Proiektu berri bat abiatu dute Ordizian, Izan familien kabia du izena eta Garagartza plazan dago. Gurasoei eta familiei zuzenduta, osasuna zentzu zabalenean lantzen dute, arlo fisikoa eta emozionala batera doazela ulertuz.
Familia erdigunean jarrita, gurasotasunean, haurren neurogarapenean eta helduen ongizatean bidelaguntza eskaintzen duen diziplinarteko gune berria da Izan familien kabia. Ordizian dago. Garagartza plaza 3. zenbakian eta ateak zabalik ditu, zerbitzua jaso edo haien inguruko informazio zehatza jasotzeko.
Bizitzaren esperientzian somatutako gabezietatik abiatzen da proiektu hau. Muinean, osasuna kokatzen da; osasuna zentzu zabalenean lantzen dute guraso eta familientzako kabi berri honetan. Bertan lan egiten duten profesionalek osasuna ulertzen dute, ez bakarrik gaixotasun eza bezala; osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera erabateko bezala baizik.
Idoia Caballero fisioterapeuta da eta proiektu honen sustatzaileetako bat, eta Izan familien kabia proiektuaren filosofia eta lan egiteko modua ulertzeko gakoak eman ditu. «Urteetan lana egin izan dut helduak tratatzen –haurtxoak ere bai azken urteetan–, eta esperientzia horrek gorputzaren eta emozioen artean dagoen lotura estuaz kontziente izaten irakatsi dit», eman ditu lehen zertzeladak proiektuaren inguruan. «Niretzako, banaezinak dira, eta inbrikazio hori abordatu nahian, nire lana hortik eskaini nahi izan dut beti. Hortik edan izan dudalako ere», izan ere, jasotako formakuntzak «ildo horri eusten dio», erantsi du.
Horrez gain, esperientziatik beti, ama izatera iritsi zenean sumatutako hutsuneak ere aipatu ditu: «Gorputzari buruz eta minaz asko nekiela uste nuela, bat-batean ama bihurtu nintzen. Nire alaba jaio zen eta, askotan, bere negarren aurrean zer egin ez nekiela ikusi nintzen… ez nekien hari nola lagundu! Ideiarik ez». Bere kasuan, «erditze ostean izandako bizipenak eta zailtasunak gainditzeko sustengu falta sumatu nuen; ospitalean asko goxatu ninduten, ordura arte dena primerakoa zen, baina etxera iritsi eta atea zeharkatzean, negarrez hasi eta hala pasa nituen hurrengo hilabete luzeak, erreferentziazko profesionalengana joz, emaginarenera edo pediatrarenera adibidez, eta umea baloratzen dute, baina, nire kasuan behintzat, inork ez zidan niri, amari, eskua luzatu. Eta orduan izugarrizko beharra nuen», hustu ditu bere bizipenak eta sentipenak, lerro hauek irakurtzen ari diren beste askok ere sentipen eta bizipen berberak edo berdintsuak izan dituztela inongo zalantzarik egin gabe.
Maialen Mediavilla lankideak osatu du Caballeroren testigantza «prozesu osoan, amei ez digute galdetzen, zu nola zaude? nola sentitzen zara? zer iruditzen zaizu umeari botika hau ematen badiogu?…». Mediavilla erizaina da, eta Izan familien kabia proiektuaren parte ere bada. Esaten ari zenaren haritik, une horietan da, «markatutako neurrietan sartzea; pisua hartu duela, baina gutxi hartu duela, titia eskaini beharko diozula gehiago, eta horrela titian umea 24 ordutik 25».
Zerbitzu berriaren funtsa ulertzeko bizipenak kontatu ahala, zurrunbilo horretan sentitzen den estutasuna, itolarria, estresa, ondoeza, ondo baino hobeto deskribatu dituzte. Baita iparra hartzeko gelditu beharra , izan ere, arnasteko beharretik sortu da Izan, taupadak berriro ere erritmo egokira ekartzeko beharretik, «guraso izateak hankaz gora jartzen duelako sarri bizitza, eta kezkak, zalantzak, beldurrak, konpartitzeko espazioa baten beharra izaten da». Hutsune horretatik abiatu da.
Informatu eta izaten utzi
Ugaldu eta kumeak zaintzeko erabiltzen den babestokia da kabia, «guraso eta familia eredu guztiei zuzenduta» dagoena. «Lasaitasunetik, errespetutik, enpatiatik, sareak eraikiz, informazioa eta sostengua eskainiz. Zaintza espazio bat eskainiz eta arlo fisikoa eta emozionala landuz», borobildu dute, biek ala biek, proiektua abian jartzeak sortu dien ilusiotik. Izan aukeratu dute proiektuaren izen bezala, hain zuzen ere, hitz horrek biltzen duen guztiagatik. Batetik, «hizki bakoitzak baduelako zentzua: I, informazioa (epaiketarik gabekoa); Z, zaintza; A, akonpainamendua; eta N, nutrizioa». Zerbitzu integrala da beraz, eta proiektuaren filosofia deskribatzen du nolabait; paziente edo erabiltzailearen aurrean, profesionala non kokatzen den adierazten duelako. Pazientea, familia edota erabiltzailea, beti jarriko da erdigunean, bere behar eta helburuak lehenetsiz; eta profesionala, prozesu horren bidelagun bihurtuko da, alegia.
Baina gainera, izan aditzaren esanahiarekin borobiltzen da. «Norbera den bezalakoa izateko espazio bat da».
Osasun arloko langileak diren heinean, «gure zeregina da, azken aurrerapausoen inguruko informazioa luzatzea», informazioa delako, «prebentzioaren pilare garrantzitsu bat», ondoren «norberak» erabakiko du, «ez gaude epaitzeko, gu egongo gara norberak hartzen duen erabakiarekin errespetatuz, akonpainamendua egiteko».