Esango nuke denbora gehiegi galtzen dudala ulertezinak zaizkidan jarreren arrazoiak argitu nahian. Hasieran beti egiten dut ahalegintxo bat, morroi irekia naiz, open minded, baina duela ez asko erabaki nuen buruhauste asko, hausnarketa gehiegi, denbora inbertsio handiegia eta erantzunak bainoago galderak planteatzen zituzten kasuetan amore emango nuela. Adibidez, tenperatura hamar gradutik beherakoa denean orkatilak estali gabe eramateko fenomenoaren aurrean. Ene une sinpatikoenetan enpatia ariketa goren bat eginda ere jarraituko nuke buruarekin ezetz egiten eta «zuek gaixotu egin nahi duzue» pentsatzen.
Erretzeari utzi nionetik azken bi urteotan gerri bueltan pilatutako gantzak kentzeko asmoarekin atzera kiroldegira joaten hasi naizenetik, konturatu naiz inguruan izerditan ikusten ditudanetako asko gero ez direla instalazioko aldageletan dutxatzen. Ulertuko nuke hori egitea ur berorik ez balego, baina oraindik ur beroa eskaintzen du udalaren zerbitzu publiko horrek. Konstatazio bat: izerdituta eta orkatilak bistan kiroldegitik etxera edo auskalo nora joaten diren gehienak 40-45 urtetik beherakoak dira.
Oso oker ez baldin banago, behintzat, guri erakutsi ziguten kirola eginez izerdituz gero komenigarriena zela ez hoztea, eta, horretarako aukera baldin bazegoen, berehala dutxatzea. Ez da pedagogia gehiegi behar hori barneratzeko eta ulertzeko, ez eta eskola orduetatik kanpoko jarduerarik ere. Futbol taldean denok elkarrekin dutxatzen ginen entrenamenduen edo partiden ondoren, eta, orduan kontziente ez ginen arren, hura ere taldetasuna indartzeko modu bat zen. Orain, antza, nerabe batzuk etxera joaten dira dutxatzera. Jakin nahiko nuke zergatik egiten duten hori, nork irakasten dien, zein eredu segitzen duten.