Ainhoa Sanzek (Urretxu, 1989) ia bizitza osoa darama korrika egiten. Duela urte batzuk pista utzi eta mendira «ihes» egin zuen askatasun bila. Duela gutxi laugarren postua lortu du Espainiako kilometro bertikal txapelketan. Goierri Garaia klubeko kidea da eta taldeko gazteenak entrenatzen ditu.
Non egin zenituen ikasketak?
Urretxu-Zumarraga Ikastolan egin nituen oinarrizko ikasketak. Ondoren, goi mailako zikloa egin nuen Arrasateko Arizmendi ikastolan. UGLEn beste bi goi mailako ziklo egin ditut.
Nondik nora ibili zara lanean?
Kirolarekin zerikusia duten gauzetan, Irizarren, udan sorosle lanean aritzen naiz Burgosen… Suertatzen diren gauzetan lan egiten dut. Ez dut lanpostu finkorik.
Nolatan korrikalari?
Kirola betidanik gustatu zait. Atletismoan 10 urterekin hasi nintzen. Anaiak atletismoa egiten zuen, ondo pasatzen zuen, eta nik ere atletismoa egitea erabaki nuen.
Kirola betidanik gustatzen zaizula esan duzu. Beste kirolik egin al duzu?
Eskola kirolekoak egin nituen eta Urolan futbolean jokatzeko aukera eman zidaten, baina nahiago nuen atletismoan jarraitu. Taldeko kirolak ondo pasatzeko oso ondo daude, baina zuk % 100a ematen duzu eta ondokoak ez badu dena ematen, motibazioa galtzen duzu. Hori dela eta, bakarkako kirola aukeratu nuen.
Bakarkako kirol asko daude, ordea. Zer eman dizu atletismoak?
Ez dit ezer berezirik eman, baina beti ondo pasa dut.
Aurki 25 urte beteko dituzu atletismo munduan. Urte asko dira. Krosa, pista eta mendiko lasterketak egin dituzu.
Krosean hasi nintzen. Neguko denboraldian krosa egiten nuen eta udakoan pista. Duela urte batzuk, pista baztertu eta mendian hasi nintzen.
Pistan marka onak egin zenituen.
Bai. Distantzia guztiak probatu nituen, abiadurakoak izan ezik: 800 (oso gaztetan), 1.500, 3.000, 3.000 oztopoak, 5.000 eta behin 10.000koa egin nuen.
Zein zen zure proba kuttuna?
3.000 metro oztopoak proban ondo moldatzen nintzen eta ondo pasatzen nuen, egia esan.
Pistan oso emaitza onak lortu zenituen.
Gazte garaian ondo ibiltzen nintzen. 3.000 metro oztopoak proban Espainiako txapelduna izan nintzen, 5.000 metroko proban ere bai…
Zergatik erabaki zenuen pista uztea?
Pista oso gogorra da. Lesioak izan nituen eta uztea erabaki nuen. Gainera, pista aspergarriagoa da. Denbora guztian erlojuari begira korrika egin behar duzu eta nekatu egiten zaitu. Agonikoa da. Mendian erlojurik gabe eta presiorik gabe korrika egiten nuen eta modalitatez aldatzea erabaki nuen.
Zer eman dizu mendiak?
Mendia beti gustatu zait. Umetan asko ibiltzen nintzen mendian, aitarekin. Mendiak askatasuna eta lasaitasuna ematen dizkit.
Zeintzuk dira denboraldi honetako helburuak?
Kilometro bertikalak eta 25 kilometro inguruko lasterketak egingo ditut, maratoiak bezain gogorrak ez direnak.
Ze lasterketetan parte hartuko duzu?
