Mundu osoan ugariak dira gorputz-atalen izenekin osatzen diren toponimoak. Guk uste baino askoz ere gehiago. Izan ere, lekuak izendatzeko anatomiaz baliatzea aspaldiko ohitura da han eta hemen. Soinean bertan topa ditzakegu paisaje mota desberdinak deskribatzeko edo alderatzeko elementuak, hala nola: bizkar, lepo, sabel, bular, begi, aho, hanka, belaun, zil, garaino, galpar, hortz, espalda, belar… Goierrin ere, jakina, adibideak ezin konta ahala dauzkagu. Hona hemen batzuk: Gesalbizkar, Arlepo, Gorosabel, Iturbegieta, Ubao, Ankaeta, Belain, Otazil, Kalparmuño, Gariño, Arastorz, Aierdiespalda, Arbelar…
Gaur ikusiko dugun toponimoa, Murumendi, bide horretatik interpreta litekeela ematen du, hasiera batean. Itxuraz, buru hitzetik eratorritako muru terminoa izan dezakegu atzean, ‘goragune’ adiera duena. Itsasondo eta Beasaingo udalerrien artean dagoen mendia ezin uka Goierriko buruetako bat ez denik. Eta ez da adibide isolatua. Hortxe ditugu muru osagaia duten beste hainbat goragune Euskal Herrian: Murugain (Arrasate, Aretxabaleta eta Aramaio artean), Murungaina (Nafarroako Galdeanon), Murugan (Durango), Muru (Atxondo), Murua (Getxo), Murube (Entzia eta Ameskoa artean) eta abar. Muru terminoa nahikoa ez, eta badirudi bigarren osagai bat gehitu izan zaiola zenbait lekutan ‘goragune’ adierazteko: mendi eta gain, esaterako. Hori normala izaten da hitz baten jatorrizko adiera galtzen denean. Kasu honetan balizko buru-tik muru-rako aldaketa gertatzean, pentsa liteke anatomiaren irudi hori galdu egin zela.
Murruen presentzia
Zerrenda gehiago luza liteke Murgil izeneko mendi eta muinoak kontuan hartzen baditugu. Horiek ere ugariak dira gure inguruan, Gabirian, Azpeitian, Altsasun eta Larraulen, esaterako. Ez dira lehen zerrendakoak bezain garaiak; mendixkak direla esan liteke.
Alabaina, zalantzak ere baditugu muru=buru ekuazioarekin. Goian aipatutako hiru lekutan gutxienik (baita gure Murumendin ere), gazteluak, harresiak eta bestelako eraikinak aurkitu izan dira azken urteetan eta, beraz, ezin da erabat baztertu haien izenak murru-tik eratorri izana. Izan ere, muru terminoaren atzean Koldo Mitxelenak «muralla, pared», batetik, eta «montón», bestetik ikusten zuen. Denok dakigun bezala, eta duela gutxi Nafarroako Irulegin garbi asko, garai batean ohikoa zen mendiburuetan muruak, herrixkak eta gazteluak topatzea. Hortaz, zuhurtziaz jokatzea besterik ez zaigu geratzen, eta aukerak zabalik uztea.