Mutiloako alkatetzan seigarren agintaldiari heldu berri dio Iñaki Ugalde Alustizak (Mutiloa, 1967), baina aurretik ere egin zituen lau urte zinegotzi lanetan. Herriarekiko konpromisoak bultzatuta hasi zen, eta hainbeste urteko jardunaren ondoren oraindik gustuko du. Emun zerbitzu kooperatiban egiten duen lanarekin bateragarria dela eta bi jarduerak elkarren osagarriak direla uste du.
Hogei urtez izan zara alkate.
Aurretik zinegotzi ere izan nintzen. Udalean 1999an sartu nintzen, 28 urte nituela. Gero hasi nintzen alkate bezala.
Beti egon da hautagaitza bakarra?
Bai. Orain Mutiloako Herri Kandidatura deitzen da, eta aurretik beste sigla batzuk izan ditu, baina beti hautagaitza bakarra aurkeztu da herrian.
Beste herri batzuetan ez da hori gertatzen, txikiak izan arren.
Hemen bai. Gure taldean seguraski ideologia desberdinetako jendea elkartzen gara, baina zerrenda bakarra osatzen dugu. Nik uste dut herri bezala horrela izan behar duela, ez nuke ulertuko talde ezberdinez osatutako Mutiloa.
Talde bakarra izanda, politika al da zuek egiten duzuena ere?
Neurri batean bada. Beste herri batzuetan alderdi politikoak daude atzetik, gurean ez, baina handietan bezala, herri txikietan ere erabaki asko hartzen dira, funtzionatu dezan. Politika baino, konpromisoa deituko nioke. Ni herriarekiko konpromisoagatik nago hemen.
Zergatik hasi zinen horretan?
Asko pentsatu gabe hasi nintzen. Orain dela 25 urte ikusten nuen herrian jende bat igarotzen zela udaletik, eta nik ere nire burua aurkeztu eta bozka batzuk jaso nituen. Egia da mundu hau gustatu egiten zaidala, herrigintza, herriaren bueltan dagoena, udala… Zergatik hasi nintzen? Herriaren alde egin nahi nuelako, konpromiso hori nuelako. Horrelako herri txiki batean elkarlana egin behar da, eta erabaki batzuk udalak hartuko ditu, baina beste batzuk herritarrekin batera egiten dituzu.
Nolako herria da Mutiloa?
Mutiloak 265-bat biztanle ditu. Herrigune bat dugu, dezente garatuta dagoena. Lehen zortzi-hamar etxe zeuden, baina azken urteetan egin diren urbanizazioekin asko handitu da. Gerriko eta Zelaialden 20-25 etxebizitza egin dira, eta aukera eman zaie herritarrei herrian geratzeko. Herriguneaz gain, 75 baserri daude. Beraz, nekazari herria da, ia jarduera horretatik jende gutxi bizi bada ere, eta gutako gehienok hemendik kanpo lan egiten dugun. Hala ere, askok bigarren jarduera bezala baserria eta ganadua mantentzen dugu.
Herri bizia al da?
Esan daiteke baietz. Herrigunean badago mugimendua, bertan ostatua egotea ikaragarria da, bizi handi ematen dio herriari. Eta urtean zehar jaiez aparte egiten diren ekitaldiek ere bai.
Turismoa ere baduzue.
Ez da gehiegi landu den gaia, baina badago turismoa. Meatze barrutiak ikustera etortzen dira batez ere. Bizikleta zale asko ibiltzen dira, oinezko asko…
Horrelako herri txiki bateko alkateak zer lan dauka?
Ez daukat dedikaziorik beste udaletan duten bezala. Ni astearteetan etortzen naiz udaletxera, eguerdian, eta arratsaldea ere bertan ematen dut. Herritarrekin egotea, herritarrak entzutea, haien beharrak jasotzea… gehien bat hori da nire zeregina. Eta lanak, denetik egiten ditut, diru laguntzak eskatzea, beste udal eta administrazioekin egotea, esku artean ditugun proiektuak aurrera eramateko hornitzaileekin egotea… denetik tokatzen da. Baina inportanteena jendearekin egotea da. Batzuk etorri egiten dira, eta beste batzuekin kalean elkartzen naiz.
Eta zer esaten dizute herritarrek? Zer behar du Mutiloak herritarren iritziz?
