Aski da «maite dut» ozen esatea? Ez, egunerokoan ez bada hori demostratzen behintzat. Aski da euskararen aldeko festa erraldoietara ikurrinarekin joatea? Ez, euskaraz mintzatzen ez bagara. Aski da ni euskalduna naiz esan, eta kultura eta hizkuntza ez zaintzea? Ez nire ustetan. Hitzak haizeak eramaten ditu, udazkeneko hosto lehorrak bezalaxe. Euskaraz ba omen da zerbait, hitzekoa izatea. Ez dakit ba nik, usteak hala izango dira, baina badira euskaldun ugari horrelakoak ez direnak. Abestiak dio, «hitz bakar batek sua pizten du maiz», «ez» batek haserreak sarritan, baiezkoek poza agian. Edo alderantziz. Zu etxerako eta zu kalerako, jolaserako eta lanerako. Euskaraz bizi dena eta euskara bizi duenak ondoan nahi ditut, gurea aldarrikatuz eta zainduz. Hitz bakar batek sua pizten badu, imaginatu zer nolako poza sentitzen dudan hitz baten ondoren beste bat datorrenean. Eta are gehiago, euskalki ezberdinetan hitzak ikasten ditudanean.
Eskertuta nago nire ama hizkuntzak eman dizkidan bizipenak bizitzeagatik, hitz askorekin zirrara sentitu dut eta Euskal Herri anitz hau batu duela iruditzen zait. Hitz guztiak ez dira goxoak, politak badira bortitzak direnak ere, baina ni momentu eta hitz politekin gelditzen naiz. Ba al da ba zerbait hoberik, Eskoriatzako baten ahotik «politxoi» entzutea, Baztango hizkera goxoan ipuin bat entzutea, Dorraoko baten aho-bihotzetik «asko nahi duzut politta» entzutea baino. Milesker aunitz, esker mile, eskerrik asko eta mila esker nire bizitzan euskalki, hitz eta esamolde berriak erakutsi dizkidan bakoitzari. Euskarari eutsi eta zabaltzen duenari. Ni Ahobizi naiz. Eta zu? Entzuteko prest bazaude, Ahobizitik gertuago izango zara. Erronka hau jo, ez gorde golkoan, garaipen txiki asko daude jokoan, ari entzun, entzun ari, martxan ipini aho eta belarri!