Beasaingo Udalak laugarrenez abiatu du ‘Txakur eredugarri’ programa. Horren barruan, lehenengoz, txakurrekin terapia saioak egingo dituzte adineko pertsonekin.
Azken urteetako hainbat ikerketek erakutsi dute, animalia edo maskota baten presentzia onuragarria izan daitekeela gizakien alderdi askotan. Hala, animaliekin lagundutako terapiak, geroz eta gehiago erabiltzen dira, osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin. Tratamenduaren edo terapiaren prozesuan zehar, pertsonaren eta animaliaren arteko harremana sustatuz lan egiten da, eta horren bidez, frogatu da, adineko pertsonen egoitza batean bizi diren egoiliarrengan adibidez, onura psikiko eta fisiko argiak lortzen direla.
Adinekoen egoitzetan dauden pertsonek, oro har, osasun arazoren bat edo bestelako zailtasunen bat izan ohi dute. Horiek, handitu egin daitezke, izan ere, askotan ez dira maitatuak sentitzen, bakardade egoeran sentitzen direlako. Horrek bultzatuta, egoera psikologikoak eta fisikoak galera nabarmena sufri dezake denbora gutxian, eta geroz eta gehiago kostatzen zaie beste pertsona batzuekin komunikatzea. Mugikortasun arazoak ere, handitzen doaz.
Animaliekin harremanak, osasun globala hobetzen laguntzen die. Hori horrela, Beasainen, Txakur Eredugarri programaren laugarren edizioaren barruan, hirugarren adineko pertsonekin lanketa berezia egingo dute. Hain zuzen ere, apirilean martxan jarriko den edukietako bat da, hirugarren adinekoekin burutuko diren tailer teoriko-praktikoak. Txakurrak laztandu eta beraiekin komunikatuz, estimulazio kognitibo eta sentsoriala landuko dute, baita komunikazio afektibo eta ludikoa indartu ere. Beasaingo adinekoen egoitzan, eguneko zentroan, Ezkiagako eguneko zentroan eta Urbiberri gizarte egoitzan, ordubeteko saioak egingo dituzte txakur hezitzaile profesionalen gidaritzapean. Kasu honetan, Beasaingo Arriaran auzoan dagoen Kanguneko Xabier Arrese Vitoriak (Beasain, 1978) eta Andrea Ruiz de Egilaz Bellosok (Tolosa, 1997) gidatuko dituzte saioak, eta Gau izeneko Euskal artzain txakurra izango dute terapiarako lagun, beste txakur batzuekin batera.
Harremanak hobetzeko
Orotariko zerbitzuak ematen ditu Kangunek; txakurren trebakuntza, sozializazioa, txakurrentzako hotela ere badute… «Animalia hauek maite ditugu eta haien mundua hobeto ulertzen irakasteko helburuarekin, haiekin gehiago gozatu ahal izateko eta zure lagun onena zoriontsuago eta orekatuago egon dadin lortzeko asmoz sortu zen Kangune», azaldu du Xabier Arresek Kanguneko arduradunak.
Baina horrez guztiaz gain, txakurrekin terapia egiteko prestatuta daude, formakuntza espezifikoa dute arlo horretan, eta urteetako esperientzian oinarrituta berretsi du ikerketek diotena: «Animaliekin lagundutako terapiek eragin positiboa dute maila emozionalean adineko pertsonengan, emaitza esanguratsuekin gainera; autoestimua indartzen dutelako, aldartea hobetzen dutelako eta motibazioa areagotzen dutelako». Txakurrarekin kontaktu fisikoak, txakurrak jasotzen dituen laztanek eta besarkadek, eta saioz saio sortzen den lotura emozionalak, adineko jendearen eta txakurren artean, estres-maila eta depresioa murrizten laguntzen dute.
Terapia-txakurrak, gainera, «gizarte-bideratzaileak» dira, «pertsonen arteko kontaktua eta harremana areagotzen dute». Egoitzako terapien ondorioa da «adineko pertsona batzuek elkarrekin hitz egin nahi izatea, terapian elkarrekin barre egin nahi izatea eta, ondoren, gainerako egunetan hitz egiten jarraitzea», borobildu du Ruiz de Egilaz lankideak. Horrek, «asko laguntzen du» bakardade-sentimendua gutxitzen.
Gehiago mugitzeko
Txakurrekin lagundutako terapiek hirugarren adineko pertsonen «osasun fisikoa ere hobetzen» dute, ez dute zalantzarik Kangunekoek. «Adinekoek mugimenduak eta joan-etorriak egitea eskatzen duten jarduerak egiteak indartu egin ditzake goiko eta beheko gorputz-adarrak», nabarmendu dute.
Adinekoek beren motrizitate lodia indartzen duten jarduera konplexuak egin ditzakete txakurrekin, hala nola objektuak jaurtitzea, pilota bat jaurtitzea eta txakurra berarekin itzuli arte itxarotea. Ekintza sinpleagoak ere egin ditzakete, beren motrizitate fina indartzen dutenak, hala nola puzzleak egitea, irudiak ebakitzea edo marraztea. Txakurrek hainbat modutan parte hartzen dute jarduera horietan: adinekoek txakurren gainean fitxak edo beste elementu batzuk jarriz, gainerako parte-hartzaileak garraiatzeko. Animaliaren presentzia hutsak ere arreta mentaleko dinamika berriak sortzen ditu.
