez. Ekitaldi hau Lemniskatarekin batera Ordiziako Udalak antolatzen duen Ordizientzia zikloaren barruan kokatzen da, eta argazkiz eta planoz osatutako mugarriei buruzko erakusketa batekin lagunduta egongo da. Hitzaldia eta erakusketa, besteak beste, Beasainen eta Lazkaon izango dira aurrerago.
Mugarrietan aditua
Joseba Alonsok urteak daramatza mugarrien ikerketan murgilduta. Elorzak azaldu duenez, «Gipuzkoako hainbat herritako mugak kokatu ditu ibilbide horretan zehar, eta horien historia ikertu eta jaso du, gaur egun gaiaren inguruko aditu nagusiena izatera iritsi arte». ‘Mugarrietan aditu’ titulua egotzi diote Alonsori, hain zuzen, Lemniskatako kideek.
«Lemniskatakoek proposatu zidaten lana egitea. Nik ez nuen pentsatuta ezer argitaratzea, nahiz eta aurretik banituen antzeko lanak eginda, 2010ean Beasaingo mugekin bezala. Orain Zigoitian eta Zizurkilen ere ari naiz lanean, Tolosaldean ere lan asko eginda daukat…», azaldu du Alonsok. Argitaratzeko asmorik ez zuenez, mugarrien argazki asko halamoduz aterata ditu, telefonoarekin, eta orain «pena» duela dio, asko eta asko bertikalak direlako, eta «argitaratzeko edo gero proiektatzeko hobe da horizontalean ateratzea».
Liburuan , gaur egun Goierri osatzen duten 22 udalerrien eta Partzuergo Nagusiaren, Partzuergo Txikiaren eta Aralarko Mankomunitatearen 225 mugarri jaso dituzte eta plano gainean ikus daitezke. Gainera, UTM koordenatuekin ere kokatu dituzte, GPS-aren bidez aurkitzeko moduan.
Herrien konfigurazioa eta mugak
«Mugak antzinatik esistitzen dira», dio Alonsok, eta «errekak eta mendiak izan dira muga naturalak eta nagusiak, de natura» egiten ziren. Baina lurraldea ordenatzen hasi zenean, beste era bateko mugak sortu ziren, muga jurisdikzionalak. Herrien arteko mugak adierazten dituzten mugarrien historia, Goierrikoena barne, herri horien sorkuntzarekin dago lotuta, eta bere nortasunaren parte direla dio Alonsok. «Udalerriak, herriak, kontzejuak, elizateak… noiz sortu ziren. Kontzeptu horiek guztiak hartu behar dira kontuan, mugarriak nondik datozen ulertzeko». Entitateak sortzearekin batera, mugarritzeak egiten ziren, «egundoko protokoloei jarraituz» Martin Garciak azaldu duenez.
Dokumentatu egiten zituzten mugarritzeak, kokapen zehatza deskribatzen zuten, eta izena ere jartzen zieten, lekuarena hain zuzen. «Horregatik heldu dira gaur egunera arte toponimia termino asko». Dokumentu haietan lekuko ugarik sinatzen zuten, gainera, eta Garciak dionez, «lekukoen bidez garai hartako historian sakondu daiteke».
Herriak 1199n hasi ziren konfiguratzen, eta ordukoak dira mugak. 1383ra arte, 25 hiribildu zeuden Gipuzkoan, eta horietatik bi Goierrikoak ziren, Segura eta Ordizia, eta bakoitzaren menpe hainbat herri. Ordiziaren menpe Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta, Zaldibia eta Lazkaoko etxe batzuk zeuden. Seguraren menpe Mutiloa, Idiazabal, Zegama, Zerain, Ormaiztegi, Gudugarreta, Astigarreta eta Legazpi. Herri horiek anexionatuta zeuden, baina bakoitzak bere konpetentziak mantentzen zituen, baita mugak ere. Lazkaoko jaurerriaren menpe Ataun eta Zumarraga zeuden…
Garrantzia handiagoa hartu zuten beranduago muga horiek, 1608an Legazpitik hasita eta 1615etik aurrera batez ere, desanexioak gertatu zirenean. 1802an osatu zen gaur ezagutzen dugun Goierri, Olaberria udalerri bihurtu zenean. Orduan, Arriaran, Astigarreta eta Gudugarreta ere herri independenteak ziren. Beasaingo auzoak dira orain, hurrenez hurren 1882an, 1927an eta 1929an anexionatu eta gero. Auzo bakoitzak garai haietako mugarriak dituzte oraindik.
Mugarrien inguruan historia edo kontakizun asko dago, eta gatazka edo pleitu ugari. 1608an adibidez, Legazpi Seguratik banandu zenean, Partzoneriarekin 200 urte iraun zuen pleitua mantendu zuen lur jabetzen inguruan. «Halakoetan, hobe da akordio batera iristea parteen artean, auzia epaitegietara iristen bada, denak ateratzen direlako galtzaile», dio Garciak.
