Aitor Artza • Musika zalea
Ez dakit zilegi ote den beste batzuen artean senitartekoen jarduna goraipatzea baina jada altura hauetan gauza hauek bost axola didate. Brigada Criminal taldearekin natorkizue oraingoan.
Lagunartean, etxean, kalean, lokaletan….elkarlanean bizi izan genuen beraien bilakaera eta horrela izan da beraien bideak nolabaitean banandu zirenetik ere. Nolabaitean diot zeren taldeak bere azken kontzertua 2006ko urrian eman zuen baina harrezkero ere, beraien bihotzek batera jarraitzen dute.
Lazkaon, Ioseba eta Iker Artza anaiek, Aritz Artolarekin Fist Fucking eta Los Rockinsonen eman zituzten elkarrekin punk eta rockaren inguruko lehen pausoak, latzak gainera ere eta talde berria osatzean, Bergaratik Aitor Aldanondo elkartu zitzaien, balantza modu perfektuan orekatzeko falta zuten magia eta jarrera pusketa perfektua.
Iosebaren hc punk eragin eta jotzeko modu indartsuari Ikerren punk ingelesakiko miresmena baxuan isladatuta elkartzen zitzaion, erritmo base indartsua sortuaz. Aldanondoren gitarra jotzeko moduak Social Distortionen antzerako ukituz janzten zuen musika eta Aritzek ez du parekorik ahotsetan. Euskal Herrian egon den kanta idazlerik onenetarikoa da eta izan da, esku bakarrez kontatzeko modukoak ditu pareko. Hala azaldu du urteetan zehar eta egon den talde guztietan. Hitzez gain, tonua nola hitzak musikarekin lotzeko duen abilezia eta taula gaineko jarreran, inork gutxik gainditzen du gure Artola.
2002an atera zuten lehen maketa-diskoa, ondoren GOR argitaletxeak ondorengo formatu erdi eta luzeko beste bi diskoak. Singleak eta abar, ereserki pila ederra eman zuten argitara. Oraintsu, master eta lan guztien jabe egin dira eta plataforma digitaletara igo dute beraien lan guztia.
DOA, Sham 69, Stiff Little Fingers, RIP, aurretik aipatu Social Distortion, UK Subs, Cirkle Jerks, Cockney Rejects, Thin Lizzy eta abar luze baten eragina kokteleran sartu eta euskal herritarren artean bizirik dirauten abesti ikaragarriak sortzeko gai izan ziren, eta hala erakutsi zuten berriki Bergaran izandako Ekinez Jaialdian. Milaka pertsona kanta bat bestearen atzetik elkarrekin abesten. Hilezkorrak direla erakutsi ziguten. Bigarrenez jo dute taldea nolabaitean desegin zenetik, Larragan izan zen aurrekoa eta oraingoan ere, Amaiur Espartza (Rotten XIII eta Odolkian Ordainetan) izan dute gitarra jotzaile, taldekide jada.
Nahi izan dutena nahi izan duten modura egin izan dute beti, inork ez ditu berera moldatu ahal izan eta horrek eman die ere urteetan irautea eta horrenbeste maitatuak izatea.
Gutako askoren bizietako musika banda izan dira, eta oraindik direlako, izango dira hilezkorrak bizi garen artean.