Izaskun Salazar Apaolaza • Beasain
Neska gazte kuadrila Garingo Erloeta baserrian ikus daiteke 1987ko argazki honetan. Beasaingo auzora San Sebastian festak ospatzera gustura asko igo eta asteburu ahaztezinak izaten ziren garai hartakoak.
Kuadrilan dozena pasa lagun bagara ere, denak ez ginen urte hartan festetara joan, baina denak pasa gara gure lagun taldekoak diren Loinaz eta Bakarneren familien baserritik noizbait. Erloeta, hiru Garingo familien bizileku izandako baserri zoragarria. Loiartetarren, Mujikatarren eta Asurabarrenatarren baserria guretzat Garingo festetako aterpetxea izaten zen.
Gure lehen parranda curriculumean jasotzen dugun irteeratako bat izan zen Garingo festetakoa. Hamalau urte inguruko gaztetxoak ginen. Garai hartan Muñogain auzo elkarteak antolatutako trikiti saiora areto erdia betetzeko adina jende besterik ez zen inguratzen.
A zer nolako poza gazte kuadrilla bat bertaratu eta erromerian etengabe dantzan gogoz jarduteko asmoa generamala ikusten zutenean. Festetara joatea hasieran guregandik sortutako plana izan bazen ere, ez dago esan beharrik ondorengo urteetan gonbidapena jasotzen genuela bertaratzeko.
Jose Luis Etxeberriak, Xaprek, eta Joxe Antonio Irastortzak, Furrielak, astintzen zituzten trikiti eta panderoaren erritmora orduak ematen genituen. Bikotea Zaldibian topatzen genuenean ere, begirunez elkar agurtzen ginen.
Garingo festetara igotzen ginen beasaindar kalekumeak ginen, baina ziztu batean parrandazaleak eta erromeri zaleak bilakatu ginen. Halaxe hasi ginen Goierrin herriz herri oinak astintzen.
Garraxi eta algaren oihartzuna
Garinen behin dantza saioa bukatu eta erdigunetik Erloetaruntz oinez abiatzen ginen. Bertan botatako garraxi eta algaren oihartzuna Murumendiko Marik bere kobazulotik entzunda festara jaisteko gogoz utziko zuen seguruenik. Xagu xaharrak eta piztiak errepide inguruko basoa bizileku izanik, gure builosa kuadrillak aztoratu besterik ez zituen egiten.
Azkenean kilometro bateko ibilbidea algaren artean egin eta Erloetako Loiartetarren eskilara ondoan prest utzitako zakuetan sartzen ginen, baina ez pentsa lo egiteko gogoa genuenik. Bertan farrak eta algarak jarraitzen zuten, baita ondorengo egunetan asteburuko bizipen guztiak gogoratzen genituenean ere.
Malenkoniaz oroitzen dugu
Oraindik malenkoniaz oroitzen dugun gure bizitzako pasarte eta aspaldiko ohitura hau berreskuratzea izango da gure hurrengo pausoa. Gora Garingo San Sebastianak!