Maitane Urteaga • Idiazabal

1990 inguruko argazkian, irratiko kurtso amaierako afariaren ondoren atera genuena da. Antton Garmendia zenak, bere herriko festak zirela aprobetxatuz bertan afaltzeko ideia emango zigun eta horrela joango ginen Asteasu aldera.
Irratiko oso oroitzapen onak ditut, ongi pasatzen genuen, gazteak ginen, gure gaztetxe partikularra zen hura. Kuadrilla eta adin ezberdinetako gazteak elkartzen ginen bertan eta astero irratsaio bat sortzen genuen. Hasieran dozena erdi bat lagun, handik hilabete batzuetara beste bi edo hiru lagun gehiago elkartuko ziren eta horrela taldea handituz joan zen. Hamasei bat lagun izatera ere iritsi ginen bolada batean. Orduan taldea bitan zatitu genuen, gure antolaketa errazagoa izan zedin.
Irratiaren hasierako urteetan Edurnek hartzen zuen ardurarik nagusiena, udaletxeko kultur teknikari lanetan ere aritzen zen. Norbait elkarrizketatu behar bazen, hots egin, harekin hitzordua jarri eta elkarrizketa erdi prestatua utzi behar izaten zen. Askok astea herritik kanpo pasatzen genuen, ikasten edo lanean. Irratiko lana ongi banatuta eta antolatuta geneukan. Batzuk zati bat bakarrik egiten zuten baina beste gehienok lan bat baino gehiago egiten genituen, txandatuz aritzen ginen. Norbait hizketan ari bazen mikroan, beste bat tekniko lanak egiten ari zen, musika jartzen, eta mikroaren gorabeherak neurtzen. Teknikoaren lana zaila izaten zen, gauza asko izan behar izaten zituen kontuan lan txukun bat egiteko. Denetik egin behar izaten genuen, adibidez, deiak jasotzeko lagun bat behar izaten zen telefonoaren aldamenean eta azkar erantzun behar izaten zuen deia, bestela irratian dena entzuten zen.
Zuzeneko saioak
Gure irratsaioa zuzenean izaten zen, grabatutako elkarrizketa gutxi izaten ziren. Gela batean egoten ginen denok; hizketan ari zirenak, irratsaioan zehar hitz egin behar zutenak, eta berez isilik egon behar zutenak.
Mikroak, kaseteak, diskoak izaten ziren gure tresnak, lanerako berriz, paperak, boligrafoak, grabagailua eta Walkie-talkie bat ere bai zuzeneko kirol saioak emateko. Sukaldeko ordulari zahar bat ere bagenuen, irratsaioan zehar zein ordu zen jakin eta behar bazen, ordua esateko. Hasierako irratsaioak, ordu eta erdi, bi ordukoak izaten ziren, baina erraztasuna hartzen joan ginen eran, saioak luzatzen joan ziren. Pixkanaka, trebetasuna hartzearen ondorioz Euskal Herriko hainbat aldizkaritan eta egunkaritan kazetari aritu ginen, irratietan profesional lanean ere bai eta Zirika irratian ibilitako batzuk horretan jarduten dute gaur ere.
Emakunde saria
Aipatzeko kontu asko izango nituzke baino garrantzitsuena Emakunde saria izan zen. Oker ez banago urte ezberdinetan bost sari izan ziren. Irrati mailako sariak ziren, emakumearen inguruan egindako irratsaioengatik eman zizkiguten. Sariak jasotzera, irratiko esatari denak joaten ginen. Gasteizko, Bilboko eta Donostiako hotel famatu eta egoitza publiko ezberdinetan izaten ziren sari banaketak. Sari haiek, momentu zailetan aurrera jarraitzeko heldu leku bat izan ziren eta egiten ari ginen lanari onarpena eman zioten.