Hainbat ikerketetan oinarrituta, baieztatu daiteke ere, animaliekin lagundutako terapien jarduerek memoria eta ikaskuntza sustatzen dituztela. Terapian egindako jarduera asko sekuentzien, aginduen eta ariketen memorizaziora edo deskribapenera bideratuta daude. Adineko pertsona batzuk, beren bizitzaren ziklo honetan, narriadura kognitiboa jasaten has daitezke. Narriadura hori oroimenaren galeran, hizkuntzaren aldaketan, orientazioaren zailtasunean eta arretarik edo kontzentraziorik ezan irudikatzen da. Horregatik, emaitza positiboak lor daitezke ere, Alzheimerra edo dementzia duten adinekoetan. «Animaliekin lagundutako terapiek, terapia-txakurren laguntzarekin, pertsonak maila kognitiboan indartzea eta adinekoen bizi-kalitatea hobetzea lortzen dute, eta bide horretan antolatu ditugu saioak», borobildu dute.
Elkarbizitza
Txakurra animalia ‘terapeutikoa’ dela jakitun, geroz eta jende gehiagok bilatzen du animalia hauen konpainia, edozein herritako kaleetan txakurren kopurua gora eta gora ari delarik nabarmen, batzuetan elkarbizitza arazoak ere sor dezakeena. Hori ekiditeko helburuarekin jarri zen martxan Txakur eredugarri programa, duela lau urte. Aipatu behar da, oso programa zabala bihurtu dela. Adineko pertsonekin aurten lehenengoz egingo diren terapia saioez gain, Jabe eredugarri programa eta sozializazio saioak daudela. Hain zuzen ere, Azken hori izan zen programa honen abiapuntua.
Saio horietan ere, Kanguneko lagunak ari dira gidaritza lanak egiten. Arresek berak azaldu duenez, helburua da «orden pixka bat jartzea herriguneetan, txakur kopurua gora eta gora ari baita».
Txakurra, laneko animalia izan da historikoki, zaintzarako eta artzaintzarako animalia izan da, besteak beste, baina gaur-gaurkoz, animalia horrekin harremana eta pertzepzioa «asko aldatu» dira Arreseren ustez; «lehen bai ulertzen zuten zerbait gehiago txakurren jokaeraz eta txakurrekin erlazioaz». Gaur egun, «kultura hori galtzen ari da». Horregatik uste du, «beharrezkoa» dela Beasaingo Udalak martxan jarri duen programarekin aurrera jarraitzea, hurrengo urteetan ere.
Jabe eredugarri jardueraren barruan, astean bi saio egiten dituzte. Bata da taldeko saio bat, non 10 binomio –txakurra eta jabea– elkartzen diren eta jolasak egiten dituzten, azken batean, egunerokoan erabilgarri diren gauzak egiten dira; esertzea, sokarekin ondo ibiltzea, beste txakur batzuen aurrean urduri ez jartzea, zaunkarik ez egitea… Hori astearteetan egiten dute.
Bestea, sozializazio ibilaldiak dira, astearteetan ikasitakoa, praktikan jarriz. Beasaingo kaleetan egiten dute, ostegunetan, pintxo-pote egunean. Nahita aukeratutako eguna da; «ohi baino jende gehiago pilatzen diren gune horietara gerturatzen gara, estimulu asko dauden tokiak direlako, haiek dira praktikatzeko toki egokienak», nabarmendu du Arresek.
Arrakasta handia dute saioek, plaza guztiak bete izan dira, edizio guztietan, eta orotariko profilak aurki daitezke; «aurretik antzeko saioetan parte hartu dutenak eta ez, baina gehienetan da herriko jendea, aurreko edizioetan ikusi gaituena edo ahoz ahokoagatik saioen berri izan duena». Txakurren kasuan, «orotarikoak» daude. Eta emaitzari dagokionez, «gustura» daude, «txakurren eta gizakien arteko elkarbizitza hobetzeko bidea egiten ari garelako».
Txakurra aukeratzeko hainbat aholku
Txakur bat izatea pentsatzen ari denak, alderdi asko hartu beharko lituzke kontuan: bizi estiloa, arraza, tamaina, sexua, haiei eskaintzeko denbora, txakurraren izaera…
Estetika edo moda behintzat ez dadila izan iparrorratz.
Lehenengo gauza; zenbat denbora eskaini diezaioke txakurrari egunero? Zenbat aldiz atera dezake eta zenbat denboraz? Badira arraza batzuk jabeekin denbora gehiago igaro behar dutenak, mendekotasun handiagoa dutenak daude. Txakur guztiek ere ez dute jarduera bera behar. Txakurraren tamaina, norberak duen espazioaren araberakoa ez dadila izan, tamainak ez dezala engaina; txikiak izateak ez du esan nahi ariketa fisiko gutxiago behar dutenik. Eta kontutan izan beharreko beste gauza bat ere bada, beste batzuen artean; heziketa eta pertsonekin eta beste txakur batzuekin sozializazio egokia beharrezkoa izan daitekeela.
Kanguneko Xabik eta Andreak egiten duten gomendioa da, batez ere lehenengo txakurra bada, «profesional batekin hitz egitea, txakurra hartu baino lehen». Haiek aholkatuko dutelako zein egokitzen den hobe, kasu bakoitzean.
Nahiz eta txakur arraza gogokoago izan, agian ez da egokiena elkarbizitzarako. Txakurrek, pertsonek bezala, beren izaera eta beharrak dituzte. Aukera on bat eginda harremana atseginagoa izango da.