Goierrin zegoen filatelia eta numismatika elkarte bakarrak amaitu du bere zikloa. Errelebo faltak eta bildumazaletasunarekiko interes eskasak bultzatuta, Aldaketak agur esan du.
Ia 45 urteko ibilbidearen ondoren, bertan behera utzi du jarduera Goierriko filatelia eta numismatika elkarte bakarrak. Aldaketa zuen izena, eta Urretxun zuen egoitza. Zigiluen, txanponen eta dominen bilduma egiten dutenak eskualdetik kanpora joan beharko dira aurrerantzean.
Aldaketa elkartea 1977ko azaroan sortu zen, hainbat bildumazalek egindako erakusketa baten ondoren eta Jose Mari Mendiolak bultzatuta. 1978ko apirilaren 17ra arte ez zuen izaera ofizialik lortu, eta hurrengo urtera arte ere ez zen sartu FESOFO euskal federazioan.
Garai haietan Goierri kirol elkarteak Gernikako Arbola plazan zuen eraikinean jarri zuten egoitza, beheko solairuan. Eraikina botatzean, Urretxuko kultur etxera joan ziren, eta bertan izan dira orain arte.
Hainbat mugarri izan ditu elkartearen jarduerak, eta lehena, sorrera urteko da. Jose Maria Iparragirre atzerritik itzuli zeneko mendeurrenean, oroitzapenezko domina bat jaulki zuten, eta lehen erakusketa egin zuten egoitzan. Handik gutxira, 1980an, erakusketa monografikoa egin zuten Legazpiko Mirandaolako mirariaren 400. urteurrenean, eta orduan zilarrezko eta brontzezko dominak atera zituzten.
Iparragirreren heriotzaren mendeurrenak markatu zuen 1981ean Aldaketaren ekitaldirik gorena. Zigilu eta txanpon erakusketa eta lehiaketa egin zituzten, eta Correosek Iparragirreren zigilu bat jaulkitzea lortu zuten, baita zigilu-marka berezia ere. Ilustratutako gutun-azalak ere atera zituzten, eta oroitzapenezko domina ere bai.
1983an beste zigilu eta zigilu-marka bat lortu eta domina bat jaulki zuen Urretxuko hiribilduaren sorreraren urteurrenean, eta 1986ean hirugarren zigilu-marka eman zion Correosek, Zumarragako udaletxea berritzeko lanak gogoratuz. Orduan ere gutun-azalak argitaratu zituzten, udaletxeko fatxaden ilustrazioekin. 1986an loteria txartelen bildumari eskainitako erakusketarako ere lortu zuen beste zigilu-marka bat, eta 1992an beste bat ere bai, Urretxuko Paleontologia eta Mineralogia Astearen bosgarren urteurrenean.
Bildumazaletasunaren gainbehera
Aldaketak, hiru herrietako gertakari garrantzitsuen lekuko izateaz gain, horien berri zabaldu ere egin du munduan zehar zigiluen eta postaren bidez.
Mugimendu handiko urteak izan ziren haiek, eta 184 bazkide izatera ere iritsi zen. Baina kopuru hori jaisten joan zen urtetik urtera, azken urteetan hamar-bat lagunetara mugatuz. Gazterik ez da izan gainera azken bazkide horien artean. Izan ere, pantailen iritsierarekin, gazteek aldatu egin zituzten euren interesak eta gaur egun posta zigilu bat zer den ere ez dakite ia. Nola jakingo dute, gainera, Correosek ez baditu egiten dagoeneko? Gaur egun, momentuan egiten dituzten pegatinak jartzen dituzte gutunetan.
Horrekin batera, filateliaren munduak astindu handia jaso zuen zigiluetan inbertitzen zuten Afinsa eta Forum Filatelico enpresen auziarekin, haietan dirua inbertituta zutenek dirutzak galdu zituztelako iruzurragatik eta beste delitu batzuengatik auzipetuak izan zirenean. Zigiluen munduak sinesgarritasuna galdu zuen.
Zirkunstantzia horiek guztiak elkartuta, eta pandemiak lagunduta, Aldaketa bazkideak galtzen joan da. Amaierara arte igandero elkartzen jarraitu dute bildumazaleek, Jose Luis Arruebo lehendakariaren eta haren laguntzaile fina zen Antoni Saizen babesean. Baina Saiz hil egin zen udan, eta Arruebo indarrik gabe geratu da proiektu honi jarraipena emateko.
Heliodoro Etxeberria: «Gero eta pieza gehiago ditut jaiotzan eta entzierroan»
Jose Luis Arruebok: «Zigiluak asko gustatzen zaizkit, eta jarraituko dut nire bildumekin»