Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Ia 20 urte dituen gutuna aurkitu dut. Badaezpada gordetzen diren horietakoa da, inoiz erabiltzeko. Badaezpadek 20 eguneko iraungitze data izan behar omen lukete. Epe motx samarra ez ote den. Dagoeneko itxita dagoen enpresa bateko komertzial batek erakutsi zidan. Ez zen Goierriko enpresa, baina urrutikoa ere ez. Ordu erdiz edo izango nuen eskuetan, baina nahikoa bueltatu aurretik transkribatu ahal izateko. Hori da gordeta daukadana.
Galiziako bezero batek bidali zien, hango eta hemengo erdaran idatzia. Norentzakoan, baina, enpresaren eta herriaren euskarazko izena, Gipuzkoa eta Euskal Herria ageri dira. Regularizacion de toponimos dauka izenburutzat eta honelatsu dio: «Jakinarazi nahiko nizueke gure egoitzaren helbidea oker idazten ari zaretela behin eta berriro. Zuek erabiltzen dituzuen izenek ez dute lekurik gure kultura, historia eta tradizioan, ezta gaur egungo legerian ere. Pentsatzen dugu akats horiek egiteko arrazoia izango dela datu-baseak eguneratu gabe izatea edo gaia ez ezagutzea. Hori dela eta, honakoak zuzendu ditzazuen idazten dizuet:
Okerreko erabilerak: La Coruña eta Laracha.
Erabilera zuzenak: A Coruña eta A Laracha.
Zuen interesa eskertuz, edozein zalantzatarako, laguntzeko gertu naukazue».
Ohiko agurrak eta adeitasuna adierazten zituen gutunak hondarrean. Ez zen hor amaitzen, ordea. Bazekarren bere post-data: «Bien bitartean, enpresa honetan, goian azaldutakoa onartu edo kontuan hartzen ez duen gutunik ez dugu irakurriko». Eta parentesi irekia zekarren, ondoren: «Uste dugu badela ordua gure kultura eta historia aitortu eta errespetatzeko».
Parentesia ixtea ahaztu zitzaion egileari.