Urtsuaranen inguruan ere bada kontakizun bat, 1954tik Seguratik banandu eta Idiazabalera pasa zenean. Hemen, adibidez, alkatea mozkortu zutela diote. «Historia zoragarriak daude». Urretxu eta Zumarraga artean ere izan zuten auzia, 1864an trenbidea eraiki zenean. «Bi herrien arteko muga Urola ibaiak egiten zuen, baina trenbidea egin zen garaian Zelaikoa baserri parean Urolaren ubidea aldatu zuten, eta Zumarragak lurra irabazi zuen.
Mugarrien tipologia
Goierrin 1.500etik gora mugarri jurisdikzional izango direla dio Alonsok, eta gehienak ditu katalogatua. Bilaketa lan itzela egin du horretarako, «herrietako artxibategietan eta Madril, Simancas edo Valladolideko artxibategi handiagoetan dauden dokumentuak kontsultatu eta gero, bertan daudelako jasota kokapenak. Eskerrak orain dokumentu horiek Internetez begiratu daitezkeen».
Gero, informazio hori jaso, eta kokapen horietara joan da, mugarriak bilatzera. Behin aurkitutakoan, garbitu egin ditu eta markak denborarekin desagertzen den pinturarekin margotu ditu, argazkian nabaritu daitezen. Koordenatuak zehaztu ditu bakoitzean.
Era askotakoak dira, baina gehienak hareharrizkoak dira. «Kareharria gogorragoa da, baina kareharrizkoak egiten saiatzen ziren, izotzarekin ez delako pitzatzen». Harri askok markak dituzte, gehienetan herrien izenen lehen hizkia, eta hurrengo mugarria non dagoen adierazten duten «marka direkzionalak» ere bai. Beste batzuk gurutzeak dituzte, «Markatuta dauden mugarri gehienak 1870 ingurukoak dira». Alonsok dioenez, harriak grabatzea edo markatzea oso garestia zen garai hartan.
Forma aldetik, bestalde, denak dira antzekoak, eta neurriak hauek dira: «Kana bat, arra bat eta pauso bat dute, hau da, 83-27-19 zentimetro».
Mugarri bitxiak daude Goierriko bilduma handi horretan. Domiko Gudugarretan, Españoleta Seguran, Kanteraldea Astigarretan, Hirumugarrieta Ataunen… Bakoitzak du bere historia. Azken honen inguruan esaten dute mugitu egin nahi izan zutela etxarritarrek, eta une horretan bertan tximista batek jo zituela, zigor moduan edo. «Niretako politenetako bat Legazpi, Zerain eta Zegama artekoa» dio Elorzak. Oso handia da, eta «erreginaren aulkia» deitzen diotela gehitzen du Alonsok, «bertan eseri eta oin bat Zerainen, bestea Zegaman eta bizkarra Legazpin duzulako».
Lemniskataren kaieren seigarren alea, mugarriekin
Lemniskata elkarteak kaleratzen duen Kaierak bildumaren seigarren alea da Joseba Alonsok sinatutako Goierri, mugarriz mugarri. Zientzia gaien dibulgazioaren harira sortutako bilduma da Kaierak, eta aurretik CAF enpresaren historia, Goierriko XVII. eta XVIII. mendeetako arkitektoak, Goierriko intsektuak, eta eskualdeko posta txarteletako irudiak eta argazki zaharrak eman dituzte jakitera argitalpen horietan.
Azken ale honetarako, mugarrien gaia aukeratu dute, herritar guztien interesekoa izan daitekeela iritzita, eta horretarako elkarteko aspaldiko laguna eta gaian aditua den Alonsoren gidaritza izan dute. Lemniskatako Jabier Elorzak eta Martin Garciak ere parte hartu dute lanean.
Goierri mugarriz mugarri liburuxkak 175 orrialde ditu, eta Goierriko mugarrien inguruan historialariak egindako ikerketaren emaitzaren zati bat da. Goierriko 22 udalerrietako udaletxeen argazkiak, armarriak, ortoargazkiak, planoak eta QR kode bidez begiratu daitekeen informazioa jasotzen ditu, herri bakoitzeko bederatzi mugarrien kokapen eta argazkiekin batera (koordenatu eta guzti). Enirio Aralarko Mankomunitatea, Partzuergo Nagusia eta Partzuergo Txikia ere jasota daude, atal berdinekin.
Egileek egingo duten hitzaldiaz eta liburuan jasotako argazki eta mapen erakusketaz lagunduta doa argitalpena. Ordizian hasiko du ibilbidea gai horrek, eta segida izango du gero Lazkaon eta Beasainen, eta eskaera egiten duen edozein udalerritan. Azken finean, zientziaren dibulgazioa da Lemniskata elkartearen helburua, herritar arruntaren artean zientzia gaial zabaltzea, eta horrelako jarduerak dira bidea. Jende gaztearengana iritsi nahi dute bereziki.
Zegama eta Segura udalerrien arteko mugarrietako bat, Olatxo baserriko sukaldean