Nik esango nuke oinarrizko beharrak asetuta daudela herrian. Udala dago, udaletxeko eraikina zaharberrituta dago, elkarte handi bat eginda dago, ludoteka eta haurtzaindegia daude, mediku zerbitzua dago… Seguraski faltako da zerbait, kirol ekipamenduak adibidez. Ez daude beste herrietan dauden zerbitzuak, eta horren alde borrokatu behar dela uste dut. Askotan hitz egiten da lurralde orekaz, eta herri txikiak ere sartzen dira horretan, baina herri txikiak azpitik daude , eta ez dauzkagu zerbitzu batzuk. Ez dut esan nahi horrekin zerbitzu berdinak eduki behar ditugunik… baina horretara jo beharko genuke.
Bestela, herriaren beharrak jasota ditugu. Plan bat egin zen herritarrekin batera, pandemiaren bueltan. Hor gauza asko jaso ziren, herritarrek esan zuten hau behar dugu, bestea behar dugu… Udal honetan herritarrek esan zuten hori erreferentzia bezala erabili behar dugula uste dut. Gauza batzuk ezin izango dira egin, baina horien alde ahaleginduko gara, batzuetan posible izango da eta beste batzuetan ez.
Herriaren beharrak beteta daude, horretan lan egiten duzuelako?
Lehengo Mutiloak eta oraingoak ez daukate zerikusirik. Udalean sartu nintzenean, adibidez, ez zeuden Gerriko eta Zelaialde, eta frontoia egin berria zen. Ordutik, herria biztanle aldetik igo egin da. Garai hartan 150-bat biztanle zituen, geroz eta gutxiago, hemengo jendea bazihoalako. Etxe berriekin lortu genuen hemen geratzea, eta herri polit eta duin bat egiten saiatu ginen.
Eta aurrera begira?
Agintaldi berri honetan Errotatxo dugu proiektu garrantzitsuenen artean. Eraikina zaharberrituta dugu, eta orain erabilera eman nahi diogu. Horri begira lanean hasi gara, eta landa laborategi bat sortu dugu, Tabakalerarekin batera. Herritarrei aukera eman nahi zaie nahi dituzten gauzak egiteko. Adibidez, azkenaldian txorientzako kabiak egiteko eskulanak egin dira haurrekin, joskintza ikastaro bat ere eman dute…
Hori proiektuetako bat da, baina nire ustez zerbitzuak mantentzea ere inportantea da, medikuarena adibidez. Mediku badago hemen, baina pandemia garaian murrizketa egon zen, eta egunero egotetik astean hiru egunetan egoten da orain. Hori nahi da mantendu, eta gehiagora jo. Erizain zerbitzua ere badago, pandemia garaian sortuta. Bi zerbitzu oso inportanteak dira. Eta horiekin batera, baita ostatua ere, haurreskola, baserri bideak… Eta lehen aipatutako plan horretan beste asko daude jasota. Belaunaldien arteko harremanak sortzea ere garrantzitsua da, eta horri begira lanketa bat egin nahi dugu Eusko Ikaskuntzarekin, tailer batzuk antolatzeko asmoz…
Badituzue beraz, datozen lau urteetarako lanak. Eta hortik aurrera?
Gero, gerokoak. Nik urte asko daramatzat, eta indarrez nago, baina ikusiko dugu…
Egun hauetan festak ari zarete ospatzen herrian. Alkate bezala nola bizitzen dira herriko festak?
Lanean! Festazalea naiz, baina lan egitea ere tokatzen da. Aurretik, gauza asko antolatu behar direlako, nahiz eta hainbeste urteren poderioz inertziaz ateratzen diren asko. Biak uztartuko ditut, lana eta festa. Betiko ekintzak izango dira, musika, dantza, sagardoa… herrikoentzat eta kanpokoentzat.
Herri txiki batek festak baino gehiago eskainiko die kanpotarrei, ezta?
Gizarteari eskaintzeko asko dute herri txikiek, eta jendeak nahi du gainera horrelako inguruneetara, horrelako herrietara etortzea. Baina kanpotik datorrenak nahi du dena txukun aurkitzea, eta herrian ditugun baliabideak mugatuak dira… Hala ere, irekita egon behar gara beste leku batzuetako jendea hartzeko. Eta kanpotik datozenek ulertu behar dute atzean zer dagoen. Denok nahi ditugu horrelako tokiak, leku idilikotzat ditugulako… baina horrek lan bat dauka atzetik, eta ez dakit jendea konturatzen den horretaz, balioan jarri beharko lituzkete. Mutiloa bezalako herri txikiak garrantzitsuak dira, eta Gipuzkoan asko daude horrelakoak.
Gainera, hemen herri txikiekin ez da gertatzen ‘hustutako Espainian’ gertatzen den bezala. Landa inguru batean gaude, baina dena bertan daukagu, herri handiagoak, errepide nagusiak, ospitaleak, lantokia ere bai…
Zer moduz tratatzen dituzte herri txikiak goiko erakundeek?
