Elixabete Garmendia Lasa • Kazetaria
Izen exotikoa da Qatar, Mila gau eta bat gehiago-ko ipuinetan azaltzeko modukoa. Bagenekien Ekialde Hurbilean zegoela, baina mapan kokatzeko gai ez. Harik eta bizilagun bat hara joan zen arte, egun batzuetarako, lan kontuengatik; Goierriko enpresa batean ziharduen, eta Qatarko gas edo petrolio hodietan konponketa batzuk egitea suertatu zitzaion.
Itzuleran, Qatarko kronika egin zigun. Hasteko, hango bero –literalki– itogarria. Hurrena, Doha hiriburuan eraikitzen ari ziren etxe orratz eta eraikin fantastikoak deskribatu zizkigun: hango luxu jarioa! Eta segidan, Qatarren aurkitu zituen India, Pakistan eta abarretako langileen bizimoduaz hitz egin zigun: nola lo egiten zuten kontzentrazio eremu erraldoietan itxita, kontainer moduko barrakoietan; atsedenerako apenas astirik, lan ordutegi ikaragarri luzeengatik. Zeharo kupituta egin zigun kontakizuna, ahaztezina. Langileentzako barrakoi horiek Munduko Kopa ikustera joan ziren futbolzaleetako batzuek ere probatu dituzte. Telebistan ikusi nituen, kexati, halako leku narrasetan lo egin behar izateagatik. Hotelak ez zeuden, nonbait, edonoren esku.
Atzera jota, Qatarren historia kolonizazioari lotuta dago, hasi Portugalekin XVI. mendean, eta bukatu 1971n, Britainia Handiko protektoratu izateari utzi zionean. Al Thani familiak gobernatzen du emirerria, botere ahalguztidunez; ez dago alderdi politikorik, ezta sindikaturik ere. Demografiaren aldetik, patchwork bat da Qatar: hiru milioi biztanletatik ehuneko 12,5 bakarrik dira bertako jatorrikoak. Kanpoko langileen emanak biztanleen % 70 gizonezkoak izatea eragin du. Nolatan? Familiak hara aldatzea debekatuta dutelako.
Herrialdeko arauen arabera, «emakumeek gizonen baimena lortu behar dute ezkontzeko, gobernuaren bekekin atzerrian ikasteko, enplegu publiko askotan lan egiteko, adin jakin batzuetara arte atzerrira bidaiatzeko eta ugalketa-osasuneko zaintza jakin batzuk jasotzeko». (Rothna Begum: Emakumeei beren bizitzaz erabakitzea ukatzen diete Qatarren, Berria, 2022-12-11).
Kontua da Futbolaren Munduko Kopa dela-eta, Qatar usaintzeaz gain, goi mailako futbolaren sareak mugitzen dituen atzaparrak noraino iristen diren antzeman dela. 2010eko FIFAgate hura nahikoa ez, eta orain QATARgate-a daukagu, non eta Europako Parlamentuan. Zer eta sozial-demokraten taldeko Eva Kaili, ganberako presidenteordearen eskutik. 2017an Qatarko Finantza ministroak 200.000 milioi (bai, berrehun mila milioi) dolarreko aurrekontua kalkulatzen zuen Munduko Koparen prestaketarako. Zakilixuten hitzetan (Berria, 2022-12-14), «Qatarren bero jasanezina… eta diru freskoa».