Bertakoek bertakoentzat egina, euskara eta eskualdea oinarri hartuta. 11 urte eta 500 zenbaki. Horixe da Goiberri aldizkariaren emaitza zenbakietan. Datu horiei gehitu behar zaizkie, 225 kolaboratzaile, 1.400 elkarrizketa eta 1.300 gairi buruzko erreportajeak.
Goierritarra (1989an sortua, hamabostekaria) eta Otamotz (1993an sortua, hilabetekaria) aldizkarien baturatik sortu zen 2012an GoiBerri aldizkaria; Goierritarrak kultur elkartearen, Zintzo Mintzo elkartearen eta Goierriko Hedabideak enpresaren elkarlanaren fruitua izan zen. Indarren eta sinergien baturak eman zuen asteroko emaitza.
11 urtetan eta 500 zenbakitan laburbiltzen da GoiBerriren esentzia. Goierritarrek, goierritarrekin eta goierritarrentzat sortua eta egindakoa; eta hainbeste urte betetzeko, milagarren aleraino iristeko ilusioarekin jarraitzen duena. Ilusio horren erakusle da, 2023. urtearekin batera, lantaldeak astekarian eduki osatuagoak eta anitzagoak biltzeko egindako ahalegina. goiberri.eus webgunera ere iritsi dira berrikuntzak.
Prentsak garairik onenak bizi baditu ere –papera prezioaren igoera, komunikazioaren krisia, egoera ekonomikoa…– , eskualdea egiten eta euskaraz bizitzeko ahaleginean jarraitzea du helburu GoiBerrik, jakintza zabaltzen, goierritarren lanak, arazoak, ilusioak… plazaratzen. Dudarik gabe, Goiberrik aurrera egin dezan, beharrezkoak ditu irakurleak.
Horietako bat Lazkaoko Mila Munduate da. Goierritarra aldizkaria jasotzen hasi zen lehendabizi. «Hasierako Goierritarra originalak ez daukat, fotokopiak atera nituen», gogoratu du. Goierritarrak bezala, GoiBerri aldizkariak ere enkuadernatu egiten ditu.
«Inguruko albisteak» irakurtzea gustuko du Munduatek, «herri arteko harremanak» gustatzen baitzaizkio. Gainera, aitortu duenez, «kuriositatea» izaten du, « ea hurrengo GoiBerrin zer etorriko den. Ustekabeko gauzak irakurtzen ditut askotan. Bai kontu berriak eta kontu zaharrak».
Larraitz Arrese, Beasain: «Sorpresa izan zen urte berriarekin batera denbora-pasak ikustea»
Larraitz Arrese Goierriko Hitzaren eta GoiBerriren irakurlea da. «Aspalditik gara harpide. Beti ematen diogu bistadizo bat. Elkarrizketak, iritzi artikuluak… beti irakurtzen ditugu. Azkenean, inguruko jendea ateratzen da, inguruko albisteak izaten dira… Gustura irakurtzen dugu». Gainera, «beti dago zerbait berria, GoiBerri iristen denean beti kuriositatez egoten naiz, ea nor ateratzen den ikusteko».
Urte berriarekin GoiBerri aldizkarian egindako aldaketaren harira aitortu duenez, «sorpresa izan zen urte berriarekin batera denbora-pasak ikusi genituenean. Gustura jaso genituen». Familian elkarrekin egiten dituzte. «Ez geneukan ohitura handirik euskarazko denbora-pasak egiteko, parean tokatuz gero, saiatzen gara egitea».
Mikel Mandiola, Gabiria: «Aitona da harpidea eta etxean denok irakurtzen dugu GoiBerri»
Denak ez, baina GoiBerri gehienak etxean gordeta ditu Mikel Mandiola gabiriarrak ere. «Aitona da harpidea eta etxean denok irakurtzen dugu». Goierritarra aldizkaria irakurtzen hasi zela gogoratzen du gabiriarrak. «Oraindik gogoratzen naiz txuri-beltzeko Goierritarrarekin. Iragarkiak, azkeneko orrian agertzen zen argazki zaharra…».
Euria denon gustura inoiz ere egiten ez duen bezala, Mandiolak aitortzen du «batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago gustatzen» zaiola Goierriko astekaria. «Batzuetan nire intereseko gai gutxiago etortzen da eta besteetan gehiago». Hori bai, «historiako kontuak» gustatzen zaizkio gehien. «Goierritarrako argazki zaharra gehiago gustatzen zitzaidan».
Jakin minez egoten da ostiraletan GoiBerriren zain. «Kate motzean atalean nor aterako den zain egoten naiz. Niri ere egin zenidaten eta kuriositatea izaten dut ea hurrengo nor izango den». Goierriko mendietan osatutako ibilbideak ere arretaz irakurtzen ditu, «nondik nora joan behar den azaltzearekin batera bideko istorioak ere kontatzen baititu».
Balentin Tramon, Arrasate: «GoiBerri aldizkarian iritziak irakurtzea gustatzen zait gehien»
Duela bi urtera arte, Urretxuko Lizeoan lan egindakoa da Balentin Tramon aramaioarra, Goierritik kanpora bidaltzen diren dozenaka harpideetako bat. Goierriko albisteak irakurtzen jarraitzen du GoiBerriri esker. «Harreman apur bat badaukat oraindik irakasle izandako kideekin eta hainbat urte hor emanda, erakartzen nau Goierrik». Aitortu duenez, «iritziak gustatzen» zaizkio gehien. Hasiberriaren zortea izan zuen gainera. Denbora-pasetako lehenengo zozketa berak irabazi baitzuen. «Lehenengo eguneko lehiaketan parte hartu nuen eta ezustean, irabazi nuen. Saria jasotzera joan nintzenean esan nuen bezala, itxaron egin beharko dut berriro zerbait tokatzeko», dio irribarrez.