Guk asko jotzen dugu gora, Goiekira, aldundira, Jaurlaritzara… eta batzuetan hobeto zainduak sentitzen gara, eta beste batzuetan ez hainbeste. Baina guk derrigorrean dugu beste erakundeetara jo beharra herria aurrera ateratzeko, diru laguntzak behar-beharrezkoak ditugu. Askotan jotzen ditugu goiko ateak, bai.
Alkate izateaz gain, zein da zure lanbidea?
Emun Aholkularitzan lan egiten dut, Arrasaten. Hor ere 1999an hasi nintzen. Euskararen alorrean hasi nintzen, kooperatibetako lan munduan. Antzuolako Matzerreka eta Goizperren egon nintzen, euskara planak garatzen, gero beste enpresa batzuetan. Emuneko ardura postuetan ere egon naiz, eta eskaintzen ditugun beste zerbitzuetan ere egin dut lana, parte hartze alorrean gai desberdinen inguruan, herrietan harrera planak egiten…
Lan oso desberdinak al dira?
Nik esango nuke udaleko lana eta Emuneko lana osagarriak direla. Emuneko lanak aukera eman dit gauza asko ikasteko eta udalean aplikatzeko, eta harremanak zabaltzeko. Eta alderantziz ere bai, azken finean udal batek ematen dizun ezagutza ere baliagarria izan daitekeelako beste lanerako. Biek elkar elikatzen dutela esango nuke.
Zertan lan egiten duzu orain?
Euskara plan batean nago, Fagor Elektronikan, eta udal batzuetan ere bai euskararen alorreko proiektuekin, Hezkuntza proiektu bat dinamizatzen ere ari naiz, herri bateko plan estrategikoa garatzen…
Euskararen alorren lan egin duzu eta egiten duzu. Nola ikusten duzu zuk?
Mutiloa arnasgune edo babesgune bat dela esan daiteke, nahiz eta ez garen Uemako kide. Euskarak pisu handia du, baina beste herrietan gertatzen dena gertatzen da, jende berria etorri da, batzuk badakite, beste batzuk ez… eta horrek eguneroko bizitzan badauka eragina. Euskararen ezagutzak gora egin du, baina erabilerak ez. Zailtasunak daude, eta kezkatzen nau gaiak, egia esan.
Alkatetza, Emun… zer gehiago egiten du Iñaki Ugaldek?
Tarte handirik ez zait gelditzen, baina lagunekin egotea eta asteburuetan bizitza soziala egitea gustatzen zait, gehiena Mutiloan bertan, nahiz eta kanpora joatea ere gustatzen zaidan. Irakurtzea ere asko gustatzen zaiit. Baratza eta landareak ere gustuko ditut, eta hori esango nuke dela nire zaletasun handiena.
Herriak egindako jaiak
San Pedro egunaren bueltan, herriko jai nagusietan dago murgilduta Mutiloa eta ekitaldiz beteriko asteburua dute aurretik herritarrek zein kanpotarrek. Iñaki Ugaldek herriko jai horietan aspaldian ateratako argazki zahar bat aukeratu du atal honetarako, dantzariak plazan dantzan erakusten dituena. «Mutiloako festak dira, nik ezagutu ez ditudanak, baina etxean asko entzun dut haietaz. Garai batean, antza denez, Mutiloan bazen dantza talde bat, eta talde horretan ikusten diren dantzariak ezagutzen ez baditut ere, izan daiteke nire osaba-izeba batzuk egotea. Gaur egun 80 urtetik gora dituzte, beraz, aspaldikoa da, bai, eta horrexegatik aukeratu dut». Garai hartan, 36ko gerra ondoren Mutiloan zegoen botikarioak edo praktikanteak martxan jarritako dantza taldea omen zen.
Irudiari begiratuta, bestalde, herria asko aldatu dela ere antzematen da, «plaza bera nola dagoen ikusi besterik ez dago. Apaiz-etxearen aurrean dauden eskailerak ez zeuden, zorua lurrezkoa zen…».
Herriak izan duen aldaketa horren testigantza grafikoa emateko aukeratu du argazkia Ugaldek, baina baita «bertan sortutako festak zirelako ere, herritarrek egiten zituztelako festak». Dantzariez gain, plaza jendez gainezka ikusten da, «orduan orain baino biztanle gehiago izango zituen herriak», eta ematen duenez, gustuko zituzten festak, gaurkoek bezala.
Ugaldek berak ere gustuko ditu festak, festazalea delako, baina udalean duen karguak lana ere eskatzen dio egun hauetan. Baina ez dago arazorik: «Biak uztartuko ditugu, lana eta festa».