Lasterketa gutxitan parte hartuko dut, baina ondo hautatuak izango dira. Duela aste batzuk Espainiako kilometro bertikal txapelketan parte hartu nuen eta laugarren postua lortu nuen. Hamar lehenengoen artean sailkatzea zen nire helburua, ez laugarren sailkatzea. Hori dela eta, oso gustura bukatu nuen. Espainiako selekzioarekin joan ahal izateko, apirilaren 22an Bartzelonako Cercs herriko proban parte hartu behar izango dut. Bertako kilometro bertikalean maila ona ematen badut, ekainean Austrian jokatuko den munduko kilometro bertikal txapelketarako txartela lortuko dut. UZ Trailen ere parte hartu dut eta apirilaren 16an, Lloret de Mar-en, Espainiako esprint distantziako txapelketan parte hartuko dut. Maiatzean Lerinen jokatuko den Espainiako txapelketan parte hartzen ere saiatuko naiz, Euskal Selekzioarekin. Zegama-Aizkorriko kilometro bertikala ere egin behar dut.
Lesionatuta egon zara.
Bakerren kistea izan nuen belaunaren atzealdean eta, gainera, gerriko arazoak izaten ari naiz. Ez dakit zer izan daitekeen. Gerriko arazoak lauan azkar korrika egitea eragozten dit. Mendian gora ondo noa eta beherakoan ere kili-kolo nabil. Zergatia oraindik ez dakit. Mediku frogak egiten gabiltza gauzak baztertzeko. Gustura nago egiten ari naizen denboraldiarekin, baina minik gabe gusturago egongo nintzateke. Dena den, askoz okerrago egon naiz. Sei hilabete egon nintzen kistearekin. Ezin nuen bizitza normala egin. 80 urteko emakumea ematen nuen: min handia, ibiltzeko zailtasunak… Traumatologoak horrekin bizitzeko esan zidan. Mikel Sanchezengana joan nintzen eta berehala sendatu zidaten. Likidoa atera zidaten eta listo, belauna tolesteko gai nintzen.
Sei hilabete horiek oso gogorrak izango ziren.
Ez nintzen belauna tolesteko gai… Nire nahia berriro bizitza normala egin ahal izatea zen. Poz galanta hartu nuen sendatu zidatenean! Uda ederra pasa nuen! Udan hasi nintzen berriro korrika egiten eta aurtengo denboraldia trantsizio denboraldia da. Lasai korrika egin nahi dut, presiorik gabe. Ez diot helburu zehatzik jarri nire buruari. Datorren urtean jarriko diot, hobeto sentitzen banaiz.
Bizitza osoa daramazu Goierri Garaia klubean. Zer da zuretzat klub hori?
Familia bat da. Edozer gauza behar badut, badakit norengana jo behar dudan. Oso harreman ona dugu.
Beste talderen baten eskaintzarik izan al duzu?
Izan ditut, baina ez ditut kontuan hartu. Goierri Garaia klubean nahi dudana egiteko aukera ematen didate eta beste taldeetan ez zidaten aukera hori ematen. Ze lasterketetan parte hartu aginduko lidakete. Zergatik egin behar ditut gustatzen ez zaizkidan lasterketak? Ez dut nire askatasuna diruagatik galdu nahi.
Atletismotik bizitzea oso zaila da.
Ez zait burutik pasa ere egin.
Lesioak izan dituzu, 34 urte bete behar dituzu… Zerk bultzatzen zaitu lehiatzen jarraitzera?
Gustatu egiten zait. Badakit ez dudala dortsalik behar korrika egiteko, baina lehiatzea gustatzen zait. Dortsala jartzen dudanean, lehiakorra bihurtzen naiz. Entrenatzeko orduan ez naiz horren lehiakorra. Dortsala jartzen dudanean nire onena ematen saiatzen naiz eta batzuetan espero baino gehiago ematen dut. Inguruko jendeak lasterketetan lortzen ditudan emaitzak nire entrenamenduei dagokienaren gainetik daudela esaten dit.
Lehiatzen entrenatzen baino hobea zara, beraz.
Bai. Santi Perez entrenatzaileak agintzen didana betetzen saiatzen naiz. Bete ezin dudanean, esan egiten diot. Eta ez da ezer gertatzen.
Bete ez duzun ametsen bat ba al duzu?
Egunen batean Zegama-Aizkorri maratoia egingo dut. Noiz ez dakit, baina egingo dut.
Luzaroan jarraitzeko asmoa duzu, beraz.
