Nerea Santosek (Legorreta, 2003) eta Nerea Garciak (Ordizia, 2002) osatzen dute N-Lezz. Duela gutxi hasi diren DJak dira eta Euskal Herriko txoko guztiak astintzeko prest datoz. Nerea Santos legorretarrak hitz egin du taldearen izenean.
Nola hasi zineten eta nola iritsi zarete gaur egun daukazuen ezagutza izatera?
Nereak nahasketa mahaia zuen, duela pare bat urte oparitu ziotela eta, eta arratsalde batean, denborapasa gisa hasi ginen mahaiarekin trasteatzen. Berak bazekien erabiltzen eta nik abestiak deskargatu nituen. Ni Instagramera bideoak igotzen hasi nintzen pintxatzen, «lagun onenen» atalera eta kuadrillakoek animatu egin ninduten kontua serioago hartu eta etxetik plazara salto egiteko pausua ematera. Gainera, haiek izan ziren gure lehen boloa egiteko deitu zigutenak, Legorretako Gaztetxean eta oso gustura aritu gara.
Zein musika estilo da zuena eta zergatik hautatu duzue hala?
Ez dugu musika estilo bakarra pintxatzen, estilo asko pintxatzen ditugu, reggaetoietik hasi, pop abestietara, rapa, musika urbanoa, reggaea zein egungo euskal kantetara. Bestalde, base desberdinekin eta abar, estiloak nahasteko joera dugu. Hau egiteko hautua hartu dugu, guri hala gustatzen zaigulako eta publiko zabal batengana iristea ahalbidetzen digulako honek. Hala ere leku bakoitzeko girora zein publikora egokitzen gara. Gure pertsonalitateetatik irten den zerbait da, naturalki eta hori da gure bereizgarri bat.
Legorretan izan zineten eta Jimmy Jazzen ere bai, zer moduzkoak izan dira oholtza gaineko lehen bi esperientzia hauek?
Lehen aldia izan zen Legorretakoa eta oso gustura egon ginen. Urduri joan ginen, ez baita berdina etxean pintxatzea gauza desberdinak probatuz edota zuzenean jende aurrean pintxatzea. Galderaz eta kezkaz bete zitzaigun burua urduritasun horren ondorioz: ea jendeari gustatuko zitzaion, ea jende aurrean nola moldatuko ginen abesti bat bestearekin lotzeko, eta abar. Publikoak ere oso ondo pasa zuen eta amaieran ez zutela espero lehen aldia izanik horren ondo ibiltzea esan ziguten, eta benetan gustura geratu ginen egindako lanarekin. Jimmy Jazzen, aldiz, oso desberdina da, jende ezagun gutxiago zegoen eta leku desberdin ugarikoa. Jende ezaguna zegoen bertan pintxatzen baita ere eta horrek jende asko erakarri zuen. Hauek ere oso gustura hartu gintuzten eta asko gozatu genuen momentua. Olaztin ere izan ginen eta gustura.
Nolakoa aurreikusten duzue uda?
Hurrengo boloa Lazkaon daukagu, igande honetan bertan, Lazkaoko Txosnan. Goierriko jende asko elkartuko da bertan eta oso data berezia izango da guretzat, «debut» bat bezalakoa gutxi gorabehera. Beste data batzuk ere baditugu konfirmatzeke baina azterketa aldian geldialdi txiki bat egingo dugu eta udarako data batzuk erdi lotuta ditugu, herri desberdinetan.
Zein dira zuen helburuak epe motzean? eta epe luzean?
Epe motzerako helburua, udara begira, herriko jai asko daudela jakinda, horietan pintxatzea izango litzateke, Euskal Herriko leku desberdinak ezagutzea. Udan zehar libreago egongo gara eta ea leku desberdinetara iristen garen. Epe luzerako helburu bezala horrela jarraitzea espero dut, hau da, ez izatea etapa txiki bat eta gutxienez hilabetean behin aukera izatea pintxatzeko. Mikrofonoak erosten hasi gara, pianoak baditugu eta produkzio arloarekin hasi gara, beraz, musika guk produzitzea gustatuko litzaiguke.