Beasaingo Udalak martxan jarri duen Txakur eredugarri programa, hasiera batean txakur jabeei soilik zuzendutako egitasmoa dela badirudi ere, herritar denentzako ekimenak ere badaude; honen adibide da Txakurren Hizkuntza izeneko saioa. Bertan, haur eta nagusientzat hitzaldi bana emango dute Andrea Ruiz de egilaz eta Xabier Arrese Kanguneko kideek.
Izaki guztiek dute elkarren artean komunikatzeko lengoaia bat; txakurrek ere bai.
Bai, hizkuntza propioa dute. Soinuak eta seinaleak erabiltzen dituzte zerbait adierazteko. Jendeak bezala, bere gorputz-lengoaia ere erabil dezakete emozioak eta asmoak partekatzeko. Baina, gizakion aldean, oso modu ezberdinean egiten dute. Horrela, batzuetan giza-txakurren komunikazioan gaizki-ulertuak eragiten ditu. Elkarren arteko lotura iraunkorra eta konfiantza sortzeko, garrantzitsua da animalia hauen erreakzioak eta jokabideak ezagutzea. Haien aurpegi-espresioak, gorputz-jarrerak eta normalean erakusten dituzten beste hizkuntza modu batzuk irakurtzeko gai izatea garrantzitsua da. Haiekin modu eraginkorragoan komunikatzen ikastea da onena, haiek zaintzeko edo haiekin harremana izateko.
Zergatik da hain garrantzitsua lengoaia hori ezagutzea?
Geroz eta txakur gehiago dagoen gizarte batean bizi garelako, eta txakurra izan edo ez, haiengana noiz eta nola gerturatu ikastea edozeinentzat delako baliagarria, batez ere, istripuak ekidite aldera. Ezin da ahaztu, animaliak direla, eta euren kodigo propioak dituztela, gizakiek nahi edo ez.
Ezagutzen ez dugun txakur bat ukitzera hurbiltzeaz, zer iritzi duzu?
Arriskutsua izan daitekeela. Txakur batengana hurbildu eta hura ukitu aurretik onena da, jabeari galdetzea, eta hark esaten badu, txakur soziala dela eta ez dagoela ukitzeko arazorik, aurrera. Beraz, jabeak esaten duenari so egin beharko genioke, printzipioz, hura delako txakurra ondoen ezagutzen duena. Gainontzean, animaliak berak komunikatzen duena ulertzen ahalegina egin behar da.
Zertan jarri beharko genuke arreta?
Txakur bat ukitu aurretik hobe da hura hurbiltzen den ikustea, usain gaitzala… Txakurrak ez bagaitu bilatzen, posible da kontakturik nahi ez izatea, eta behartzea, arriskutsua izan daiteke, hozkada jaso dezakegulako. Belarrien posizioa, aurreratuta edo atzeratuta dituen, alerta egoeran dagoen edo erlaxatuta dagoen erakusten du. Beste pista bat da, buztanaren posizioa, mugitzen duen edo ez, adibidez. Mingaina ateratzen badu, antsietate seinalea izan daiteke. Seinale ugari daude, esandakoak, batzuk baino ez dira.
Hitzaldia beraz, edonorentzat da interesgarria…
Bai, hala da! Publiko guztientzat izango da, beraz, ez da bakarrik txakur jabeentzat. Animalia hauengana nola gerturatu eta beraiekin nola jokatu erakutsiko dugu, denok dugulako ikasteko asko arlo horretan.
Txakurra, gizakiaren laguna baino askoz gehiago