Julen Arakama • Zinemazalea
Akzio saga honi izena eman dion pertsonaiak oso etorrera apala izan zuen gurean. 2014 estreinatu zen munduan John Wick, baina gure zinemetan ez zen estreinatu ere egin. Keanu Reeves onenak emandako antzezlea zen eta akzio eta tiroketa film arrunt eta merke itxura zuen filmak. Baina aizu! Telebistan filma ikusi ondoren, zakurra eta emaztea galdu berri dituen tipo hau ikono moderno bat dela askok ikusi genuen. Infernuko zuloa baino kondaira beltzagoa bizkarrean zeraman Wick jaunak, hiltzaile profesional gupidagabe eta zorrotzena izan zena bere erretirotik irtetera behartzen dute mendeku frenetiko geldiezin bat martxan jarriz.
Bigarren eta hirugarren atalek lehenaren pultsuari bikain eutsi zioten eta John Wick IV orgia neurrigabea iritsi berri zaigu. Akzio generoa, tiroketa eta borroken estilizazioaren mugarri ukaezina da azken filma, koreografia zoragarriez osaturiko erlojuzain artelana, pantaila handian gozatu behar den ikuskizun zanpatzailea. Bisualki miresgarria, zinema klasikoari omenaldi betea, irudi eta momentu gogoangarri bilduma bat da, erreferente bihurtuko da. Haize edo puzkeriarik gabeko entretenimendua, ez gehiago ez gutxiago, sinplea, heroiak eta maltzurrak.
Gure John maitatu, dotore, magnetiko, hieratiko, isil, kolpatu eta nekatuak zutik jarraitzen du edonor eta edozerren aurrean, izan fikziozko biolentzia estetizista kritikatzen duen posmodernismo dekonstruktibista nekagarria, izan hura akabatu baina ezingo duen arerio oldea.