Naturaz gozatzeko nahiak eta abentura goseak, pertsona gutxik iristea lortu duten lekuez gozatzera eraman ditu Iherai Martin, Ainhoa Lista eta Ibai Lopez. Arroilak jaistea gustuko dute eta euren zaletasunaren inguruan mintzatu dira.
Kanoiak, ur-jauziak, txirristak, rapelak, dena nahasten da nahiko minoritarioa den baina poliki-poliki goraka doan jarduera honetan. Aparteko paisaiez eta ur kristalinoez gozatzeko aukera luzatzen du. Igo, salto egin, irristatu, inoiz ez bezala dibertitu eta emozioa sentitzeko abenturaz beteriko jarduera bat da arroilak jaistea edo barrankismoa.
Naturan galtzea eta bidaiatzea ere gustuko izan dute beti Iherai Martinek (Ordizia, 1999), Ainhoa Listak (Ermua, 1998) eta Ibai Lopezek (Ordizia, 2001), eta orain gutxi, Ordiziako Mendizaleak taldera batu dira, barrankismoari lotutako jarduerak antolatzeko helburuarekin. Hemendik aurrerakoetan sartu aurretik, beren zaletasuna nondik nora sortu zen eta urte hauetan izandako esperientzien inguruan mintzatu dira, beste pertsona batzuei ere arroilak jaisteak sortzen dien eta esplikatzen erraza ez den sentipen horiez bustitzeko edo kutsatzeko gogoz.
«Mendizaletasuna betidanik» izan dute, eta «eskaladan ere arituak gara», hasi dira kontatzen. Hortik, urrats bat gehiago eman zuten abenturazale gazte horiek eta badira urte batzuk, gutxi batzuentzat eskuragarri diren txokoak ezagutzeko gogoa piztu zitzaiela. Horrela hasi ziren arroilak jaisten.
«Aurretik eskalatzen eta ibiltzen ginen. Duela bi urte Ibaik eta biok egin genuen barrankismo ikastaro bat Araban, eta hortik aurrera pixkana-pixkana hasi ginen geroz eta gehiago sartzen mobida honetan. Asko-asko irakurri eta ibilian-ibilian, ikasten joan gara», osatu du Iherai Martinek.
Kirol minoritarioa dela esan daiteke, jende gutxi aritzen baita barrankismoa egiten jarraipen batekin eta maila batean behintzat; hau da, egun baterako Pirinioetara gerturatu eta kuadrillan egin daitekeen egun bateko jarduera turistikoaz harago. Goierrin, Beasainen ere badago talde bat, urtean ekintza edo irteeraren bat edo beste antolatzen duena, Tolosaldean ere badago beste talde bat, baina lerro hauetako protagonistak eurak dioten moduan, «ez da erraza jarduera honetan trebatzeko taldeak aurkitzea».
Ibilbide horretan ezagutu zuten Ainhoa, Ermuako taldeko kidea, izan ere, urtean zehar hainbat irteera antolatzen dituzte haiek eta horietan parte hartuz elkar ezagutu zuten.
Goierri, Pirinioak eta Madeira
Urte hauetan bildu duten esperientzia Euskal Herriko, Pirinioetako, Kantabriako eta Madeira uharteetako arroiletan lortu dute. Goierrin bertan, arroilak jaisten lehen urratsak eman nahi dituzten haientzat bi arroila aipatu dituzte. Ataunen, Lizarrusti inguruan, Akerretako arroila. «Gu geu hantxe hasi ginela esan dezakegu», kontatu dute bi goierritarrek. «Erraza da bertara iristea, treking polit bat dago, Lareoko urtegi aldera, eta hara iritsi aurretik hasten da amildegia», kokatu dute. «Ez da zailtasun handikoa, errekan behera joan behar da, eremu oso irristakorra da hori bai, eta pare bat rapel polit ditu, 20 eta 25 metrokoak», deskribatu dute.
Goierrin dagoen bestea Osinberdekoa da, Zaldibian. «Eremu polita da, baina zailtasun gutxikoa, ez du aparteko esperientziarik suposatzen», ados agertu dira.
