Zaintzaileei zuzendutako jardunaldia egingo dute Legorretan, bihar, hilak 5, Zaintzaileen Nazioarteko Egunaren harira.
Ez da erraza zaintzaile izatea. Askotan bakarrik sentitzen dira, zaintzen duten pertsonaren gaixotasuna eta emozioen gorabeherak kudeatu behar dira egunerokoan eta lan honetan ez etsitzeko, beharrezkoa da ahalik eta tresna gehien edukitzea. Zaintzailea informatuta egotea funtsezkoa da, baita ingurukoen babesa eduki eta sentitzea ere.
Aspalditik ari dira, zaintza erdigunean jartzeko lanean Legorretan, bai eta zaintza lanetan diharduten pertsonei babesa eta erremintak ematen, haiek burutzen duten lanaren eta egunerokoaren gogortasunaren jakitun. Beste maila batzuetan, azkeneko urteetan, urrats garrantzitsu gehiago ere eman dira, zaintza lanetan dihardutenen eskubideak bermatzeko legearekin, nahiz eta oraindik, hobetzeko asko dagoen.
Bihar, azaroak 5, Zaintzaileen Nazioarteko Eguna dela-eta, zaintzaileentzako jardunaldia antolatu dute Legorretan. Zaintzaile profesional zein ez-profesionalentzako elkargune bat izango da, eta bi zatitan banatuko da goiza. Batetik, Nerea Redondo herriko Zainduz Zaindu programaren dinamizatzaileak solasaldi bat gidatuko du, zaintza lanek sortzen duten estresaren inguruan; bestetik, Tania Cañasek zaintzaileen eta etxeko langileen lan eskubideen inguruan hitz egingo du.
Mugak apurtzea
Nerea Redondok dinamizatuta, hilabetero egiten dute zaintza lanak egiten dituzten pertsonekin saio bat Legorretan. Lau urte dira talde hau martxan jarri zutela. «Nik autolaguntza taldea deitzen diot, azken finean, egoera berdinean dauden pertsonak elkartzen dira, bai profesionalak eta ez profesionalak. Bakoitzaren bizipenak, sentipenak konpartitzeko gune bat da, eta esperientziak elkarbanatzetik, elkar laguntza ere sortzen da sarri», hasi da kontatzen Rekondo.
Biharko saioarekin, zaintza lanak egiten ari diren beste pertsona batzuengana iritsi nahi dute. Redondok dio «garrantzitsuena» dela, «norbere mugak apurtzea eta lehenengoz saioetan parte hartzera animatzea». Hori izan ohi da gehien kostatzen dena, zeren gainera, «autokonbentzitzen saiatzen gara norbere buruari esanez, ez gaudela horren gaizki», eta garbi esan behar da, «zaintzaileengan ohikoak dira haserrea, nekea, nazka, frustrazioa,… sentitzea, zeren ematen du gaizki dagoela hori guztia sentitzea, eta norbere burua kontrakoaz konbentzitzen saiatzen da».
Biharko saioan, batetik, «estres egoera konkretuak lantzeko tresnak» jorratuko dituzte, «ariketa praktikoen bidez». Egunerokoan egin daitezkeen ariketak izango dira, kontuan hartuz, zaintza lanak egiten dituzten pertsona haien egoera limiteak.
Bestetik, hainbat kontzepturen «desmontajea» egingo dute. «Erraz esaten dugu zaintzaileak bere burua zaindu behar duela, beste norbait zaindu behar denean, gizarteak berak behartzen zaitu ondo egotera, zeren norbera ondo ez badago, uste baita ez dela gai zaintza lanak egiteko. Zaintza lanak egin behar dituenak izan behar du pertsona goxoa, maitagarria, adeitsua, beti ondo eta alai dagoena, baina pertsonak gara, eta hiru balore inposatuak ditugu gure buruan; perfektua izatearen ideia; gauzak azkar egin behar direla; eta hirugarrena da, gutaz zer espero duten, adeitsuak izan behar dugu beti».
Hiru kontzeptu horien «desmontajea egitea» garrantzitsua dela uste du Redondok: «Onartzea ez garela perfektuak eta ez dela ezer gertatzen; egun osoan zehar adeitsuak izatean ez gara gure burua zaintzen ari; eta presak, estresa sortzen du, eta ez garenez iristen aurreikusita genuen guztia egitera, sortzen digu frustrazioa, nekea, autoestimuan eragina…».
Hainbat aholku
Estres egoerei aurre egiteko Redondok gomendatzen du erlaxazio ariketak, meditazio txikiak, eta arnasketa ariketak egitea, adibidez. Beste aholku batzuk ere eman ditu: «Lehenengo gauza da kontzientzia hartzea, hau da, zaintzera doazen pertsonarekin egon aurretik minutu pare bat hartu eta beraien barruan begiratzea nola nago, zer kezka daukat gaur, eta nolako sentimenduarekin nator». Zaintza lanak egiten dituzten denentzat da gomendagarria, «bai senide bezala tokatzen zaigunean, bai profesional direnei».
Beste aholku bat da, gustuko ditugun gauza horiek identifikatuak edukitzea, eta egunero edo astero zerrenda horretako bi gauza egiteko konpromisoa hartzea. Zeren momentu horiek indargune bat dira norbere buruaren zaintza horretan. Eta azkenik, onartzea sentimendu guztiak existitzen direla, eta sentitzen ditugula da, bizirik gaudenaren adibide. Honekin esan nahi duena da, «sentimendu horiek nahi ala ez, sentitu egingo ditugula, eta hori onartzetik hasten da haien kudeaketa egokia».
Zaintzaileen eskubideak
Kontutan hartu behar da zaintza lanak ordainpekoak eta ez ordainpekoak izaten direla. Tania Cañas Enarak Kooperatibako abokatuak azaldu duenez, «gehienetan, lan hori egiten dutenek ez dute soldatarik jasotzen, eta soldata jasotzen dutenen kasuan, profesionalen kasuan, soldata hori eskasa izaten da, lan baldintzak orokorrean kaskarrak izaten dira eta balore sozial nahiko baxua izan ohi du».
Cañasek gogoratu du, «eskubideak dituzten pertsonak direla», eta hain zuzen ere, horren bueltan arituko da biharko jardunaldian. «Orain dela gutxira arte, zaintza lanetan jardun duten emakumeek –portzentaia handiena emakumeak baitira– gizarte segurantzan altan eman gabe egin izan dute lan, ez zuten kontraturik izaten, beraz, ez zuten eskubiderik, baina azken urteetan, urratsak ematen ari dira, legearen babesa dute, nahiz eta oraindik diskriminazio egoerak ematen diren, batez ere emakume migratuen kasuan. Azken hauek dira egoera bereziki prekarioak bizi dituztenak sarri, esplotazio hitza ere erabil genezake kasu batzuk deskribatzeko». Kasu gogorrena, bertan bizi den etxeko langilearena dela dio, «legeak dioen guztia ez delako errekonozitzen; esate baterako, asteko 40 orduko lanaldia». Azken horren bueltan iragarri du, Zumaiako Malen Etxea emakume etorkinen elkarteak, «bertan bizi den etxeko langilearen lana abolitu» nahi dutela.
Gaia oso zabala eta konplexua da, baina laburbilduz Enara Kooperatibako ordezkariak dioena da, «zaintza eta etxeko lanak erregulatu» egin behar direla, eta zaintzaren ardura «publiko-komunitarioaren» gain erori beharko lukeela.