Izaro Osinalde Elgarresta (Gabiria, 2002) musikaria da. Alargun Beltzak taldeko tronpeta-jotzailea da eta sekulako bilakaera izan du taldeak azken urtean.
Nola hasi zinen musikan eta nola murgildu zinen Alargun Beltzak proiektuan?
Txiki-txikitan hasi nintzen musika munduan. Lehenengo Gabiriako musika eskolan musika klaseak jaso nituen, eta ondoren, Legazpiko musika eskolan, tronpetako klaseak.
Alargun Beltzak proiektuari dagokionean, nahiko ezustean harrapatu ninduen zerbait izan zen. Tronboi irakaslearengandik etorri zitzaidan eskaintza, izan ere, bere ezagun batek proiektu honen berri eman zion eta nigan pentsatu zuen eta gustura hartu nuen eskaintza.
Hasi zinetenetik sekulako bilakaera izan du taldeak.
Pandemiak eztanda egin zuenean hasi ginen eta biltzeko ezintasuna tarteko, zailtasunak izan genituen. Hau hala izanik, taldekideen etxeetan hasi ginen entseguak egiten eta eguraldiaren arabera baita kalean ere. Musika eskola batean ere entseatu izan dugu eta pixkanaka-pixkanaka, batetik bestera, gure espazioa bilatzen aritu gara. Azkenean, lortu dugu entseatzeko lokal bat eta buru-belarri gabiltza.
«Betiko espazio txikietatik Donostiako Piratetan jotzera pasa ginen, Flamenka hankaz gora jarriz»
Hasieran proiektua elektrotxaranga bat sortzea zen eta jo izan dugu mugimenduan, elektrotxaranga formatuan ere, baina pandemiaren testuingurua tarteko, eskaera gehienak leku finko batean jotzeko izan dira, elektrotxaranga izaera alde batera utziz eta talde izaera hartuz.
Bilakaerari dagokionean, testuinguru zail batean hasita leku txikietan eta publiko urriago baten aurrean izan ziren gure lehen emanaldiak, baina urtebeteko epean gure betiko tabernetatik eta espazio txikietatik Donostiako Piratetan jotzera pasa ginen, Flamenka hankaz gora jarriz eta jendez lepo betez. Kontzertu honek arrakasta handia eman zigun.
Azken urtean emakumezkoen taldeak oholtzak irabazten ari zarete pixkanaka.
Bai azken urtean gero eta emakume talde gehiago gaude oholtzan, baita emakumez osatutako talde gehiago ere. Gure kasuan ia taldekide guztiak emakumeak gara eta bide honetan halako beste talderen bat edo beste ere ezagutu dugu. Bide onetik goazela iruditzen zait, izan ere, emakumeok gero eta onartuago gaude musikan eta oholtzan eta gure proiektuak aurrera eramateko ate berriak zabaldu dira ondorioz. Sarritan musikan emakumeek izandako tratuaren ondorioz beldurra izaten du jende askok horrelako proiektuetan murgiltzeko eta gurea bezalako taldeek pauso hori ematen lagun dezaketela uste dut. Beraz, pertsona oro animatu nahiko nuke musikara batzera eta ondo pasatzera, esperientzia bikaina baita.