Patxi Garmendia ‘Mendigar’ • Ordizia
Udazkena bere azkenetan da. Egunak laburrak dira oso, gauak eta itzalak, aldiz, amaigabeak. Neguko solstizio-egunak dira, gabon edo eguberri egunak. Eguberria eta festa eskutik helduta datoz. Baina, nola ospatu ote dira horren aspaldikoak ez diren garaietan jai hauek munduko txoko honetan? Neure oroitzapenari eta nire haurtzaroan etxean entzundakoei helduko diet.
Abenduaren 6a, San Nikolas edo «Apezpikutxoen» eguna, izaten zen gehienentzat Eguberri-ospakizunen abiapuntua. Urteko jai-egutegian umeek gogo handiz itxaroten zuten egunetako bat zen. Eurak ziren Bariko gotzaina gorpuzten zutena, etxez etxe kantu-eskean aritzen zirelarik. Gipuzkoan Errege Magoak eta Olentzero sustraitu aurretik, San Nikolasen aitzakian egiten zen opari-festa handiena gaztetxoentzat. Europa iparraldean asko dira gaur egun ere ohitura honi eusten dioten herrialdeak. «Aingeruak gara, zerutik gatoz, poltsa badugu, eskean gatoz». Halaxe kantatzen zuen gure amonak Nikolas Santuaren egunean.
Festa honek 50eko hamarkadaren hasiera arte iraun zuen Ordizian, adinekoek diotenez. Badira inguruan, ordea, egun horretako kantu-eskeari gogor eusten dioten herriak, hala nola Segura, Zegama, Legazpi edo Arrasate. «San Nikolas, triskilitras!» kantatzen dute…
Konturatzerako Gabon Gaua eta ondorengo Eguberri Eguna gainean ditugu. Elkartzeko egunak dira. Familiek eta lagunek mahaiaren bueltan dute hitzordua. Ez daudenak inoiz baino presenteago izaten ditugu mahai horretan. Hator, hator, mutil etxera… doinuak hartzen ditu herria, kaleak eta etxeak.
Euskadin eta Ordizian Gabon Gauaren eta Gabon Kanten artean sortzen den sinbiosia berezia da oso. Kaleak alaitzen dituzten Gabon Kanta horiek are bereziagoak dira Ordizian. Ordizian idatziak dira, mundu osorako. Aipatzekoak dira, besteak beste, Juan Jose Aranbururen Artzai soinua- Zer zabiltzate artzaiak, Luis Urteagaren Eguarri Bezpera eta Kantatu dezaiogun.
Aranburuk zuzendutako banda
Aitak zioen, XX. mendeko eguberri ordiziarretan zeozer berezirik bazen, hura Juan Jose Aranburuk zuzendutako Udal Musika Banda zela. Musikari taldeak Gabon Gaueko «erritu» handienaren arduradun ziren. Ordiziako gabon kanta nagusia interpretatzen zuten: Zer zabiltzate artzaiak.
Preludio eta zati nagusietan banda osoak jotzen zuen, bere instrumentu-potentzial guztiarekin. Gainerako musika-pasarteetan, plantillaren erdia koru bihurtzen zen, eta beste erdiak, berriz, laguntza instrumentala ematen zuen. Berezitasunetako bat taldeko kide bakoitzak eraman beharreko tramankuluetan zegoen. Instrumentuaz eta partitura-bildumaz gain, kristalezko farola bat eraman behar zuen. Bandak «prozesio pausoan» eta argia egiten zuen kandela ez itzaltzeko adi-adi egiten zuen aurrera, magia eta trebetasun handiz, partitura ilunpetan geratu ez zedin.
Argi-ilunean, musika-doinu sarkorretan eta elkartasunean dago Eguberriaren magia. Zer zabiltzate artzaiak… hasi gara entzuten urrunean… Eguberri on ordiziar eta goierritar guztioi!