Aitor Artza, Lazkao: «Oso kuriosoa egiten zait Kate motzean atala. Zuzenean joaten naiz»
Musika zalea txiki-txikitatik, musikaren harra beti izan du Aitor Artza lazkaotarrak. «Talde txikiei laguntzeko perspektiba horretatik ibili naiz beti. Ekintzaile sena eduki dut, eta sen horrek eraman nau, eta laguntza emate horretan, idazten nahiko txukun moldatu naiz, eta Goierritarra aldizkarian hasi nintzen zutabe bat idazten. Artikulu batzuk idatzi nituen, gero Egin Irratian Igo Bolumena saioan urte askoan, itxi zuten arte. Egin-en eta Gara-n ere idatzi izan dut». GoiBerrin idazteko proposamenari ere heldu zion. «Horrelakoetan eskuzabala izatea beharrezkoa dela iruditzen zait. Inguruko taldeei bultzadatxoa emateko aprobetxatzen dut atal hori, inguruko musikaren gorabeherak goierritarrei azalerazten».
GoiBerri aldizkariko edukiari dagokionean, «oso kuriosoa» egiten zaio Kate Motzean atala. «Edozein herritarri egindako elkarrizketak dira. Prentsan azaltzen diren pertsonak normalean izaten dira zerbait egin dutenak, zerbaitetan nabarmentzen direnak, baina niretzako jende xumeari lekua egitea eta aurpegia jartzea oso interesgarria da. Ia zuzenean joaten naiz horra».
Aurrera begira ere, GoiBerri irakurtzen jarraitzeko asmoa du. «Goierrin goierritarrok ez badugu sustengatzen gure inguruko gorabeherak azaleratzeko proiektu bat… gureak egin du. Beharrezkoa da. Kilometro O ez da bakarrik janariari eta edariari lotutakoa izan, bertan bertako komunikabideak edukitzea eta mantentzea garrantzitsua eta beharrezkoa da».
Urte berriarekin batera iritsi dira aldaketak GoiBerri aldizkarira
Hazten jarraitzen du GoiBerri astekariak. Urte berriarekin batera, azala berritu eta edukia aberastu du lau orri gehituz, hainbat goierritarren lankidetzarekin. Batetik, Goierriko museoen ateak zabalik izango dira bi astean behin, museoetan jasotako ondarea gizarteratzeko eta irakurleen jakintza areagotzeko helburuarekin. Bestetik, Goierriko Kastako idazleak berriz ere «lanean jarri» ditu GoiBerrik, idazleen hilean behingo argitalpenekin. Era berean, Goierriko ilustratzaile edo sortzaile gazteek ere GoiBerriren plaza erabiliko dute euren lanak erakusteko.
Bestalde, astekariaren hasierako urteetako errezeta atala berreskuratu, eta ingurumen eta hezkuntza gaiak landuko dira hilean behin Goierriko adituen laguntzarekin. Azkenik, kultur agenda osatuagoarekin batera, Goiberriri gehitutako beste bi orrialdeetan, denbora-pasak dira oinarri. Goierri ardatz duten bina denbora-pasa argitaratzen baititu GoiBerri berriak astero. Gainera, denbora-pasak egiteak saria izan dezake.
Urte berriarekin batera GoiBerri aldizkariaren euskarri digitala (Goiberri.eus) ere eguneratu eta berritu da. Aldizkariko edukiekin batera, Goierritarra eta Otamotz aldizkariak kontsulta daitezke. Naturaren Ispilu atala da webgunerako sortu den beste berritasun bat. Natura gaitzat hartuta, irakurleen argazkien bitartez, Goierriren eguneroko ikuspegiaren isla izango da webgunea. Azken batean, eskualdeaz gozatzeko beste modu bat.
Egiten dugunak ez du zentzurik hartzailerik gabe
Kerman Garralda Zubimendi, GoiBerriko koordinatzailea
Azkar esaten da. 500. GoiBerri. Zenbat protagonista, zenbat iritzi, zenbat istorio… Guztiak, tokiko ikuspegiarekin eta gure hizkuntzan. Ez da lan makala bizi dugun egoeran.
Lehen zenbakia argitaratu genuenetik hamarkada bat baino gehiago igaro den arren, argi daukat garai berrietara egokitutako produktua ekoizten dugula. Era berean, beharrezkoa den zerbitzu bat eskaintzen dugu. Urte gutxitan bizimodua asko aldatu da eta mundua txikiagoa da. Globalizazioari esker, planetaren beste puntan gertatzen den edozer unean bertan bizi dezakegu. Lurraldearekiko atxikimendua lausotu du horrek, eta hurbilekoagoak sentitu ditzakegu atzerriko kulturak bertakoak baino. Aniztasunari eta joera berriei muzin egin gabe, goierritarrei eta eskualdeari eragiten dien gaiei tokia eskaintzen diegu. Plaza hau ere galduko bagenu, zarata gehiago egiteko erraztasuna dutenek isildu egingo gintuzkete.
Eta horiek ez dituzte bertatik bertarako gaiak jorratuko. Euskaraz, zer esanik ez.Gure eskualdean ere erabilera atzera egiten ari den garai honetan, hizkuntzarekin era zainduan lan eta jolas egitea garrantzitsua da.
Aurrera egiteko indarra zuek ematen diguzue, irakurleek. Egiten dugun guztiak ez du zentzurik hartzailerik gabe. Eskerrak eman nahi dizkizuet astero irakurtzen gaituzuenoi. Beste 500 zenbaki idazten eta irakurtzen ditugunean elkartuko gara berriz. Seinale ona izango da.