Bai. Gorputzak uzten didan bitartean, lehiatzen jarraituko dut. Oso argi dut gorputzak erretiratuko nauela, ez buruak. Ez naiz atletismotik bizi eta horri eske gehiago gozatzen dudala uste dut. Klubeko lagunekin kluben arteko Espainiako Txapelketara joatea, adibidez, gozamena da. Gauza horiek geroz eta gehiago baloratzen ditut. Gazte garaian nire adineko bakarra nintzen.
Asko aldatu al da atletismo mundua hasi zinenetik?
Materiala, prestaketa… asko aldatu dira. Elikadurari eta atsedenari garai batean baino garrantzi gehiago ematen zaie. Baina elikadura eta atsedena profesionalek bakarrik zaindu ditzakete behar bezala. Atletismotik kanpo lan egiten dugunok, ezin dugu atsedena behar bezala zaindu.
Lasterketetako giroa ere aldatu al da?
Krosetan partaidetza jaitsi egin da. Haurrek kirol asko dituzte aukeran. Lehen ez zeuden horrenbeste futbol, saskibaloi, boleibol… talde. Bestalde, atletismoa oso sakrifikatua da. Hori dela eta, jendeari ez zaio gustatzen. Txirrindularitza egiten dutenak ere futbolean jokatzen dutenak baino gutxiago dira.
Nazioarteko lehiaketak jarraitzen al dituzu?
Gutxi. Ez naiz besteen markak dakizkien friki horietakoa. Nireak ere ez dakizkit…
Nola ikusten duzu atletismoaren etorkizuna Urretxun eta inguruko herrietan?
Gaizki, jende gazte gutxi baitago. Gainera, atletismoa egiten dutenek, egiteari uzten diote unibertsitatera joateko garaia heltzen denean. Bestalde, Goierri Garaia klubeko haur gehienak neskak dira.
Zer esaten diezu?
Aurten Legazpiko neskak entrenatzen hasi naiz eta oso denbora gutxian zenbat hobetzen duten ikustea oso pozgarria da. Dena den, benetan gustatzen zaidana baloreak transmititzea da. Lehiakorra izatea baino askoz ere garrantzitsuagoa da elkarren arteko errespetua.
Zer esaten dizute beraiek?
Espainiako Txapelketan laugarren egin nuenean zoriondu egin ninduten,
lasterketetara elkarrekin joaten garenean animatu egiten naute… Ondo lan eginda emaitzak lortzen direla erakutsi nahi diet.
Europako txapelketan
Ainhoa Sanzen argazki kuttuna 2019ko Europako mendi lasterketa txapelketako helmugan atera zioten hau da. Hirugarren heldu zen helmugara. Mendi lasterketetan lortu zuen lehen emaitza garrantzitsua izan zen.
Europako txapelketara joan aurretik FEDMEk antolatutako Espainiako txapelketa lortu zuen. «Espainiako txapelketa Otañesen (Kantabria, Espainia) izan zen eta irabazi ondoren, Europako txapelketara joateko txartela lortu nuen. Zalantzak izan nituen, baina halako aukerak gutxitan izaten dira eta aprobetxatu beharra nuen».
Europako txapelketan maila ona eman ahal izateko, udan gogor entrenatu beharra izan zuen. «Uda hartan Burgosen lan egin nuen eta hantxe egin nuen prestaketa handiena. Libratzen nuen egunetan etxera bueltatzen nintzen, desnibela sartu ahal izateko. Oso gogor entrenatu nuela gogoratzen dut. Sekulako maila lortu nuen. Inoiz izan dudan onena. Asko zaindu nituen atsedena eta elikadura. Italiara heldu aurretik, banekien etxeko lanak ondo eginda nindoala».
Hala ere, ez zuen hirugarren postua lortzea espero. «Lasterketa irailean izan zen, Val Bognanco-n. Hirugarren postua lortu nuen. Ez nuen espero. Oso gogor lan egin nuen eta saria lortu nuen. Helmugara iritsi nintzenean, barruan nuen amorru eta poztasun guztia azaleratu nuen. Hori da, hain zuzen ere, argazkian ageri dena», azaldu du Urretxuko korrikalariak.