Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Bakarren bati irakurria diot, hamar bat urterekin, etxekoen partetik bizikleta bat oparitan jaso, eta harrezkero ez zela etxera itzuli. Antzeko zerbait gertatu zitzaidan niri, Ordizian, hamar bat urtekoa nintzela, lasterketa batean Txomin Perurena karrerista helmugan lehendabizikoa sartu, eta hark botatako bisera airean jaso nuenean. Itzuli, ni etxera itzuli nintzen, baina, aita bizikleteroari jarraiki, harrezkero beti izan dut bizikleta bidelagun eta bidaide.
Gaztetan, auto faltan eta indarra sobran, bidaia deskubritzaileak egin nituen Euskal Herrian barrena. Bazko astean, hamar-hamabost bat lagun errepideratu izan ginen eta modu horretan ezagutu ahal izan nuen gure herria: Leire, Izaba, Atharratze, Biarritz, Lemoiz, Guardia… Lagun handi batek istripu latza izan zuen San Martin Unxen, Tafallatik hurbil; onik atera zen arren, bizikleta berriro ez hartzea erabaki nuen… hurrengo astera arte. Lagunekin batera, urtero egin izan genuen O-aren itzulia: Lizarrusti, Etxarri, Altsasu, Etxegarate, Ordizia… Arantzazura ere joan izan ginen eta aldapa piko haietan konturatu nintzen bizikletak eskatzen duen ahalegin handiaz, benetako tour de force nekagarriaz, baina baita ere trukean eskaintzen duen pozaren beteaz.
Dena dela, bidaiarik pertsonalenak Larraitzerakoak izaten ziren, izan neure burua lasaitzeko, izan azterketetako presioa arintzeko. Eta, hala ere, Txindoki aldeko joan-etorri haiek nahikoa ez, eta behin batez –diru faltan, indarra sobran– pedalkadaka Bartzelonaraino iritsi nintzen, Panticosan eta Montserraten sartu-atera bat eginda; zertara, eta gorputz adierazpen ikastaro bat egiteko asmotan. Etxean lagun batekin nindoala esan, baina Peiok ondotxo daki Irurtzuneraino baino ez zidala lagundu. Bidaia gorabeheratsu haren oroigarri da Erantzuna haizean dabil liburu ilustratua.
Aldiz, bidaia espiritualagoa, pedalkadaka hura ere, Italiaraino egin nuen, Asisera eta Erromara, Fede lagunarekin orduko hartan. Hilabete osokoa, ederra bezain gogorra izan zen, hura bai benetako tour de forcea… Errepidean ezagututako txirrindulari batek bere etxera bazkaltzera gonbidatu gintuen eta mekanikari batek bizikleta debalde konpondu zigun Lejarretaren herrikoak ginelako. Benetako tour pertsonala eta bidaia gogoangarria.
Gaur egun, Tour de France gurera etortzekoa den honetan, halakoxe oroitzapenak datozkit gogora. Eta turrada galanta emango diguten arren, akaso berriro ere irakurriko dut Ander Izagirreren Plomo en los bolsillos & Beruna patrikan liburu zoragarria –nola ahaztu Cojo esaten ziotenaren balentria: hankamotza, Bilbotik Pariseraino Tourra korritzera joanda…–; autoarekin eta indar faltan, akaso berriro ere hartuko dut bizikleta herdoilduxea.