Zuzenki aholkularitza enpresak era askotako aholkularitza zerbitzua eskaintzen du: aholkularitza fiskala, kontablea, laborala eta juridikoa; autonomoak, enpresa txiki eta ertainak eta kooperatibak; higiezinen alokairu eta salerosketa; kultur elkarteak eta fundazioak; gestori zerbitzuak; abokatu zerbitzua; aseguruak; eta komunitateen administrazio zerbitzuak kudeatzen dituzte. Lazkaoko herrigunean daukate bulegoa, Hirigoien kaleko 7. zenbakian. Aurrekoan bezala, aurtengo Euskaraldian ere arigune izateko izena eman dute.
Euskaraz bizi dira bertako langileak, eta lanean ere euskaraz egiten dute egunerokotasunean. Irantzu Amundarain (Lazkao, 1973) Zuzenkiko arduradunak azaldu duen bezala, ez zaie zaila egingo arigune izatea, «normalidade baten barruan» izango baita: «Guk lana eta gure bizitza euskaraz egiten dugu. Nahi eta nahi ez sartu beharra geneukan Euskaraldian arigune bezala, beti egiten dugun zerbait delako». Bezero batzuek gaztelerazko zerbitzua eskatzen duten arren, ez da ohikoena, orokorrean euskaraz egiten dute-eta.
Lanerako dokumentuak ere euskaraz dauzkate. «Nominak, fakturak, kontratuak… badago tarteka baten bat erdaraz egiteko eskatzen duena, baina oso gutxi. Hala eskatzen badigute bakarrik egiten dugu erdaraz». 2020ko Euskaraldian ere arigune izan zen Zuzenki. Eskaparatean arigunearen pegatina jarriko dute jakinarazteko, nahiz eta bezeroek jakin badakiten bertan euskaraz egiten dela.
Arigune bezala euskara sustatzeaz gain, langileek ahobizi bezala eman dute izena Euskaraldian. Amundarainek azaldu duenez, urte guztian ere hartzen du ahobizi rola, pinik eraman gabe: «Lagunartean elkarrekin euskaraz egiten dutenak badaude. Badakite nik euskaraz erantzungo diedala, eta agian euskaraz hitz egiten ahalegintzen dira. Beste batzuekin erdaraz eta euskaraz aritzen gara. Ni euskaraz eta haiek erdaraz». Urtean zehar egiten duten ariketa Euskaraldian ere aplikatuko dute, lanean zein kalean.