Intza Urrestarazu Iturrioz (Ordizia, 2005) Ikama ikasle antolakundeko kidea da eta abenduaren 15erako greba deialdia du deituta antolakundeak.
Abenduaren 15ean greba deitu du Ikama ikasle antolakundeak. Zergatik egin duzue mobilizatzeko deia?
Zuenak ez digu balio. Hezkuntza gure neurrira lemapean egin dugu greba deialdia, izan ere, hurrengo ikasturteak arautuko dituen hezkuntza lege bat dugu aurrean eta uste dugu ez dela gure beharretara egokitzen. Mobilizazio honetan gure ideiak plazaratuko ditugu, hauek kontuan har ditzaten eta ikasleok erdigunean izango gaituen hezkuntza eredua aldarrikatzeko.
Ikamaren aldarrikapenak legea osatu aurrekoak dira.
Gure hitza eta beharrak kontuan hartzeko exijitu genuen lege hau osatzeko prozesu horren hasieran, baina haien jarrera ikusita, mobilizatzeko beharra ikusi dugu, lege honen zirriborroak ez baitu aurrera urratsik ematen orain arteko hezkuntza sistemari dagokionean. Ikamatik argi dugu errotiko aldaketak behar ditugula hezkuntzan eta honen alde borrokatze aldera Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak hartuko ditugu. Goierriko zenbait ikastetxetako ikasleok Donostian mobilizatuko gara, 12:00etan Bulebarretik abiatuta.
Zein izango dira mobilizazio honen aldarriak? Nolako hezkuntza eredua behar duzue ikasleek?
Mobilizazio honetan bost aldarri nagusi izango ditugu, gure beharretara egokitzen den hezkuntza sistema horretara bidean. Ikasleon neurrira egindako hezkuntza feminista, inklusiboa, euskalduna eta ekologista behar dugu.
Hezkuntza feministaren beharra azpimarratuko dugu. Sistema zisheteropatriarkalak ezartzen dizkigun genero eta sexu rolak irauli eta balore eta eduki feministak izango dituen hezkuntza sistema behar baitugu, zaintza erdigunean izango duena. Ikastetxeetako protokolo feminista eraginkorrak eta espazioen birformulaketa beharrezkoak dira ikastetxeetan.
«Goierriko zenbait ikastetxetako ikasleok Donostian mobilizatuko gara abenduaren 15ean, 12:00etan Bulebarretik hasita»
Hezkuntza inklusibo eta publikoa ere eskatzen du Ikama ikasle antolakundeak.
Hori da, hezkuntza inklusibo, publiko, laiko eta doakoaren beharra azalduko dugu, non bereizketarik egongo ez den, izan sexu, arraza, klase sozial, erlijio edota beste edozein ezaugarri dela eta. Horrez gain, hizkuntza eta herri nortasuna ardatz izango dituen hezkuntza euskalduna behar dugula adieraziko dugu. Euskaraz ikasteko eskubidea dugu eta Euskal Herriko txoko guztietan azterketak euskaraz egitea ezinbestekotzat dugula ozen oihukatuko dugu.
Pedagogia eredua ere errotik aldatu beharra dagoela uste dugu, ebaluazio sistemarekin batera; eta ikasleon osasun mentala zaintzeko tresnak eskaini behar ditu hezkuntzak. Horrez gain, egun horren ohikoa den kontrol sozialarekin amaitzeko beharra aldarrikatuko dugu.
Ingurumenari arreta berezia jartzea aldarrikatzen duzu Ikamak. Zergatik?
Krisi ekologikoaren testuingurua kontuan izanik, hezkuntza ekologista izan behar delakoan gaude. Bizi eredu bizigarriak behar ditugu ikasleok eta horretarako kontzientziazio planak, mugikortasun plan jasangarriak eta jantokietako elikadura burujabetzarako apustua ezinbestekoak dira, amalurrarekiko ezagutza bermatuko duten edukiez gain.
Horregatik, mobilizazioetara batzeko deia egiten dugu, gure neurrira egindako hezkuntza sistema behar dugulako. Abenduaren 15ean Goierriko ikastetxetako ikasleok Donostiara!