Goierrin bertan, Ataunen dago Akerretako arroila, hain zuzen ere, arroilak jaisten lehen urratsak emateko aproposa dena.
Euskal Herrian eremu interesgarriak daude, Araban La Leze, Bizkain Txintxita eta Nafarroan Artazul eta Lizebar.
Goierritik kanpo, Euskal Herritik atera gabe, Araba inguruan aurkitu dituzte eremu interesgarriak. «La Leze, Egino inguruan eskalada eremu bat dago. La Lezeko arroila da kobazulo moduko bat, sarri joan izan gara bertara».
Nafarroan, berriz, Artazul eta Lizebar, aipatu dituzte, besteak beste. Bietan lehenak, hasierako aldea oso urtarra eta dibertigarria du: hiru rapel, sei jauzi eta hiru txirrista ditu, horietako batzuk oso ikusgarriak. Azken txanpan, pertsona guztientzat egokia ez dena, 45 metroko rapel bat egiteko aukera ematen du. Horietatik, azken 30 metroak guztiz airekoak dira. Bigarrena berriz, rapel bide eder eta destrepe txikiz zipriztindutako zintzur estu eta sakon batek osatzen du. Urtean egun gutxi batzuetan soilik doa ura bere ibilgutik, eurite garaian edo sasoi euritsu luzeen ostean.
Bizkain, Sintxita arroila nabarmendu dute. Gorbeia Mendigunean dago, Orozko herrian, Gasteiz eta Bilbotik oso gertu. Jaitsiera hau rapelez eta uretako zonaldeez osatuta dago. Interesgarria hori ere.
Eta Euskal Herritik kanpo, Pirinioetan, Guara mendizerrara irteerak egin izan dituzte. «Honako hau da arroilak jaisten ibiltzen garenontzat eremu oso-oso interesgarria», azaldu dute, eta «Kantabria aldera ere dexente joan gara».
Azken esperientzia interesgarrienetakoa, Portugalen, Madeira uhartean izan dute. «Irailean 10 egun igaro genituen bertan. Oso-oso bertikala da, giro tropikala dago,… ikaragarri gustatu zitzaigun», bat etorri dira hirurak.
Azores irlekin batera barrankismoaren zaletuentzat bisitatu beharreko tokiak direla nabarmendu dute.
Arroilak jaisten hasteko trebatze taldea sortzea
Mendizaletasunetik eta eskaladatik ikasitakoa lagungarri eta abiapuntu hartuta, arroilak jaisten formakuntza ere jaso du hirukoteak, eta ordu dexenteko esperientzia ere pilatu dute. Batez ere, jarduera honetan hasi zirenean nabaritu zuten hutsune bat betetze aldera, arroilak jaisteko taldea sortu dute, Ordiziako Mendizaleak taldeari batuta. Helburua da, jarduera horretan trebatu nahi duenari aukera bat ematea, irteerak antolatzea eta formakuntza eskaintzea, material propioa eskainiz. Horrelako jarduerak egiteko eguraldiak asko baldintzatzen du. Urtaro euritsuetan, formakuntza egitea da duten asmoa, adibidez, rokodromoan hastapen formakuntza saioak ematen hastea. Arroilak jaisteko baldintza egokiak direnean aldiz, irteerak antolatu, lehen esperientzia izango den haietatik hasita.
Kontutan izan behar da, material berezia behar izaten dela arroilak jaisteko. Denbora luzez uretan egoteko neoprenozko jantzia eramaten da, harkaitzarekin urratuak ekidingo ditu eta gainera igeri egitea erraztu. Kaskoa eta motxilak. Soka eta rappel-erako tresnak beharko dira aukeratutako arroilak hala eskatzen badu; gainera taldearen gauzak (janaria eta beste) urari ateratzen uzteko zuloak dituen motxila batean eramaten dira, ontzi estanko baten barruan. Taldeak beharrezko materiala eskaintzea da asmoa.
Interesatuak Ordiziako Mendizaleak taldearekin harremanetan jar daitezke harremanetan.