Joxepa Madariaga • Gaintza
Gaintzako pilotalekua, 1994, irailaren 30a, San Migel festak. Bertso-saio berezia; izan zuen bertsotik eta izan zuen antzerkitik. Ez zen txapelketako saioa izan, baina jendea erakartzea lortu zen. Pilotalekua gainezka, eserleku guztiak beteta eta asko zutik. Pello Urretabizkaia izan zen ideia bururatu zitzaiona, aurkezlea eta gai-jartzailea. Gidoia Xabier Mendigurenek idatzi zuen. Oholtzan sei bertsolari izan ziren: Maialen Lujanbio, Jon Sarasua, Jokin Sorozabal, Iñaki Murua, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña. Zuzeneko musika eta horman proiektatutako irudiak… Beraz, musika, ikus-entzunezkoa, antzerkia eta bertsoa, arlo artistiko anitzetako artistak lanean.
Gai aldetik hauteskunde giroko saioa izan zen. Hauteskunde atariko kanpaina. Pregoilaria, apaiza, alkate gaiak, zinegotzi gaiak, idazkariak eta putak, elkarrekin hizketan/bertsotan, jendea erakarri/engainatu nahian, askotan gezurretan, jolasti kantari. Erabat itsura aldatuta, mozorrotuta zeuden bertsolariak eta egokitzen zitzaizkien paperetan erabat sartuta kantari ikusi eta entzuteak barrea eragin zigun behin baino gehiagotan. Saio komikoa izan zen, barre eragilea.
Bukaeran, entzuleok ere parte hartu genuen saioan. «Kanpainako» mezuak, promesak, planak, trapu zikinak eta komeriak entzun eta ikusi ondoren, hauteskunde eguna iritsi zen eta, besoa jasota, batzuen zein besteen alde, botoa eman genuen.
90. hamarkadako saioa, esperimentua, moda. Gaur egun ere egiten direla esperimentuak? Bai hala da, baina «nola aldatu diren gauzak, kamarada!». Adibidez, zenbat gizon izan zen Gaintzako oholtzan! Gaur egungo saioetako proportzioa ez da hori; eskerrak!
Zabala eta ainitza
Bertsolaritzaren mundua zabala da, oso ainitza. Behar dira bertsolariak, gai-jartzaileak, aurkezleak, ikerleak, antolatzaileak, kulturgileak, kartel egileak, informatikoak, bertso-eskolak… eta, batez ere, behar dira zaleak, entzuleak. Entzuleak inguratu ezean, ez dago saiorik, ez dago komunikaziorik. Nola erakarri entzuleak, txapelketatik kanpo (Txapelketa Nagusiko Finaleko saiotik kanpo), bertsoen mundura, saioetara, afarietara? Hori da galdera, hori buruhaustea. Hizkuntzarekin jolas egitea, gozatzea, ikastea eta irakastea da bertsolaritza, besteak beste. Forma, giro, leku, interes, pertsona asko mugi arazten ditu. Horretarako hain zuzen, jendea erakartzeko, lana fin eta zorrotz egin behar izaten da. Eta, askotan, hala egin arren, emaitza ez da nahi bezalakoa izaten, ez dugu entzuleak erakartzea lortzen.
Hortxe topo egiten dugu, besteak beste, esperimentuekin eta modekin. Horixe izan zen Gaintzan 1994an egin zena. Jendeak espektakulua nahi du, ongi pasa, dibertitu, barre egin. Entzuleen aldetik erantzun ona jaso zuen, hala da, baina bertsolari gehienek ez dute gustuko mozorrotzea, ez antzerkia egitea. Bertsotan eginez gozatu eta gozarazi nahi izaten dute, hitza beraien eta entzuleen tarteko, ez mozorroak.
Espektakulua eta lehia. Lehia zale amorratuak gara euskaldunak, hortxe gozatzen dugu. Baina, bertsolarien lekuan jarriko bagina, berdin pentsatuko ote genuke? «Behingoagatik ondo pasatu eta betirako ahaztu», esanez eman zion saioari bukaera Jon Sarasuak Gaintzan. Alegia, ez zuela herriz herri horrelakoak errepikatzerik nahi. Beraz, gaurkoan historian arakatu eta errepasoa eman diogu lehenari, gogora ekarriz, baina lasai, Jon, ez diogu bide honi hausporik emango eta. Bitez bertsolaria bertsolari eta entzulea bertsozale.