Proiektuan parte hartzeko gonbita onartu zuen familietako bat da Furundarena-Agirre sendia. Beasainen bizi dira. Seme zaharrenak, Kimetzek, 14 urte ditu; «ezintasun fisiko ugari ditu», kontatu du Aitorrek, Kimetzen aitak, kognitiboki, berriz, «ez dauka arazo berezirik, besteok bezalakoa da», osatu du. Proiektuan parte hartzeko aldeko arrazoien artean «erantzukizuna» nabarmendu du Aitorrek.
Ezintasunak dituzten pertsonak dauden familien artean, sortzen da, halako «konplizitate bat». Nahiz eta norbere errealitatea bizi, enpatia dago, nolabait, elkar ulertzen dute. Gaixotasun arraroak dituzten pertsonen eskubideak bermatze aldera, afektatuen ahotsa entzutea oso garrantzitsua da. Haien esperientziatik asko ikas daitekeelako, finean, eurak direlako egunerokoan izan ditzaketen hutsuneak ondoen identifikatuta dituztenak.
Kimetzek, gurpildun aulki elektrikoa darabil, eta bere egunerokoan, «irisgarritasun trabak, oztopoak…» dira gehienbat gertatzen zaizkionak. «Gizarte honek pentsatzen ez duen egoera bateko parte gara», gogoeta egin du Aitorrek. Egunerokoan topatzen dituen traba horien artean batzuk aipatzearren; «Beasaingo kiroldegian, sartu daiteke, baina norbaiten laguntza behar du, eta udaletxeko goiko aldean, udaltzainen eremuan ere, ezin da sartu». Eraikin publiko guztiak, eta Aitorrek dioen moduan «erraz konpon daitezkeen gauzak dira». Beste egoera batzuk, «agian konpontzeko zailagoak direnak dira, ibilgailuak gaizki aparkatuta daunean».
Aitor Furundarena, Kimetzen aita: «Ikasteko asko dugu, eta gauzak aldatu nahi baldin baditugu, bakoitzak gure aldetik jarri behar dugu»
Horrelako egoerak gerta ez daitezen, «ikasteko asko dugu, eta gauzak aldatu nahi baldin baditugu, bakoitzak gure aldetik jarri behar dugu», horretan laguntzeko, «guk gure ekarpenak egin behar ditugu, nahiko era naturalean», adierazi du Aitorrek.
Ohikoa ez den egoera bat
Kasu berezia da Kimetzena, eta ez oso ohikoa; «Irisgarritasun oztopoez harago, Kimetzen bizitza, bai eskolan, bai lagunekin, bere jardueretan, bere harremanetan, oso normala da, zoriontsua da!». Hori partekatzea, oso interesgarria iruditu zitzaien proiektuko ikertzaileei. Hori guztia, «normaltasun handiarekin» bizi dute Kimetzen etxean eta inguruan. Era berean, konturatzen dira, «ez dela oso ohikoa normaltasun hori». Kimetzen antzeko egoeran egon litezkeen beste pertsona batzuk «apartatzeko joera dago, edo beraiek apartatzen dira». Kimetzena, ordea, «erabat integratuta dagoen pertsona baten kasua da».
Horregatik ere, esperientzia partekatzeko beharra ikusi zuten; «hain positiboak ez diren esperientziak kontatu egin behar dira, oztopoei irtenbideak jartzen hasteko bidea baita, baina interesgarria da baita ere, esperientzia positiboagoei ahotsa ematea, eta hori da gure kasua!», adierazi du Kimetzen aitak.
Proiektuaren inguruan, eta abian jarritako ikerketa eta hausnarketaren inguruan iritzi «positiboa» du Aitorrek. «Ekarpenak egiten ditugu» eta egoera desberdinak «ikusarazten ditugu», eta hori da «oso garrantzitsua».
Horrez gain, «guk ere ikasten dugu, beste egoera batzuk dituzten pertsonekin eta familiekin harremantzen gaitu».
Osasun, hezkuntza eta giza kohesioa, inklusioaren alde