Pello Agirrezabal • Brinkola
Estanis Agirre Igeralde brinkolarra pasa den urtarrilaren 7an hil zen 79 urterekin. Bere gazte denboran, auzoan, euskal kulturaren eta euskararen bultzatzaileetako bat izan zen, antzerkiak antolatuz eta baita beraietan parte hartzen ere. Euskal Jaien bultzatzaile eta auzoko edozein mugimenduren batzordeko partaide izan zen. Patrizio Etxeberriko bulegoetan lan egin zuen hasiera batean eta geroago autobus gidari gisa Autobuses Agirre familia-enpresaren arduraduna izanez. Bere emazte Mari Karmen Larrea oñatiarra ere autobuseko txofer izan zen. Bien artean makina bat joan-etorri egin zituzten Brinkolatik Legazpira eta Zumarragara umeak eskolara eta langileak lantokietara eramanez. Estanisen anaia Damian ere txoferra zen eta beti zen prest esku bat botatzeko.
Olerkari ere bazen Estanis. Hainbat olerki eta idatzi utzi dizkigu, gehienetan natura, ohiturak, euskal kultura eta euskara erreferentzia gisa hartuta. Hona hemen adibide bat.
Brinkola gogoan (1960-1980)
«Antzinatik zegoen Brinkolan euskal kulturaren egarria edo zaletasuna. Frankoren gerra galduz gero, Brinkolan egondako apaiza, Don Felipe, Joxe Migel Barandiaranen iloba, erbesteratua izan zen… Nik uste, euskal kultura eta euskara lantzeagatik.
Horregatik, beti entzuten genituen antzerkiak euskaraz eta abar. Hori dena eliza katolikoaren babesean egiten zen; saloia egin aurretik portikoaren gainean zegoen lokal txiki batean. Nire mutikotako gogorapenak. ‘Eun dukat’ antzerkia oso entzuna zen garai hartan.
Eugenio Gerra bizi da eta berak eman ditzake adierazpenak. Gogoratzen naiz, Eugenio saloi berrian ere asko egoten zela. Erreleboa guk hartu genuen 1960-1980 urte inguruetan.
Neska-mutil talde bat sortu zen Brinkolan. Buru belarri antzerkiak, euskara, euskal jaiak, eta abar bultzatzen. Luistarrak eta Mariaren Alabak, ez zegoen besterik. Ez dakit nola, baina sarritan Urretxuko Pagoetara hurbiltzen ginen. Nobizioak deitzen genien, prailetarako ikasten ari zirenei. Guk baino kultura gehixeago zuten eta euskaran adituak ziren. Nik uste Goierri goenean Pagoeta uharte txiki bat izan zela, euskal kulturan frankismoaren garaian.
Antzerki talde bat sortu zen Brinkolan, saloi berrian taula jarri eta hantxe aritzen ginen. Irteera batzuek ere egiten ziren herri batzuetara. Saletxek ‘Beainola’ izena jarri zion taldeari. Saletxek Brinkola asko maite zuen, eskolan han ibili baitzen apaizekin. Antzerkitan esango nuke Brinkolako gaztedi dena zegoela inplikatuta. Urte oparoak izan ziren Brinkolan urte mordoxka batean.
Bixenta Legazpiko kaleko antzerki amorratua hartu genuen zuzendari bezala. Adinekoa zen eta errespetatu egiten genuen, bakoitzak zein paper egin behar zuen eta abar. Don Migel han izaten zen beti gurekin. Antzerkiak ekarri kanpotik eta orriz orri makinaz pasatu behar izaten ziren eta ni Patrizionen tokatu eta abantaila handia nirekin. Ez zegoen fotokopiarik. Luis Ugarte euskal kulturaren maitale amorratua nire «jefea» eta Zaitegi. Banekien hark lagunduko ninduela eta ez zegoen hesirik euskal antzerkiak idazteko eta Brinkolara eramateko.
Arri urdin elkarteari, keinu egin behar diot, Brinkolan egon zen euskal kultur giroa urte askotan babestuta egon zela Luis Ugarte, Jokin Zaitegi, eta Bixentarekin frankismoaren urte haietan. Eskerrik asko beraiei».