Maddi Lopetegi (Ordizia, 2002) eta Irati Zubizarreta (Beasain, 1998) Goierriko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistako kideak dira. Azken asteetan Beasainen Emakumeontzako babes-pisua orain! lemapean borroka bat abiarazi dute, ondoren, azaroaren 25eko testuinguruarekin lotuz.
Zer eskatzen duzue abiarazi berri duzuen borroka honetan?
Maddi Lopetegi: Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistatik eta indarkeria matxistari aurreko egiteko asanbladetatik Goierriko herrien inguruko ikerketa bat abiarazi genuen, indarkeria matxista testuinguruak saihesteko nahiz horien aurrean babes mekanismoak sortzeko asmoz. Horrela, ohartu ginen Beasainen etxe giroan indarkeria matxista pairatzen duten eta babes sozial nahiz baliabide ekonomikoen gabezian aurkitzen diren emakume langileek ez dutela egoera horretatik askatzeko babes pisurik herrian. Batetik, badakigu gaur-gaurkoz Beasaingo Udalak emergentzia etxe bat duela, zeinak bat-batekotasuneko kasu anitzak jasotzen dituen. Alabaina, indarkeria matxistari aurre egiteko babes pisuak emergentziazkoetatik bereizten dira eta guk biak berma ditzan eskatzen diogu udalari. Izan ere, egoera zaurgarrian diren emakume horien arretak babes pisu zehatzak behar ditu. Bestetik, jakitun gara Beasaingo Udala ez dagoela legez derrigortuta babes pisu hau izatera; baina, biztanleria kopuru handia duen herri batean oinarrizkoa iruditzen zaigu babes espazio hau existitzea, gainera, badakigu biztanleria kopuru berdintsua duten herri askok badutela.
Irati Zubizarreta: Are gehiago, iraganean bazegoen emakumezkoentzako babes pisu hau. Baina, diote kudeaketa nahiz erabilpen eskasia medio, pisu honek bere izaera aldatu zuela, antza, egun dagoen izaera anitzeko emergentzia etxea bilakatuz. Guk udalari pisu zehatz hori berreskura dadin eskatzen diogu, emergentziazko etxetik bereizita. Harrigarria da, gainera, Beasaingo Udalak ez duen emakumezkoentzako pisu honen eskaintza egiten duela webgunean. Oso larria iruditzen zaigu hau, pisu horren beharra duen emakume langilearen kontrako engainu bat
baita.
Zergatik diozue garrantzitsua dela instituzioen mugetatik kanpo antolatzea?
I.Z.: Aurretik esandakoa soilik adibide bat gehiago da instituzio burgesen (kasu honetan, udaletxea) borondate erreal eza nahiz baliabide eskasia erakusten duena. Izan ere, martxan jartzen dituzten baliabide, diru laguntza zein bestelakoak momentuko gaitasun nahiz interes ekonomiko eta politikoen araberakoak dira, egun batetik bestera murrizten direnak. Are gehiago, hauek ez dute emakumea bere egoeratik askatzen; kontrara, egoera miserableen kudeaketa besterik ez dute egiten, maiz emakumea eskaintzen dioten edozein aukera onartzera derrigortua izanik. Honek, egoera betikotu baino ez du egiten, zapalkuntza bera erreproduzitzen duen gizarte ordena ez baita zalantzan jartzen. Gainera, udaletxetik martxan jartzen diren berdintasun planak edota kontseilu feministen sorrera aurpegi zuriketa eta herrian diren espresio ezberdinak haien kontrolpean izateko mugimendu bat gehiago dira (haien kontra etor ez daitezen).
M.L.: Gure ustez, zapalkuntzaren ondorioak arindu baino, martxan jartzen dugun baliabide zein borroka orok helburu izan behar du egoera hau normalizatzen duen gizarte eredua gainditzea. Hala, nahiz eta Itaiatik ulertzen dugun babes pisu hauek eta ematen den arretak ez diotela indarkeria matxistari errotiko aterabiderik ematen, gaur-gaurkoz beharrezko eta oinarrizkoak direla ulertzen dugu.
Azaroak 25erako mobilizazio deialdi propioa ere egin duzue, horrek ere izango du lotura aurretik aipatutakoarekin.
M.L.: Bai. Azaroaren 25ean Beasainen 19:30ean Bideluzetik abiatuko den mobilizazioak lotura zuzena izango du martxan dugun borrokarekin. Alde batetik, udalari babes pisua berreskura dezan eskatzen diogu; bestetik, instituzio burgesen fartsatik kanpo antolatzeko deia zabaldu nahi dugu. I.Z.: Ulertzen dugu indarkeria matxistarekin amaitzeko honen errora joan behar dugula. Berau mantentzen duen gizarte eredua aztertuz eta horren mantenua gauzatzen duten instituzio nahiz bitartekoak seinalatuz. Horregatik, martxan dugun borroka nahiz mobilizazio egun orok gizarte berri bateranzko norabidean ekarpena egin behar du.