Norbanakoen eta gizartearen ongizatea lortzeko tresnak ematea du ogibide Amaia Aierbe Zurutuzak (Ataun San Gregorio, 1972). Nutrizionista da formakuntzaz; giza elikadura eta dietetika, nekazal ingeriaritza teknikoa eta Elikadura eta Osasuna Masterra ikasketak eginak ditu. Orain Orekan proiektuan jarri ditu indarrak. «Denboran mantenduko genituzkeen ohiturak sortzea», aholkatu du.
Zergatik erabaki zenuen elikadura arloko ikasketak egitea?
Elikadurarena kasualitate bat izan zen. Nik geologia ikasi nahi nuen. Hirugarren mailan irakasle oso-oso on bat izan nuen, mendian harriak jasotzen ibiltzen nintzen… Garai hartan geologiari irtenbide gehiegirik ez zioten ikusten gurasoek eta azkenean dietetika ikasten bukatu nuen, pixka bat deskartez… Sortu berria zen karrera. Desilusio pixka bat ere eraman nuen erakutsi zigutenarekin eta borroka asko egin beharra zegoelako gure figura defendatzeko (orain ere bai, Osakidetzan ez dago nutrizionistarik) eta ikustarazteko zertarako garen baliagarri.
Garai hartako elikadurak eta oraingoak ez du zerikusirik izango. Besteak beste, etxean egindakoa jaten zen.
Orain kanpoan erositakoa. Jendeak ez du jakiten adibidez, azelgak nola prestatu. Perezea ematen digu askotan.
Sukaldatzeko ohitura galdu dugu. Eta elikadura osasuntsuaren eta iraunkorraren oinarri nagusietako bat planifikazioa da. Planifikatzen baduzu inprobisazio gutxiago dagoelako, planifikatzen bada jaki gutxiago botatzen delako…
Orain dela 3-4 urte, bide berriarekin hastea erabaki zenuen, Orekanekin.
Desgaste moduko batekin nenbilen, umeak ere koxkortzen joan ziren, eta ordura arte ausartu ez nintzen erabakiak hartzeko ausardia izan nuen. Ikasketak eguneratu nituen. Elikadura arloko kontuak jarraitzen nituen baina ez da berdina, gauzak asko aldatu dira nik ikasi nituenetik. Erabakia hartuta neukanean pandemia etorri zen. Oso-oso gaizki pasatu nuen. Goiekira joan nintzen, eta hor hasi nintzen bidea egiten.
Beasaingo Anezka ekintzaileen gunean duzu bulegoa. Zer da Orekan?
Elikadura eta osasun heziketa kontziente eta iraunkorra da Orekan. Garbi neukan, bide laguntza pertsonalarekin batera, komunitate mailako proiektuak jorratu nahi nituela.
Kontzientearekin zer esan nahi duzu?
Kontziente izatetik laguntzen dudala izan arazo, izan ohitura aldaketa horretan.
Eta iraunkorrarekin?
Aldatu nahi ditugun ohiturak denboran iraungo dutenak izan behar dutelako. Iraunkorra beste zentzu batean ere bai: elikadura osasuntsua iraunkortasunaren zentzu zabalenean lotuta ikusten dudalako. Hori oso lotuta doa naturarekin, naturaren parte garelako; pentsatzen dugun baino baliabide gehiago eskaintzen dizkigu naturak gure ongizaterako. Bakoitzak bere oreka bilatu behar du; batentzat onuragarria dena bestearentzat agian ez da.
Proiektu komunitarioak bultzatzea ere baduzu erronka.
Osasuna ez du bakarrik egiten jaten dugunak eta ariketa fisikoak, beste gauza batzuk ere badaude. Jende asko bakarrik bizi da adibidez… Gizarte mailatik asko egin dezakegu bakoitzak bere esparrutik, zaurgarritasun handian bizi den jende asko dagoelako. Adinekoak, pobrezia egoeran daudenak, etorkinak…
Biziola gizarte mailako proiektua da.
Bai, bazkide aktiboa naiz. Lan talde desberdinetan ibili naiz. Ataungo Otsotarrak taldekoa naiz, elikadura kontzienteko 9-10 familiak osatzen dugun elkarte bat da Otsotarrak. Hortik hasi ginen eta ametsa zen gure proiektutxoa Ataundik eskualde mailara zabaltzea. Biziolak bai eman du aukera hori. Hor ari gara era pertsonalean eta proiekturen batean ere bai, Legorretan. Komunitateko beste proiektu batzuk ere baditut, asko gustatzen zaizkit gainera.
Bide laguntza pertsonalean zertan egiten duzu lanik gehien?
Bizitzako etapa desberdinak, patologia desberdinak… Bereziki lan egiten dut elikadura emozionalean, digestio aparatuan, nutrizioa eta kirolean….
Emozionalki gaizki gaudenean txokolatea jatea ohikoa izaten da.
