Kandi Aldasoro (Ataun, 1944) San Gregorioko Bordagaztelu baserrian jaio zen. Behiak, behorrak eta ardiak zituzten eta aitonari artzain lanetan laguntzen ziola gogoratzen du. Ikasketak Ataunen egin zituen eta Idiazabalera ezkondu zen. Bertan gustura bizi da.
Ze zaletasun dituzu?
Mendira joatea. Udaberritik aurrera, igandero Urbasara joaten gara ahizparekin, haren senarrarekin eta beste bikote batekin. Senarrek ardo txuri bat hartzen dute eta guk bitter-a. Ondoren, paseoa egiten dugu. Paseoaren ondoren, kaputxinoak zeuden tokian bazkaltzen dugu.
Pelikula edo telesail bat?
Gaztetan pelikula asko ikusten nituen Ordizian. Egun ez dut filmik ikusten.
Abeslari bat edo musika talde bat?
Trikitixa. Joseba Iparragirre trikitilariaren ama, Feli Gorrotxategi, laguna dut. Askotan joaten ginen bere saioetara.
Abesti bat?
Asko ditut gustuko.
Liburu bat?
Ez naiz irakurri zalea.
Oporretarako toki bat?
Noja. Semeak etxebizitza du bertan.
Zer gosaltzen duzu?
Ogi xigortua marmeladarekin eta kafesnea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna?
Alaba hil zen eguna. 10 urterekin hil zen, 1977an.
Jaso duzun opari bereziena?
Hurrengo alabaren jaiotza, 1982an.
Amets bat.
Heriotza etortzen denean, azkar egin dezala bere lana.
Plazer txiki bat.
Etxekoak ondo ikustea.
Goierriko txoko kuttuna.
Ataun eta Idiazabal.
Idiazabalen biziko ez bazina…
Beasainen.