Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko txapelduna da hirugarren urtez jarraian Josu Urrestarazu (Idiazabal, 1994). Hamar probetatik, bederatzitan parte hartu zuen iaz, eta bederatziak irabazi, sailkapen orokorra ere eskuratuta. «Kalitatezko salto txiki bat» eman duela nabari du. Idiazabalgo herri kroseko antolakuntzako kidea ere bada.
2022a ezin hobeto amaitu zenuen kirol emaitzen aldetik. Euskal Herriko mendi duatloi txapelduna izan zara aurten ere. Zer zeresan dauka horrek?
Lortu ditudan emaitzek zeresan handia eman didate. Kalitatezko jauzi txiki bat eman dudan manifestu argi eta garbi bat izan direla sinesten dut. Alderdi fisiologikoa zaindu eta lantzeko aukera eman ahal izan diot buruari, horrela kirol-errendimenduan nire bertsiorik onena garatuz eta erakutsiz.
Zertan nabaritu duzu salto hori?
Denborak begiratuta, nire aurreko urteetako erreferentziak begiratuta, eta baita aurreko urteetan izan ditudan aurkariekin alderatuta, aurrerapauso garrantzitsu bat nabaritu dut. Nire sentsazioak ere askoz ere hobeak izan dira esfortzu jakinak egiterakoan. Urtez urte landutakoaren emaitza da.
Nolakoa izan da prozesua?
Eramangarria esan nezake. Hamar urte egin nituen txirrindularitzan, infantiletik hasi eta elite kategoriara iritsi arte. Gero, 2018tik orain arte mendi lasterketetan, mendi bizikleta probetan edota mendi duatloietan ibili naiz. Guzti horrek balio izan dit pixkanaka oinarri bat eraikitzen joateko. Horri gehitzen badiozu uda honetan serioago entrenatzen eta zaintzen hasi naizela, guzti horrekin sortu dudan emaitza da.
Nola hasi zinen kirolean?
Kirolarekin beti izan dut harremana, jaiotzetik kirolari lotuta egon naiz. Lehen Hezkuntzan, eskola kirola, futbola, saskibaloia, pilota…ahal zen guztia egiten nuen. Ondoren, DBH-n txirrindularitzan zentratzen hasi nintzen, federatuta. Kategoriak igo ahala, kilometrajeak eta mailak ere gora egin zuten, eta geografikoki ere mugitzen ginen.
Errodaje hori aspalditik dator.
Valentziako itzulia, Galiziakoa, Kantabriakoa, Leongoa… Espainiako Kopako proba batzuk ere korritu nituen garai hartan. Horrek azkenean kardio edo gorpuzkera aldetik maila jakin bat hartzera baimendu zidan. Lehiatzeari ez diot utzi, federatutako txirrindularitza utzi nuenean lasterketa herrikoiak egiten hasi nintzelako. Nire txokoa mendi lasterketetan, BTT karreretan eta mendi duatloi zirkuituko probetan zegoela ikusi eta sentitzen nuen.
Lasterketa herrikoiei lotuta, Idiazabalgo 42. herri krosa jokatuko da igandean. Iaz erreleboa hartu eta gazte talde bat zabiltzate antolakuntzan. Zer moduzkoa izan da aldaketa?
Hasiera eta aldaketa guztiek bere zailtasunak dituzten arren, trantsizioa nahiko erraza egin zaigu. Antolatzen sartu garen taldeko asko kirol munduan ibiltzen gara, eta oinarri batzuk baditugu. Inskripzio aldetik, lasterketa bera nola bizitzen den barrutik, lasterketaren joera, helmugako ezjakintasunak… oinarri batzuk bagenituen. 2022ko herri krosa trantsizio urtea izan zen, eta bi taldeen artean antolatu genuen.
«Oinarria korrikalaria mimatzea izango da, herri kros polita antolatzea, denen gustokoa, gazte zein heldu»
«Entrenatzea eta zaintzea atsegin dut, eta horiek biak disfrutatuz uztartuz gero, emaitzak iritsiko direla sinesten dut»
Aurtengoa, ordea, gazteok bakarrik antolatu duzue.
Urrian hasi ginen antolaketa lanetan, iazkotik ikasiz. Lana eta denbora behar du prestaketak. Diru iturriak ere kontuan eduki behar dira. Lasterketa herrikoia izatea nahi dugu eta orduan izen-emate prezioa ere ahalegindu gara baxu mantentzen. Aurten ere 8 eurokoa da.
Aurreko antolakuntza taldearen lanari segida emango diozue, lasterketaren xarma gordez.
Bai. Oinarria korrikalaria mimatzea izango da, herri kros polita antolatzea, denen gustukoa, gazte zein heldu. Lasterkarien poltsak prestatu, karreran bertan eroso sentiarazi eta sari banaketa ere denentzat izatea. Gazta zati bat banatuko zaie, ohi bezala. Idiazabalgo kroseko berezitasuna da.
Idiazabalgo herri krosa berezia izaten da idiazabaldarrentzat.
Nortasuna duen karrera da. Kanpoko zein inguruko jendea animatzen da parte hartzera. Ia 500 izen-emate ditugu. Idiazabaldarrentzat ikonikoa da, festen hasiera ere badelako. Herriko festak datozenaren seinale izateaz aparte, herri krosa bera egitarauko ekitaldi nagusienetako bat dela esango nuke, izan ere, Idiazabalgo San Blas jaiak eta herri krosa biak eskutik datoz. Bere falta hutsune nabarmena izango litzateke.
Parte hartuko al duzu aurten?
Bai, parte hartuko dut. Antolatzaile sartu banaiz ere, oraindik korrikalari izaten jarraitzen dut. Lehia odolean daramat. Gainera, herrian eta herrikoen aurrean lehiatzea beti egin zait erakargarri. Ordez, iaz bezala, nire lasterketan baina gehiago antolakuntzan egin beharko ditugun zereginetan zentratuta egongo naizela izango da.
Helburu edo erronka pertsonalei dagokienez, nola irudikatzen duzu 2023 urte hau?
Osasunak laguntzen duen bitartean, orain arte bezala gozatzen jarraitu dut. 2023ak ere gogo eta ilusio asko piztu dizkit, baina hankak lurrean eduki nahi ditut. Ditudan ohiturekin, diziplinarekin eta baloreetan oinarrituta, lanean jarraituko dut. Entrenatzea eta zaintzea atsegin dut, eta horiek biak disfrutatuz uztartuz gero, emaitzak iritsiko direla sinesten dut. Tolosako 3 Tontorrak, Trail Valle de Tena 4K, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua edota Behobia-Donostia izango ditut erronka nagusienak, besteak beste.