Iraida Martin • Lazkao
Begirada atzera botatzea oso zaila eta gogor egiten zaigu batzuetan. Askotan, ia beti. Bihotzaren babes estalkia desegiteko beldur, bere txokoan gordeta ditugun sentimenduek ihes egingo ote duten ikaraz, giltzapetu egiten ditugu oroitzapenen kutxan.
Gaurkoan atea zabalik utzi dizkiet, libre, aske, nahi duten arte espazio irekira ateratzeko bultzada eman diet. Nahiz eta espero berriro bueltan etortzea, noski. Gazte denborako istorio, anekdota edo pasadizo bat kontatzeko asmoz, subkonstzientean arakatu, miatu eta aztertu dut ia zein izan zitekeen une berezi horietako bat, eta badut bai kontatzeko.
1988ko apirila zen, 14 bat urte izango genituen, nerabezaro puri-purian eta San Prudentzio jaiak ate joka genituen. Imajina dezakezue hormonen dantza. Lazkaok inguruko herrietako festa garaia inauguratzen zuen. Gogoz eta irrikaz itxaroten genituen egun haiek. Etxeko lanak egun batzuetarako aparkatu eta kale giroan murgiltzen ginen. Lehen orduko dianarekin hasi eta gaueko kontzertuetaraino ekitaldiak herriko txoko guztietan zeuden. Gaur egun antzera baina desberdintasun «txikitxo» batekin. Kalea zen gure «plataforma», ez baikenituen ez mugikor, ez haririk gabeko kaskorik, ez gaur bizi dugun teknologiarenganako mendekotasunik.
Kaldereroz mozorrotuta
Ni ez nintzen, eta hala jarraitzen dut, oso mozorrozalea baina urte hartan ere klasekide eta irakasleekin batera gai bat aukeratu eta denak mozorrotu ginen San Prudentziotan. OHOko 8. mailan geunden, ibilbide berri bat hasteko zorian handik hilabete gutxira, kurtsoa amaitzean. Txikitatik ezagutzen ginen bi geletako ikasle asko betirako bananduko ginen ikasketei dagokionez. Etapa berrian askok ikastolan jarraituko genuen eta beste batzuk Goierrin, Institutuan edo formakuntza batean hasiko baitziren.
Urte hartan kaldereroz mozorrotzea erabaki genuen bi gelek. Etxean koloredun gonak, alkandorak eta zapiak bilatu, pare bat urre koloreko bitxi jantzi eta listo. Festan murgildu eta imajinaziozko pertsonaietan bihurtzeko prest geunden. Egurrezko gurpildun karroza batera igo eta kaleak zeharkatu genituen. Gogoan ditut egun horretako barreak, begirada konplizeak, plazan botatako dantzak, barraketan emandako hamaika bira, eta kontu kontariak… Irakasleak eta ikasleak, denak elkarrekin Errauskin ijitoaren karroza magiko hartan.
Uste dut koloredun zapia kutxaren baten gordeta dudala. Bila noa, ordu gutxi barru mozorro eguna bueltan da eta. Ea karroza hartako kideak topatzen ditudan horrenbeste urteren ondoren.