Iritsi da ikasturte amaiera eta honekin batera baita azterketak ere. Etapa amaierak sarritan ez dira errazak izaten eta urduritasunez bizi ditugun uneak dira. Halaxe egon dira aste honetan bigarren batxilergoko ikasleak, selektibitateko azterketa egin baitute.
Bertan bizipen desberdinak izan dituzte ikasleek, izan ere, batzuk nota zehatz bat dute helburu, ikasketa jakin batzuk egin nahi dituztelako; beste batzuk, aldiz, lasaitasunez bizi dute etapa hau, presiorik ez dutelako sentitzen. Hau hala izanik, aurten ere denetariko bizipen eta sentsazioak izan dira bertan.
Ordiziako Jakintza Ikastolatik joan da selektibitatera Urtzi Otaegi (Ordizia, 2005). Nota zehatzik ez duela «helburu» dio, baina urte osoan presente izan duten gai bat izan denez selektibitatea horrek berak jada «urduritasun puntua» sortzen diola onartu du. Arlo guztietan zailena egiten zaiona gaztelania dela aitortu du, eta eskatzen den «euskara eta gaztelania mailaren desorekarekiko bere desadostasuna» azaldu du.
Bestalde, Beñat Imaz Agirre (Beasain, 2005) Beasaingo Institututik joan da egun hauetan selektibitateko azterketa egitera. Aipatu duenaren arabera, antolatzea nahiko zaila egin zaio, orri multzoaren aurrean jarri eta zenbaitetan, ez baitu jakin nondik hasi edota nola. Gainera, herriko festak izan ditu tartean eta horrek ere ez du gehiegi lagundu. Bere beldur handiena ez gainditzearena da, izan ere, horrelako azterketek sortzen duten estresa, ondoeza eta urduritasuna traizio izan daitezkeela iruditzen zaio, emaitzak lortzerako orduan.
Bingen Zubiarrain Lasa (Olaberria, 2005) ere selektibitateko azterketa egiten aritu da egun hauetan. Lazkaoko San Benito ikastolatik joan da. Antropologia ikasketak egin nahi ditu eta ondorioz, «beste ikaskide batzuk baino lasaiago» dagoela dio. Hala ere, azterketa honekin ikasturte guztiko edukia hiru egunetara laburtzen da eta honek «ezinegona» sortzen dio, «akatsak egiteko beldurra» eraginez. Akatsak egin arren ez du uste «zailtasun handirik izango duenik nahi dituen ikasketetan sartzeko», baina hala ere, «urduri samar» ibili dela adierazi du. Horrenbeste gai ezberdin izateak ere zailtasunak sortzen dizkiola aipatu du eta guztiak «buruan nahasten zaizkiola» ikasketa hau konplikatuz.
Hauek dira aurtengo zenbait ikasleren bizipenak selektibitatearekiko eta orokorrean ikusi ahal izan dugun moduan «estresa eta beldurra» dira sentipen nagusiak, ikasleen aldetik pertzepzio eta bizipen «negatiboak izanez».