Pertsona baten jateko moduak asko esan nahi du, pertsona horren egoeraz, edo barruko etxeaz. Elikadurak momentu txar askotan lasaitzeko balio du, eta ez da txarra. Kontua da beti lasaigarri modura erabiltzen badugu, desorekak sor daitezkeela. Ez beti patologiak, baina bai erlazio horretan sortu daitezkeen desorekak.
Nutrizionistaren lana argaltzeko dietarekin ez al da lotzen askotan?
Bai, baina dieta hitzak bizi ohiturak esan nahi du, eta horretan eragin nahi izaten dut. Pertsona bakoitzaren beharren arabera, hobetzen, aldatzen…. horretan bide laguntza eskaintzen dut, bakoitzak behar duenetik.
Bide laguntza pertsonalean ze aholku ematen duzu?
Gure barne begirada bat egitearena, onarpenetik eta ez juiziotik, kulpatik asko dagoelako…Gu maitatzetik ere etorri behar du zaintzak, eta ez gu zigortzetik. Ez dira elikadura ohiturak aztertu behar bakarrik: nola lo egiten dudan, zein jarduera fisiko egiten dudan, nola nagoen emozionalki… Barne begirada bat egin eta kontzienteki, txikitatik ditugun gose, asetze eta sentsazio horiekin konektatzea oso garrantzitsua da. Elikadura kontzienteak horretan asko laguntzen du. Nik beti esaten dut jaten gozatu egin behar dugula, zentzu guztietan. Gure bizitzan beti egon behar dute afariek. Tarteka pastel bat ere jango dut. Bizitza hori ere bada.
Gero eta denbora gutxiago hartzen da jateko eta janaria prestatzeko…
Ez diogu garrantzirik ematen elikadurari. Beste gauza batzuei balioa ematen diegu (kirola egiteari, bidaiatzeari….), eta elikadurari ez hainbeste. Kirola eta bizitza aktiboa bezalaxe, sozializatzea eta lo ondo egitea, ongizatearen pilare nagusiak dira. Askotan ikusten dut ez dela balioan jartzen. Ti-tako gauza bat da jatea, nolabait egiten dugu, ez dakigu kozinatzen… eta hortik arazoak etorriko dira. Aurrez prestatutako janak denok erosten ditugu noizbehinka baina gatza, gantz… gehiago dute. Arazoak ikusten ari dira eta etorriko dira. Ez helduetan bakarrik, gaztetxoetan ere bai.
Obesitatea arazo bihurtzen ari da.
Kezkagarria da. Aktuazio batzuk egin dira baina okerragora joan da. Arazo bat da oraingoa, baina gero ekarriko dituenak gehiago; gaztetako gizentasun batzuk arrisku izango dira helduaroan.
Kontzientziatze lan hori nola egin?
Erremintak bilatu behar dira. Jendeari hitza eman, entzun… Motibazioa piztu. Bide hori da gehiena gustatzen zaidana, baina egia da ez dagoela erraza. Ez zait asko gustatzen beldurra hitza erabiltzea, baina formulak bilatu behar dira kontzientzia hori pizteko.
Zaintzen hasi bai, baina lehenera itzultzea ohikoa izaten da sarri.
Ohiturak denbora luzeko bihurtu behar ditugu. Pisua alde batera utzi, eta osasun ikuspuntutik ondo sentitzea da garrantzitsua. Motibazioa, eta kontzientzia piztea dira nire kontsultan eta tailerretan lanik zailenak. Jendeak dituen arazoetatik ateratzeko estrategiak lantzea, pauso txikiak, baina denboran iraungo dutenak ematea. Egiten diren aldaketak iraunkorrak izan daitezela, onurak irauteko. Hobekuntza bat izaten denean, bizi kalitatea hobetzen da.
Elikaduran mito oker asko dago.
Bai. Sare sozialetan informazio ez oso kontrastatuta zabaltzen da, zientifikoki oso probatuta ez dauden gauza asko esaten dira. Moda kontu asko dago, sinesmen kontu asko ere bai. Nire lanean saiatzen naiz egunean egoten, eta ebidentzia maila bat daukaten irizpideetan oinarritzen, bakoitzaren balioak eta sinismenak onartuta. Pertsona batentzat esnea kaltegarria izan daiteke, arazo zehatz bat daukalako laktosa digeritzerakoan, baina ez dauka zertan denentzat txarra izan beharrik. Asko orokortzen da.
Gero eta begano gehiago dago.
Bereziki gazteetan badago kontzientzi bat, iraunkortasunari lotuta. Posible da elikadura belarjale, flexibegetariano edo beganoa jarraitzea. Baina hori ere orekatua izan behar da. Planifikatu egin behar da, jakinda gabezia batzuk izango dituzula eta adin tartearen arabera, gehigarri batzuk hartu beharko dira. Planifikazioarekin posible da, ikasi egin behar da orekatzen. Etxean ere jakinarazi egin behar da, oso dieta monotonoarekin eta gabeziaz betetakoarekin bukatu dezakezulako. Kozinatzea gustatu behar zaizu pixka bat. Hala ere, kontuz ere ibili behar da, beganismoa batzuetan elikadurarekin lotutako beste trastorno batzuen ondorioa delako.
