Itsasondoko Udalak basoak biziberritzeko proiektua du esku artean. Onddo zuria eta bi motatako trufak inokulatu dituzte.
Itsasondoko Udala herriko basoak biziberritzeko lanean dabil. Duela bi urte onddo ezberdinen inokulazio proiektua jarri zuen martxan eta, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, inokulazioak egin ditu mendi publikoko hainbat arboletan. Batetik, 30 zuhaitzetan bi motatako trufak inokulatu dituzte, eta 50 haritzetan boletus edulis, onddo zuria. Bestetik, gaztainondoak berreskuratzeko pitolitus ontorius onddoa sartu dute gaztainondo gazteetan. Ultzamako (Nafarroa) perretxikoen kotoko kideekin eta Palentziako (Espainia) mendi ingeniaritza eskola batekin ibili dira lanean proiekturako.
Prozesu «sinbiotikoa» da onddoen eta zuhaitzen artekoa. Iñaki Aizpuru Itsasondoko alkateak azaldu duenaren arabera, arbolek onddoak behar dituztelako, eta onddoek arbolak: «Zuhaitzen sustraietan bizi da onddoa, eta zuhaitzak karbohidratoak ematen dizkio; onddoak, berriz, gatz mineralak ematen dizkio arbolari. Bi espezieak irabazten ateratzen dira». Onddo zuria, boletus edulis, berez badago inguruan, baina horiek ugaritzeko inokulazioak egin dira. Balio gastronomiko eta ekonomikoa izan dezake. Trufaren kasuan, trufa zuriarekin egin da proba, bertako arboletan ondo moldatzen delako. Trufa beltzak beste arbola eta terreno mota batzuk behar dituenez, «artea batez ere», Gasteiztik (Araba) hegoaldera inokulatu ohi dira. «Zuriak haritzekin edota hurritzekin joan daitezke». Tuber borchii eta Tuber aestivum izena dute inokulatu dituztenak.
Naturak denbora behar du, eta inokulazio prozesu hori ere geldoa da, ez du bat-bateko emaitzarik ematen. Boletusak 20 urtetik gorako arbolak behar ditu fruituak eman ahal izateko, eta beraz, Itsasondon, «duela 30 urte landatutako harizti batean ari dira». Iaz egin zituzten boletus edulis inokulazioak, baina lauzpabost urte behar dituzte emaitzak emateko. «Zain gaude, beraz, dena probak egitea da».
Prozesuak eragina izango duen denborak esango du. Fruituak eman ala ez, baina, basoa aberasteko baliagarria izango da, «ikusten ez den arren, onddoak behar-beharrezkoak» direlako, «arbolek eta onddoek elkarren laguntza behar dutelako».
Gaixotutako gaztainondoak
Onddo zuriaz eta trufez gain, gaztainondo batzuetan Pisolithus tinctorius onddoa inokulatu dute. Gaztainondoak berreskuratzea da helburua. Cryphonectria parasitica eta Phytophtoracinnamomi patogenoek eraginda, txankro eta tinta gaitzak hedatu dira azken hamarkadetan gaztainondoetan. Horren eraginez, gaztainondo batzuk hondatuta daude, «nahiko era kaxkarrean». «Orain dela 100 bat urte Goierri aldean oso garrantzitsuak ziren gaztainak baserrietan, baina desagertzen joan dira gaitz horiengatik». Pisolithus tinctorius onddoa txerto moduko bat izan daiteke gaixo dauden arbola horientzat. Gazteetan emanez gero, emaitza onak dituela frogatu dute, baina zaharretan oraindik ez. Itsasondon egin dute proba. «Gaztainondoek asko sufritu dute eta txertoarekin berreskuratzeko aukera izango genuke».
Ultzamako perretxikoen kotoarekin dabil lanean udala. Ultzamakoen bidez, inokulazio horietan aditua den Palentziako mendi ingenieritza eskola batekin harremanetan jarri ziren, han inguruan «asko lantzen» ari direlako gaia. «Leon, Galizia, Extremadura, Salamanca…eremu horretan gaztainondo asko landatzen ari dira, eta hemen saltzen diren gaztaina asko handik ekarritakoak dira». Gaztainondoak berreskuratzearekin batera, produktu ekonomiko bat ere berreskuratuko litzateke, garai batean Euskal Herrian ere garrantzia handikoa izan zena. «Hemen hezetasun handia daukagunez, onddoak onerako eta txarrerako gustura ibiltzen dira».
Etorkizunari begira
Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzekin daramate aurrera proiektua. Urtez urte egindako lanek ez dute momentuan emaitzarik emango, baina helburutzat jo dute «etorkizuna». Egurra modu azkarrean ekoizteaz aparte, «etorkizunera begira beste aukera batzuk» planteatu dituzte, bertako zuhaitzei lehentasuna emanez, «klima aldaketarekin basoak inportanteak» baitira. Arbolak osasuntsu izateko inokulazioak garrantzitsuak izango dira, ekarpen gastronomikoaz aparte. «Ez da egurra azkar eta merke ekoiztea bakarrik, eukaliptoarekin bezala, beste aukera batzuk badaude interesgarriak izan daitezkeenak», azaldu du Aizpuruk.
Inokulazioak egitea ez ezik, haritzak, lizarrak, gereziondoak eta gaztainondoak landatu dituzte Itsasondon aurten. Guztira, urte amaierarako, ia 5.000 zuhaitz landatuta izango dituzte. Ezkurra bildu, landatu, sartu… Murumenditik behera begira ikusten den basoetan dabiltza lanean. Mendi publikoa berreskuratzeko ahaleginak egiten ari da udala basoak biziberritzeko eta bertako zuhaitzei eta onddoei haien lekua egiteko. «Basoek ematen dituzten onura publikoek eramaten gaituzte mendia eta terrenoa publikoa bihurtzera».
Azaroaren 15eko asteburuan asteburu mikologikoa antolatu zen Itsasondon. Herritarrek inokulazio eremua ezagutzeko aukera izan zuten, eta proiektuaren nondik-norakoak hobeto ezagutzeko. Urte batzuk itxaron beharko dituzte emaitza onak izango dituen jakiteko.
Sustraietatik doa inokuloa barrura
Onddo zuria inokulatzeko, haritzen inguruetan zanga batzuk egiten dira, sustrai txikienak puskatzeko eta barruan sartzeko inokuloak. Ondoren, berriz lurrarekin estaltzen dira zanga horiek, sustraien mikorrizazioa gerta dadin onddoaren mizelioarekin topatzean. Trufen kasuan, trufa putzuak egiten dira arbolen inguruan. Bertan PH sustratu bat, trufa inokuloa, mikorrizazioa errazteko bakteria bat eta lurra nahasten dira, eta zuloa estali hesi batekin, basurdeek jan ez zezaten.
Azkenik, gaztainondoen kasuan, gaixotutakoen enborretan zanga erradial batzuk egiten dira, eta bertatik sartzen dira inokuloak. Sustraiek eta inokuloak bat egin dezaten, berriz ere estaltzen dituzte lurrarekin.