Aitziber Makatzaga • Zerain

Zutik: Mikel Iparragirre, Iban Rodriguez, Andoitz Iztueta, Iñaki Zabalo eta Miren Makatzaga. Makurtuta: Aitziber Makatzaga, Egoitz Apaolaza eta Aloña Salsamendi.
Ume-umetatik izan dugu Zerainen auzolanean jarduteko aukera. Honen adibide da 1993an, Zeraingo Herri Museoa sortu aurretik, herriko gazte talde bat etxez etxe, baserriz baserri, garai bateko traste zaharren inbentarioa egiten aritu ginenekoa. Fermin Leizaola etnografian aditua genuen gidari, eta herriko helduen talde bat ere guri laguntzen aritu zen. Ondoren, izugarrizko arrakasta izan zuen Zaharkinak erakusketa egin zen frontoian.
Lan honen trukean, Zeraingo Udalak Zuberoara, Gamerera bost egunetako egonalditxo bat agindu zigun, Andramariak ondorenean egin genuena.
Hau antolatzeko asmotan genbiltzala, uztailean, udalak auzolanerako beste proposamen bat ere egin zigun: Segura eta Legazpi lotzen zituen garai bateko galtzada bistaratu eta garbitzearena. Laguntzera Lizarrako gazteak etorriko zitzaizkigun.
Uztailaren hasiera zen, eta dena antolatzeko kultur etxean bildu ondorenean, Frantziako Tourraren inguruko kontuekin hasi ginen. Hantxe, gazteok Tourra ikustera joateko ideia atera genuen eta udalak segituan eman zuen hitza galtzada garbitzearen trukean beraiek ordainduko zigutela bidaia.
1993ko udan
Eta horrelaxe, 1993ko udan, herriko gazteok auzolanean egindako lanaren trukean, Tourra ikustera joateko, eta Zuberoako Gamere eta inguruak ezagutzeko aukera izan genuen. Bi bidaiak herriko furgonetan egin genituen eta bietan, gidari, sukaldari eta laguntzaile herriko frailea, Bittorio izan genuen.
Tourrerako bidaia honetan bi egun egin genituen Saint Lary Soulan mendatean. Bertan amaitzen zen etapa eta Indurain indartsu zebilen maillot horiarekin. Beste hainbat euskal txirrindulari ere gogor animatzeko asmoz gindoazen etxeetako ikurrina denak hartuta.
Ikurrinen artean bat berezia. Frankismo garaian, ikurrinak jazarpena jasan zuen garaian, Urbian errosario egun batez egin zen festan azaldu zen eta guardia zibilak hura kendu aurretik zeraindarrek jaso zuten ikurrina handi bat.
Uztailaren 2n Frantziako Tourra herrian pasako zaigu 30 urte beranduago eta berriz ere euskal txirrindulariak animatuz mundu osoari gure ikurra erakusteko aukera izango dugu.
Frantziako Tourra Euskal Herritik pasatzen denerako Munduko ikurrinarik handiena sortzeko asmoa du Gure Esku ekimenak. Seguru nago zeraindar eta goierritar ugari IKURRINA honen parte izango garela.