Jatea gozamena izan behar duela aldarrikatzen duzu.
Bai. Elikadura zubi bezala ikusten dut. Zentzuetatik hasita, bihotzetik gozatzea familiako bazkari batean gaudenean, momentu tristeak eta pozgarriak janaren bueltan egiten ditugu. Janez disfrutatu behar dugu.
Egunero zer jan beharko genuke?
Beti jan beharko genituzke barazkiak, proteina eta karbohidratoak. Plater nagusia barazkia izan behar da, koloretako barazkiak; egunean barazki bat ahal dela gordina. Gertukoak eta garaikoak, eta ekologikoak badira hobe. Karbohidratoak ezin ditugu ahaztu; pasta, arroza, patata, artoa, ogia… Eta azkenik, proteina: animalia jatorrikoa (arrautza, arraina, txerrikia, txekor haragia…) edo landare jatorrikoa (lentejak, babarrunak, garbantzuak…). Oliba olioa, fruta, esnekiak eta fruta lehorrak ere ezin dira falta, eta konpainia ona ere ez.
Otorduak ere, hobe lagunduta.
Bai. Osasuna kentzen duen beste faktore bat bakardadea da, alkohola eta tabakoa izan daitezkeen bezala. Hori ekiditeko, adibidez, elkarrekin bazkaldu dezakete bakarrik bizi direnek. Legorretan esperientzia polita daukagu, oso aberasgarria da. Sare horiek sortzera joan behar dugu elkar zaintzeko.
Mugitzea ere ezinbestekoa da.
Bizitza aktiboagoa edukitzea garrantzitsua da. Paseatu bakarrik ez, beste ariketa batzuk ere egin behar dira giharrak indartzeko, oreka ona mantentzeko… Hezurdura on bat edukitzeko muskulatura ona eduki behar da. Erorketa bat ekidin daiteke muskulatura sendo bat edukiz gero. Emakumeetan adinarekin aldaketa batzuk ematen dira, eta masa eta potentzia muskularra galtzen dira. Lagunartean paseatu daiteke. Jende asko bakarrik dago baina programa bereziak daude… Hori sustatu behar dugu, garrantzitsua da ongizatea lortzeko.
Egin beharreko gutxieneko jarduera zenbatekoa litzateke?
Ariketa kardiobaskularra 150 minutu astean, eta astean bitan indarra eta orekako ariketak. Helburu eta erronka txikiak jarri behar ditugu, bakoitza dagoen tokitik abiatuta. Guretzat denbora hartu behar da auto zaintzarako, gure arima elikatzeko.
Ongizatea naturarekin lotuta
Etxean, harri batean jarrita daukan argazkia oso kuttuna du Amaia Aierbek, natura eta familia –bikotea falta da– uztartzen dituen argazkia baita, bere bizitzaren isla. «Txiki-txikitatik, familiatik, bizi izan dut mendizaletasuna eta natura zaletasuna. Uste dut guk ere har hori itsatsi diegula seme-alabei. Nire ongizatea eta nire hurbileko ongizatea lotuta ikusten ditut naturarekin». Izan ere, ataundarraren ustez, «naturak gaitasun lasaigarria dauka. Beste uhin batzuk sortzen ditu gure buruan. Asko gomendatzen dut naturaz baliatzea».
Nahiz eta elikadura arloa ikastea «kontzienteki hartutako erabakia» ez izan, nutrizionista da formakuntzaz. «Giza elikadura eta dietetika ikasi nituen. Lanean ibili nintzen pixka bat arlo horretan, baina ikasten jarraitu nuen eta nekazal ingeniaritza teknikoa ikasi nuen». 47-48 urte zituela, bere bizitza aldatu eta Orekan proiektuaren bidea hasi zuen. Ongizatea «orokorrean» lantzen du Orekan proiektuan.
Jatea du gustuko, konpainia onak lagunduta. Elikadura kontzientea aldarrikatzen du: «Jaten denari denbora bat, balio bat ematea. Koloreak nahastu, testurak nahastu… zer behar dudan entzun…. patxadan jan, poliki jan, goxo prestatu… Kontzienteki erabakiak hartzea».
Uda garaiko gustuko menua aukeratzerakoan ez du zalantzarik egin: «Entsalada koloretsu bat, bertako gazta zati eta fruta lehor batzuekin. Entsalada hori plater bakar izan daiteke garbantzu (landare proteina) hotz batzuekin nahastuta. Bestela bigarrenerako, garaiko arraintxo bat, hegaluzea izan daiteke. Postrean, fruta zalea naiz, baina jogurt goxo bat izan daiteke. Eta jakina, konpainia ona».