Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Umetan, egunkari eta aldizkarietako denbora-pasen artean letra zopak ilusioz eta irrika handiz egiten nituela gorde dut memorian. Ziurrenik, nire hitzekiko lilura eta loturaren jatorriak izan dezake hor ere arrastoren bat. Orduko hartan, dena den, hizkiekin jolastea soilik zela iruditzen zitzaidan hizki zopen helburua, aurkitu beharreko hitzak borobildu eta euren zopako kokapenen arabera marrek elkar igurtzi edo gurutzatuz gero ere horrek ez zuela bestelako eraginik. Letrak banaka irakurri ohi nituen orduan, eta zentzuren bat bazuten elkarren ondoan kokatuz joan ahala hitz bat osatuko zutelako izango zen, ziurrenik, eta letra zopako erantzun bat aurkitzearen poza izango nuen lagun. Pentsa ze emozio itsasoa jolas soil batetik, osoa egitea lortutakoan festa ederra eta hala ezin zenean, ba, sentipenak bideratzen ikasi behar.
Hamarkada batzuk geroago, aldiz, hatzak, hitzak, hotzak, hotsak eta hutsak letra batuketa batetik haragokoak direla azpimarratu nahiko nuke. Hitzak ez dira hizki segida soilak, ez ordena ezberdinetan zoriz multzokatutako hizki konbinazioak ere, ematen diegun esanahi eta ikuspegiak ere eraikitzen gaitu, eta eraikitzen dugu hortik. Gure begiradak, esanahiak eta ikusteko moduak zeharkatzen dituzte hitzek eta testuinguruak hitzetatik ere sortzen ditugu. Hizkiak aldatzeko jolasetik abiatuta, esaterako, alfabetoa arakatu eta kontsonante zein bokalen arteko konbinazio aukera zabalean, egin eta egon idaztean, estatistikoki aztertuz gero, euren arteko berdintasun gehiago daude grafian ezberdintasunak baino. Hizkien laurdena bakarrik da idazteko orduan bereizten dituena, baina zenbateko distantzia eta gertutasuna dute, adibidez, egin eta egon jarrerek? Zenbateraino daude elkarrengandik urrun bezain gertu? Zer egin ohi dugu eta zertan egon ohi gara? Une berean, egon eta egin al daiteke zerbait? Zergatik egon nahi dugu nonbait? Norekin eta nondik abiatuta egin?
Bai, jai, gai eta ai hitzek ere oso idazkera antzekoa dute. Hitz horien inguruan sorturiko adierak eta ematen dizkiegun zentzuak zeintzuk dira, ordea? Bai eta jai edo gai eta ai hitz bikoteak, adibidez, antonimo moduan erabili izan dira, bat ala bestea aukeratzeak parekoa baztertzea dakarrela ikasi baitugu. Alegia, ni gai sentitzen banaiz urrun utziko dut ai eta horrek irudikatzen duen beldur edo ziurgabetasuna. Bai esanez gero, berriz, ez nioke jai emango proposaturikoari eta ekin egingo nioke.
Egon eta egin, egin eta egon, zer, nola, nondik eta norantz, hitzetatik ere eraikiz!